72 ordu Pekinen eta Guangzhoun

Zigor Aldama 2013-04-18 18:49   Bidaide

Labur baino ez bada be, hiru egunetan Txinako uriburuan eta Txinako manufaktura-industriagune handienean zer ikusi eta zer egin kontauko deutsuet.

Oraintsu kontau neutsuen Bidaide atal honetan, Shanghaik eta Pekinek bat egin eta aukerea emon dabela 45 nazinotako herritarrek, tartean Europako Batasunekoek, 72 orduko bisitaldia egin deien bisa beharrizanik barik. Kontua da ze Guangzhouk (Kanton) be bat egin dauela ekimenagaz eta urte amaieratik aurrera Guangzhoun be geldialditxua egin ahal izango da. Kontuak kontu, labur baino ez bada be, hiru egunetan Txinako uriburuan eta Txinako manufaktura-industriagune handienean zer ikusi eta zer egin kontauko deutsuet.


Pekin

Txinako uriburuaren lehengo eta oraingo megalomaniagaz lehiatzeko kapaz diren uriak oso gitxi dira. Uriaren mapeari begiradatxu bat emon eta oilo-ipurdia jarriko jatzue, erraldoien erreinuan inurri sentiduko zarie. Puntako orduetan uriko edozein kale nagusik upealako parking etxurea hartzen dau eta ez da egoten ez atzera ez aurrera egiterik. Anabasa edota kaosa etorriko jatzuez burura baina ondo zehaztutako plangintzeagaz gauza asko ikusi daitekez 72 orduko epean. Duda barik, egun oso bat Harresi Handia bisitetako erabiliko neuke, izan be, errefrauen bilduman sarri agiri danez, monumentu zoragarri hori bisitau ez dauenak ezin dau esan Txinan egon danik. Hori bai Badaling tartera ez joatea da nire gomendioa; hurren dagoana eta sarbide errazenekoa izan arren, turistez ganezka egoten da eta ez da egokiena inguruaren edertasunaz gozetako. Beraz, errepidean denpora apur bat gehiago emon, kilometro batzuk aurrerago joan eta Txinako sinboloa Mutianyu edo Simatai inguruan bisitetea da onena.

Bigarren egunean, goizean goizetik jagitea komenidu da. Uri Debekatura nahitaez joan behar da eta denporatxua beharko dozue enperadorearen egoitzan zaharrean eta ondoan dagoan Tiananmen plaza ospetsuan hara eta hona ibilteko. Hegoalderantz Qianmen atea eta turistak erakarteko eregitako oinezkoentzako kale bat topauko dozuez. Edozelan be, iparralderantz jo eta Nanluoguxian aldera joango nintzateke; paseorako leku atsegina da eta ganera hutong edo alde zaharreko kale estuak cool paradisu bihurtu dira eta makinatxu bat jatetxe, denda, artisautza denda eta bestelakoak dagoz. Nahikoa hur Houhaiko lakua dago, inguru ederra eta indarbarritzeko afaria egiteko leku aproposa. Eguna amaitzeko metroa hartu eta 2008ko Joku Olinpikoak egin ziran lekura joatea ideia ona da. Gauez Habia eta Ur Kuboa obra erraldoiak argiztatuta ikustea ederra da.

Bisarik bako azken ordu biak Udako Jauregian, Zeruaren Tenpluan eta Lamaren Tenpluan emotea da nire gomendioa. Sano desbardinak dira eta leoi eta gerrilariz jositako teilatu hegalakaz gogaituta bazagoze gustora pasauko dozue denporea aitatu eraikuntzak ikusten. Ganera, lehenengo biak parkez inguratuta dagoz eta desagertzeko zorian dagoan auzo bizitzaz gozetako aukerea izango dozue. Ohikoa izaten da persona nagusiak tai-chi egiten, aharrausika eta karta jokoan ikustea eta desagertzen eta gero eta urriago ikusten diran eszenak dira horreek egungo Txinan.


Guangzhou

Guangzhouko (Kanton) nazinoarteko aireportu Baiyunera heltzen diran bidaiariei erreparetea nahikoa izango da Txinako hirugarren uri garrantzitsuena oporretan joateko ohiko lekua ez dala jaubetzeko. Guangdong probintziako uriburua da, munduko fabrikearen manufaktura-industriagune handiena eta garrantzitsuena. Garapen bidean diran herrialdetako lagunen zein etorkizun oparoaren edota produktu merke-merkeen bila dabilzanen jomugea da. Duda barik, horreetako askorentzat aukera ona izango da bisarik bako 72 orduko baimen hori.

Edozelan be, Ozeania edota Asiako Hego Ekialdera bidean, China Southern konpainiagaz Guangzhoun geldialditxua egitea erabagiten dabenak ez dira damutuko, izan be, megalopolis hau gizarte eta kultur aniztasunaren ikur da inguratzen gaituan hormigoia ahaztu ezkero, ondo pasauko dozue. Perla ibaiko Shamian isla txikian prisarik bako paseoak merezidu dau Kantoneko lehenaldiaren gorabeherak ezagutzeko. Txinako uririk zoroenean be lasaitasunerako lekuak badagozala ikusiko dozue.

Beste alde batetik, uriko alde zaharrean tenplu, mezkita eta Jesusen Bihotza katedrala be bisitau daitekez, Txinako erreformen eta jarrera edegiagoaren erakusgarri. Nabarmena da nahikoa hur daukan Hong Kongen eragina eta bizileku-auzoetan be sartu-urtena egitea be ez da ideia txarra. Horreetako batzuk goitik beherako uriak dira britainiar kolonia ohiaren erlauntzen etxureagaz. Zur eta lur ixten zaitue etxe orratzok, boomaren eta burbuilaren arteko eztabaida sutsuan dagoan Txinaren isla, orekarik topetan ez dauen herrialdearen ispilu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu