Leioako kaleak umorez ganezka, maiatzaren 16tik 19ra bitartean

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-05-08 15:18   Kulturea

Leioako kaleek umorez eta kale antzerkiz ganezka egingo dabe maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Bertoko zein kanpoko 53 konpainia hurreratuko dira Umore Azokara, eta danetara 120 emonaldi egingo ditue. Igaz lez, aurten be, 40.000 bat lagun batzeko amesa daukie antolatzaileek.

Leioako kaleek umorez eta kale antzerkiz ganezka egingo dabe maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Bertoko zein kanpoko 53 konpainia hurreratuko dira Umore Azokara, eta danetara 120 emonaldi egingo ditue. Igaz lez, aurten be, 40.000 bat lagun batzeko amesa daukie antolatzaileek.

Leioako Umore Azokako zuzendari Ana Lopezek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Sustatzeko zuzendari nagusi Miren Dobaranek eta Leioako alkate Mari Carmen Urbietak aurkeztu dabe Umore Azokearen 14. edizinoa.

Aurten, 300 proiektutik gora jaso ditu Umore Azokeak, horreetatik aukeraketea egin, eta 53 talderen lanak izango dira ikusgai Leioan. Danetariko proposamen artistikoak egongo dira aukeran, umorea eta kalea ardatz; antzerkia, jantzea, musikea, akrobaziak, zirkua, pinturea... Euskal Herria, Katalunia, Frantzia, Espainia, Polonia, Turkia, Herbehereak, Italia, Errumania eta beste leku batzuetako kaleko artistak batuko dira Leioan.

Programatzaileek, banatzaileek eta publikoak bat egingo dabe kalean. Hartu-emonak sortzea, eretxiak eta ideiak alkartrukatzea eta lanak erakustea gura dogu, azaldu dau Mari Carmen Urbietak. Arte eszenikoetako 150 profesional inguru hurreratuko dira, aukera parebakoa, beraz, artista eta konpainientzat.

Kaleko arteak sendotzeko abiatu zan Umore Azokea orain hamalau urte, Leioa erakusleiho bihurtzeko. Profesional eta konpainientzako topagunea izatea da gure helburua, eta batez be, obrak kontratetea, ganeratu dau Ana Lopezek.

54 ikuskizunetatik 13 estreinaldiak izango dirala nabarmendu dabe prentsaurrekoan. Euskal Herriko hamabi taldek parte hartuko dabe, eta zortzik Leioan estreinauko dabe lana. Gaupasa eta Nacho Vilar Producciones-ek Typical proposamen ibiltaria aurkeztuko dabe, eta Ipso Facto taldeak, + ke vecinos lan umoretsua. Aurreko urtean moduan, Trapu Zaharrak behar barria estreinetako aukeratu dau Leioa, Una hora guzurtiak bergizarteratzeko fundazino bitxi baten istorioa. Antzerkia, jantzea eta musikea buztartzen dituen Cachaba Teatrok eta Deabru Beltzakek , Viejos eta Drumbreak piezetan, hurranez hurran.

Ertza konpainiak uriko jantzan oinarritutako 4×4 aurkeztuko dau, desbardina izateko eslubidea aldarrikatzen dauan proposamena, eta Al Di Lák Purificación Run Run lana, erruaren markea albo batera ixteko gonbidapena. Zirkua eta musikea ditu osogai nagusi Tenderete-ek, Bapatean taldearen lan barriak.

Beste estreinaldi batzuk ikusteko aukerea be izango dogu Leioan: Dudú & Company-ren El Niu; Amalabak sortutako Tea for two; La Güasa Teatro Circoren Móbil; Tiritirantesen Cirqueamos Arritmados taldearen Menás a truá… con orgullo y dignidad; eta, La Mini Compagnieren Enivrez-vous.

Umore Azokeak 28 espazio eszeniko eukiko ditu edizino honetan, kale eta parkeak gehienak, eta horretatik hiru barriak dira egitarauan: Elexaldeko Errotea, Skate Park eta Pinasolo parkea.

Emonaldiez aparte, Umore Azokeak bestelako proposamenak eskainiko ditu, esaterako, Corrado Masaciren Igelak izeneko txotxongilo erakusketea, Kultur Leioan. Urtero lez, Umore Azoka Sariak emongo ditue. Aurten epaimahaiko kideak Carmen Blasco, Filgi Claverie, Carlos Gil, Jordi Durán i Roldós, Fernando Pérez eta Juan Pablo Soler izango dira. Igaz, Gaitzerdi konpainiaren Suz eta La Passanteren Rue des dames izan ziran irabazleak.

Umore Azokeagaz bat eginez, Sarea Euskadiko Antzoki Sareak batzar nagusia egingo dau maiatzaren 16an eta ADDE Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak topaketea egingo dau, hilaren 17an. Ganera, kaleko arteen profesionalen hartu-emona bultzatzeko speed meeting edo hitzordu laburrak prestau ditue, 17an eta 18an, goizez.

Leioako Umore Azokako egitaraua, oso-osorik, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu