Mañariko Askondoko hatx-zuloan aztertutako hondarrak orain 25.000 urtekoak dira
2013-05-10 14:52Bizkaiko Foru Aldundiak gaur emon ditu ezagutzera Mañariko Askondoko hatx-zuloan egin dituan ikerketearen emoitzak. Arkeologoen talde batek pintautako hamar bat irudikapen figuratibo topau ditu eta, era berean, baita beste hogeita hamar bat hondar sakabanatu be (koloratzaileak, puntuak, mantxak, lerroak...); horreetako batzuek 25.000 urte ditue.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur emon ditu ezagutzera Mañariko Askondoko hatx-zuloan egin dituan ikerketearen emoitzak. Arkeologoen talde batek pintautako hamar bat irudikapen figuratibo topau ditu eta, era berean, baita beste hogeita hamar bat hondar sakabanatu be (koloratzaileak, puntuak, mantxak, lerroak...); horreetako batzuek 25.000 urte ditue.
2011. urtean, hatx-zuloan pintura batzuk topau zituen eta hasieratik jakin zan aukera asko egoala izaera sinbolikoko hormetako artea eta jarduera paleolitikoak topetako. Hatx-zuloa aztertu eban arkeologoen taldearen aurkikuntzearen ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak kobea zehatz aztertzeko egitarauari ekin eutson; azterlan horren barruan hormetako artearen prospekzinoa eta dokumentazinoa egin eta aztarnategiaren potentzial arkeologikoa ebaluau zan.
Kontuak kontu, egindako azterlanaren ondorioz, gorriz pintauta dagozan hamar bat irudikapen figuratibo topau dira -batez be zaldiak, baina baita esku antropomorfo bat be- eta baita beste hogeita hamar bat hondar sakabanatu be; gehienak sarrera aldean dagoz kokatuta eta hatx-zuloaren alde sakonean, sarreratik 150 metro ingurura, lerro gorrien hiru serie agertu dira. Horman sartuta egoan hazur bat be topau dabe; hazur horri datea jarri jakoo C-AMSren bidez: 23.800 urte. Horren arabera, multzo artistikorako aro grabetienseko datatze erlatiboa egin da. Azpimarratu egin behar da data hori oso garrantzitsua dala hain zaharrak izaten diran hatx-zulo dekoratuak pintura gorriz eta grabatuz egin ziralako, eta elementu horreei ezin izan jake zuzenean datarik jarri. Beraz, Askondoko horman sartuta egoan hazur hori Kantauriar erregioko elementurik garrantzitsuenetakoa da hormetako arte horri data jarteko.
Gizakiaren okupazinoa
Askondoko hatx-zuloan zundaketa guztietan dokumentau dan sekuentzia estratigrafikoak aukerea emon dau leiho kronologiko oso zabala edegiteko, benetan ezustekoak emon dituana aztarnategia suntsitu lez katalogauta egoalako.
Baina errealidadea erabat izan da bestelakoa: dokumentau diran mailak Erdi-Paleolitoan hasten dira, Kantaurialde osoan zaharrenetakoak diran datazino batzuekaz, Hasierako Goi-Paleolitoagaz jarraituz, lehen homo sapiensei jagokenez Bizkaian egon dagozan lekukotza urrietako bategaz, Solutrensekoakaz eta, azkenik, gizakien Brontze Aroko ehorzketakaz amaitu arte.
Gizakiaren okupazino fase horrekaz tartekatuta, hatx-zuloa azken leize-hartzeak desagertu aurretik okupau ebela dokumentau da.
Ondorioak
Leizea suntsituta egoala uste bazan be, Bizkaiko Paleolitikoko hirugarren multzo artistiko bihurtu da -Santimamiñe eta Arenazaren ostean- eta, aldi berean, oso interesgarria dan aztarnategi arkeologikoa dauka. Hori ez eze, argi adierazo behar da prozesua azken urteotan, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, garatu dan jarduera arkeologikoaren emoitza eta adibide nagusia dala.
- Horma arte paleolitikoa: Danetara, 38 figura identifikau dira, gehienak pintauta; horreen artean dozena bat zaldi eta esku bat nabarmentzen dira.
- Gizakien okupazinoa: Hartzak eta gizakiak sarri izan ziran leizean 60.000 urtez, txandaka. Orain 60.000 urte neanderthalek leizea bisitau eben tarteka; harriz egindako zenbait erreminta itxi zituen bertan. Lehenengo homo sapiens gizakiak orain 31.000 urte inguru agertu ziran Askondon, eta, ondoren, artistek silex eta hazur materialez egindako zenbait erreminta itxi zituen margotutako panelen alboan.
Berreskuratutako 5836 animalia hondakin gehienak leize hartzenak dira. Horretako batzuk Europako azkenetakoak ziran, orain 25.000 urte ingurukoak, desagertu baino lehenagokoak.
Orain 3.300 urte Askondo hilobi leize moduan erabili zan hildakoak bertan ixteko, eta dozena bat giza hondakin konserbau dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Kobie aldizkariaren bidez, monografia baten jaso ditu ikerketaren emaitzak. Askondoko haitzuloa (Mañaria): Hormetako artea eta gizakiaren okupazioa Historiaurrean / La cueva de Askondo (Mañaria): Arte parietal y ocupación humana durante la Prehistoria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!