Arrigorriagak 6.000 ikusletik gora batu ditu Nazinoarteko XVIII. Clown eta Pailazoen Jaialdian

Bizkaie! 2013-05-13 15:46   Kulturea

Arrigorriagako Nazinoarteko XVIII. Clown eta Pailazoen Jaialdiaren arrakastea hiru ardatzetan oinarritu da antolatzaileen esanetan: alde batetik, jaialdiko hiru egunetan eskainitako hamaika ekitaldietan 6.000 ikusletik gora batzea; bestalde, iragarritako proposamenen aldaerea eta, azkenik, partaide izan diran artisten maila handia.

Arrigorriagako Nazinoarteko XVIII. Clown eta Pailazoen Jaialdiaren arrakastea hiru ardatzetan oinarritu da antolatzaileen esanetan: alde batetik, jaialdiko hiru egunetan eskainitako hamaika ekitaldietan 6.000 ikusletik gora batzea; bestalde, iragarritako proposamenen aldaerea eta, azkenik, partaide izan diran artisten maila handia. Hiru egunetan zehar jaialdiari izena emoten deutsien clown eta pailazoen proposamenak ez eze zirku tekniketan eta antzerkian oinarritutako proposamen sorta ederragaz gozau ahal izan dabe.

Hiru egunetan zehar egitarau zabala izan da Udaletxe eta Juan XXIII. plazetan eta kiroldegian. Egitasmoaren zuzendaria dan Amagoia Garaizabalek bere poza adierazo dau: igaz beste ikusle batzea lortu dogu, sei mila inguru bataz beste, nahiz eta egitarauan igaz baino lau ikuskizun gitxiago izan.

Antolatzaileentzat pozgarria da baita ikusleen aniztasuna, edadeari zein gustuei jagokonez. Halan da be, zapatuan eta domekan eskainitako azken ekitaldiek izan dabe ikusleen onespen handiena, hain zuen, D’Irque & Fien eta Circo Pitangak taularatutakoek. Lehenengoak antzeztutako, Carrouesel des moutons ikuskizuna, zirkuko trebezietan eta musikan oinarritutako sorkuntzea da eta Circo Pitangaren Rêves d’été, barriz, airean gauzatuta eta sokak zein oihalak erabiliz egindako lana. Euren ekitaldietara ikusle ugari erakartea lortu eben biek eta publikoak liluratuta agurtu zituan konpainia bietako artistak.

Aurten izan doguzan hainbat ikuskizun artista gazteek baina ibilbide luzea eta oparoa daben artistek aurkeztu ditue, Garaizabalen esanetan, nahiz eta atondutako agertokietan antzezle beteranoak eta ezagunagoak be azaldu diran.

Ekitaldiak iragarritako orduan hastea izan da Jaialdiak izan dauen beste ezaugarri bat, hain zuzen antzezle guztiei eskainitako txalo zaparradak dira ikusleen onarpena baloretako datu garrantzitsu bat Garaizabalen esanetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu