Erakusketa Unibersal baten hilotza
2013-03-27 14:34 BidaideGaur egun bistea ondo zorroztu behar da izaki bizidunen bat ikusteko. Shanghaiko Erakusketa Unibersaleko esparrutik ibilteak penea emoten dau. Inoizko handiena, karuena eta jente gehien erakarriko ebana izateko sortu eben, baina gaur egun hilotzez beteta dago.
Shanghaiko Erakusketa Unibersaleko esparrutik ibilteak penea emoten dau. Txinaren pabilioiren ondoan dagoen metro geltokitik barritik urtekeran lehenengo gauzea ikusten doguna bizi faltea da. Honeetatik kaleetatik orain hiru urte 73 miloa bisitari ibili ziran gora eta behera.
Gaur egun bistea ondo zorroztu behar da izaki bizidunen bat ikusteko. Sei erraileko errepideetan lehenago ibilgailu elektrikoak ibili ziran leku berean, orain ez dago mobimenturik. Pelikuletan moduan, haizeak daroazan bedar-bolak besterik ez dira falta basamortuan gagozala sinisteko. Asfaltozko basamortua, jakina.
Hasiera baten sei hilerako besterik ez zan zabaldu, Erakusketa Unibersalak iraun eban denporea, hain zuzen be. Inoizko handiena, karuena eta jente gehien erakarriko ebana izateko sortu eben. Oraindino pabilioi batzuk tente dagoz. Nepalek eregi eban estupea, Katmandun dagoan Swayambhunath-en kopia, orain urre-koloreko burua daukan eskeletoa da. Herrialde europar batzuetako eraikinak zauriz beteta dagoz, kolore barik eguzkiaren eraginez.
Pudong zonaldeko hiru kilometro koadroko gune honetan zeozelango jarduerea sail gitxi batzutan batzen da, eta han be garabi piloa, eta fideoak jateko zarata itzela egiten daben beharginak besterik ez dagoz. Holan gatxa da asmetea noiz beteko diran Alderdi Komunistearen 12. Bosturteko Planaren helburuak. Planaren arabera, hau guneau Txinako finantza erdigune dan Shanghairen hazkunde ekonomikoaren motorra bihurtuko da. Artea, kulturea, merkataritzea eta teknologiaren ganeko azpiegiturakaz bete gura dabe, hain zuzen be.
Arte Museo barriaz gan, gitxi batzuk erabilten dira gaur egun: kontzertu handi batzuk antolatzen diran Mercedes-Benz Arena, 100 miloa euroko aurrekontua -inoizko karuena- izan eban Saudi Arabiako pabilioia, eta gobernuko bulegoz betetako altzairu eta beirazko beste etxetzar batzuk. Antza, ez dago mobimentu handirik, segurtasuneko beharginak zurrungaka egoten dira eta. Halanda be, inguru guztia hesiz beteta dago, inor ez daiten ganerako eraikinetara sartu.
Espainiako pabilioia be han dago. Zati eder bat egin behar da oinez Benedetta Tagliabueren otzara-ra ailegetako. Madril, Bartzelona eta Bilbok be parte hartu eben Erakusketan. Gobernu zentralak 72 miloa gastau zituan, Espainiaren irudia Txinan zabaldu eta sustatzeko. Eta lortu eban lortu be Isabel Coixetek sortutako Miguelín personaiari esker. Gaur egun be bisitariek ederto pasetan dabe beragaz.
Ideograma txinatarrak irudikatzen zituen landara-estalgi bihurgunetsuek eta ikuspegiaren arabera erakinari itxura desbardinak emoten eutsozan formek Erakusketako brontzezko dominea ekarri eutsen Espainiako guneari. Sariari esker Tagliabueren lana indultau egin eben. Espainiar kultur munduaren erreferente bihurtzekoa zan eraikina, Cervantes Instituaren egoitzea izango ete zan, espainiar enpresentzako bulego...
Kontua da orain urdindurak beteta dago, erdi ustelduta. Mihiminezko xaflak jausten dabilz, eta bedarra edonon dago. Eguzkiak estaldurea baltzitu dau, izan be sei hilerako egin eben, ez hiru urterako. Eta oraindino ez dabe pentsau zertarako erabili. Shanghaiko Konsuladuko iturrien arabera, negoziazinoak ondo doaz, baina ezin daiteke ezer zehaztu. Antza danez, inbersino handia behar eraikina berbiztuteko. Eta Espainiak ez dau txakur txiki bat bera be ipiniko Erakusketa Unibersalean beste hilotz bat egon ez daiten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!