'Uribe Kostako Bertsolaritza (1900-1980)' liburua, hizkuntza-ondarea berreskuratzeko beste pausu bat

Bizkaie! 2013-04-17 14:50   Bertsolaritzea

Geure hizkuntza-ondarea jaso eta zabaltzeko ahalegina da liburua. Bertan honako atal honeek topauko ditu irakurleak: datu historikoak, bertsolaritzearen presentzia Uribe Kostako herri kulturan, gerratetik 1980ra artekoa, ezaugarri teknikoak eta bederatzi bertsolariren biografiak, horreen artean, Asensio Bidaurrazaga Errotari getxotarrarena.

Uribe Kostako Bertsolaritza (1900-1980) liburuaren aurkezpena apirilaren 17an, eguaztenean, izango da, 19:00etan, Getxon, Areetako Elkartegian (Ogoño, 1). Bertan, protagonistetako batzuk, euren senideen eta parte hartzen daben udalerrietako ordezkari politikoakaz batera, liburuaren egile Fredi Paia bertsolari algortarra be izango da. Getxoko, Leioako eta Erandioko Udalek eta Uribe Kostako Mankomunidadeak bultzatuta, lana Fredi Paiak eta Labayru Ikastegiak egin dabe, Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Proiektuaren aurrekontua 29.900 eurokoa izan da eta Getxoko Udalak, biztanleen kopuruaren arabera, 15.249€ ipini ditu.

Liburuaren argitarapena aitatutako erakundeak 2005etik Uribe Kostako ondare etnolinguistikoa berreskuratzeko egiten dagozan lanaren beste pausu bat da. Orain arte, besteak beste, inguruko bizi-lagunei grabaketak egin jakez bertoko hizkuntzea gordeteko, eskola materiala atara da zentroetan landu ahal izateko, eta aurrerantzean bide horretatik segiduteko asmoa dago.

Liburua, beraz, gure hizkuntza-ondarea jaso eta zabaltzeko beste ahalegin bat da, ahozko tradizino zaharra gaur egungo herritarrei pasetako gogoa. Bertan honako atal honeek topauko ditu irakurleak: datu historikoak, bertsolaritzearen presentzia Uribe Kostako herri kulturan, gerratetik 1980ra artekoa, ezaugarri teknikoak eta bederatzi bertsolariren biografiak, horreen artean, Asensio Bidaurrazaga Errotari getxotarrarena.

Liburuak DVD bat dauka, lekukoek emondako barriak bertatik entzun ahal izateko, argazki askogaz osotuta.

Lan honetan iturri bibliografikoak urriak ezeze sakabanatuak dira, horregaitik jentearen lekukotasunak izan dira informazino-iturri nagusia.

Labayru Ikastegiko Herri Ondare sailak egin dau beharra, Uribe Kostako udalen (Erandio, Getxo, Leioa) eta Mankomunitatearen aginduz. Fredi Paiak egin ditu grabazino gehienak eta lehenengo idazketea, Akaitze Kamiruaga eta Adolfo Arejita be lanean parte dirala.

Liburuaren 2.500 ale kaleratuko dira eta horreetatik 650 Getxon geratuko dira. Liburu-dendetan erosi ahal izango da liburua, 15 euroan. Fredi Paia Kultur Etxeak antolatutako Liburu Egunaren egitarauren barruko liburuen sinadura ekitaldian izango da, hilaren 20an, zapatuan, 12:00etatik 14:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu