Amaia Apalauzaren 'Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2013-04-10 11:13   Euskerea berbagai

Amaia Apalauzaren Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa liburua aurkeztu dabe gaur Iruñean. Euskaltzaindia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako Mendaur bildumako 10. zenbakia da.

Amaia Apalauzaren Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa liburua aurkeztu dabe gaur Iruñean. Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako Mendaur bildumako 10. zenbakia da.

Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa izeneko lana, 2011n, Apalauzak aurkeztu eban doktore tesiaren emoitzea da. Lana euskal hizkuntzalaritzearen esparruan kokatzen da; dialektologian, zehatz esateko. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskerea batu eta aztertu dau: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu.

Apalauzak adierazo dauenez, hizkera horreek guztiak Euskal Herriaren erdigunean dagoz, eta dialektologian oso eremu interesgarriak izaten dira erdigunekoak, isoglosa eta hizkuntza-eragin anitzen alkargune izaten baitira. Nafarroako ipar-mendebaleko ibar horreek Iruñea eta Tolosa lotzen zituen bide zaharrean dagoz, eta kokagune horrek goitik behera baldintzatu dau herri horreetako bizimodua eta, jakina, baita hizkuntzea be. Horregaitik, euskera nafarraren zein Euskal Herriko erdialdeko euskerearen ezaugarriek Nafarroako ipar-mendebalean bat egiten dabe.

Lehenik eta behin, egileak lau ibarretako euskerea batu dau. 34 herritan ibili da, eta 138 persona alkarrizketatu ditu. Hizkuntzazko datuez gan, ibarren inguruko beste jakingarri batzuk be erabili ditu bere ikerketan, besteak beste, datu demografikoak, ekonomikoak, historikoak eta geografikoak.

Lanaren amaieran, Amaia Apalauzak Nafarroako ipar-mendebaleko eta, oro har, Nafarroa Garaiko euskerea sailkatzeko proposamen barri bat dakar. Haren eretxiz, batetik, nafarrerearen barruan kokatu beharrak dira Imotz, Basaburu Nagusia eta Larraungo hego-ekialdea. Zehatzago, nafarrerearen erdiguneko azpieuskalkian sartzen ditu Etxaleku-Gartzaron lerrotik ekialderako herriak, Ultzama aldeko hizkerakaz batera; lerro horretatik mendebalera (Albiasuraino), barriz, beste ezaugarri-konbinazino batzuk agiri dira, eta hizkera horreek nafarrerearen mendebaleko azpieuskalkian sartzea proponidu dau, Leitza eta Goizueta aldeko euskereagaz batera. Bestetik, Larraungo ipar-mendebaleko eta Araitz-Beteluko euskereak baditue mendebaleko azpieuskalki horren ezaugarriak, baina nafarrerearen ezaugarri batzuk falta ditue, eta, beraz, eremu hori nafarrerearen eta erdialdeko euskerearen arteko zubi-hizkeratzat hartu dau.

Oraindino be eremu nahikoa ezezaguna da euskal dialektologian eta nabarmena da Larraun eta Araitz-Betelu ia aztertu barik egon dirala orain arteko euskal dialektologiako lanetan. Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino da.


Euskaltzaindia eta Euskarabidearen arteko lankidetza hitzarmena

Gaur, 2013ko apirilaren 10ean, sinatu dabe 2013 urterako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dau eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gomez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak. Ekitaldia Iruñean izango da Euskarabidearen egoitzan.

Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Euskereari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 foru legean esaten da Euskaltzaindia dala erakunde aholku-emoile ofiziala Nafarroan euskerearen hizkuntza arauak ezartze aldera. Era berean, Foru lege horretan arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar dauen jarduerea, toponimia gaien gaineko txostenak emoteko erakundea dan aldetik.

Ondokoak dira 2013 urteko eginkizun nagusiak:

- Euskal Corpus Onomastikoa (ECO): Nafarroari jagokozan lanei jarraipena emotea.
- Onomastika eta Toponimia lanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu