Bermeoko XIX. Arrain Azokea maiatzaren 24tik 26ra egingo da
2013-05-17 11:06Gaztelugatxeko San Juanen ur azpian dagoan Begoñako birjinearen irudiaren 50. urteurrena da aurten, eta hari buruzko argazki erakusketa bat egongo da, Cevasek antolatuta, Nestor Basterretxea aretoan.
Sasoian sasoiko produktuak izenburuagaz, sasoiko arrainak jateak dauen garrantzia azpimarratu dau Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azokearen aurkezpenean. 'Sasoiko arrainak jatearen abantailak asko dira, osasunerako ez eze, arrainen bizitza zikloa jagoten da eta euskal kostaldeko arrantzaleen onurarako be bada. Sasoiko arraina konserbetan ere jan daiteke, gure kontserba enpresa gehienak arraina sasoian erosten dabelako eta aitatutako onura guztiak lortzen laguntzen dabelako, azpimarratu dau Bidegurenek. Esangura horretan, Bermeoko Arrain Azokea gure konserba-industriaren erakusleiho aparta dala adierazi dau.
Bidegurenegaz batera egon dira aurkezpenean Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Alberto Madariaga BBK-ko eskualdeko zuzendaria, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Turismo zinegotzia, Antonio Barrena El Correoko Jarduera eta Laguntza zuzendaria eta kontserba enpresetako ordezkariak.
Bermeok Euskadi mailan kontserba industria gehien dauen herria dala nabarmendu dau Bidegurenek, eta Bermeoko Arrain Azokea mota honetako azoketan erreferentea izateko Udalak eta konserberek alkarregaz lanean dabilzala esan dau. Arrain Azokea garrantzitsua da gure herriaren etorkizunerako eta bere profesionalizazinoaren aldeko apustua egiten dogu, gaineratu dau.
Era berean, krisialdiagaitik, enpresek bizi daben egoera baltzagaz Bermeoko Udalak bat egiten dauela adierazo dau. Bere esanetan, Bermeoko konserba industria sendotu behar dogu eta horretarako beharrezkoa da bere lehiakortasunaren aldeko pausuak emotea eta horretan gabilz beharrean. Holan, Bidegurenek gogoratu dau Bermeoko Udalak eta herriko konserba enpresek euren irudia izango dan logotipo lehiaketea antolatu dauela. Lehiaketearen irabazlea Arrain Azokan bertan ezagutarazoko da.
20 erakustoki
Aurtengo Arrain Azokan 20 erakustoki egongo dira. Enpresek eta erakundeek beren produktuak eskainiko ditue bisitariek probau eta erosi ahal izateko, eta horrezaz gan, arrantza mundua erakutsiko dabe.
Azokearen profesionalizazinoaren aldeko apustuan, maiatzaren 24an, goizean, AZTIren eskutik, Tendencias globales para innovaciones locales: ideas inspiradas para el sector pesquero en Euskadi berbaldia izango da, eta Jose Maria Ferarios AZTI-Tecnaliako Arrantza eta Itsas Teknologia Saileko teknikariaren Dakarreko kanpainak liburua aurkeztuko da.
Ekimen barriak be egongo dira, adibidez, maiatzaren 25ean argazki rallya eta Latie emongotsut izeneko Bermeoko konserba enpresen inkesta-jolasa egingo dira. Ekimen honetan, eguerdiko 12:00etan txosna inguruan bisitariei konserba bat proponidu eta burura jatorkezan hiru berba esateko eskatuko, konserba eta Bermegaz lotutakoak. Ondoren, konserba lata bat erregalauko jake eta holan bertatiik bertara egiaztatu ahal izango dabe Bermeoko konserben kalidadea eta laten praktikotasuna.
Era berean, arrain salmentaren simulazinoak be izango dira Bermeon eta konserba enpresek egingo dituen bokartaren tratamendua eta ezaugarriak ezagutzeko erakusketea eta urtero egiten dan pintxo lehiaketea be ezin ahaztu.
Beste alde batetik, Gaztelugatxeko San Juanen ur azpian dagoan Begoñako birjinearen irudiaren 50. urteurrena da aurten, eta hari buruzko argazki erakusketa bat egongo da, Cevasek antolatuta, Nestor Basterretxea aretoan.
Itsasoko kulturea zabaldu guran, gune didaktikoan etxeko txikienei zuzendutako ekimenak eta marrazki lehiaketea egingo dira, eta urtero lez, Urpeko Zinearen Zikloa egingo da Nestor Basterretxea aretoan; Galerna ekaitz ezezaguna dokumentala be proiektauko dabe.
Sutea
Bermeoko konserba enpresek joan dan apirilaren 11n Bermeoko Alde Zaharreko sutean kaltetukoei laguntzinoa eskaini nahi izan deutse, eta holan, Arrain Azokan konserbaz osotutako sorta solidarioak salduko ditue.
Erakustokiak maiatzaren 24ko goizeko 11:00etatik aurrera bisitau ahal izango dira, baina hasiera ofiziala arratsaldeko 13:00etan izango da. Egun horretan Hegaluze saria be emongo da; Bermeoko herriaren izena, euskal kantak eta kulturea zabaldu dabenei emoten jake.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!