Durangok martiaren 31ko bonbardaketea gogoratuko dau domekan
2013-03-27 11:47Domekan, martiak 31, Italiako Aviazione Legionariak Durangoko uria bonbardau ebela 76 urte beteko dira. 336 lagun hil ziran, eta ehunka zauritu. Aurten be orduan jazotakoa gogoratuko dabe Durangon hainbat ekitaldigaz, domekan hasi eta apirilaren 12ra arte.
Domekan, martiak 31, Italiako Aviazione Legionariak Durangoko uria bonbardau ebela 76 urte beteko dira. 336 lagun hil ziran, eta ehunka zauritu. Aurten be orduan jazotakoa gogoratuko dabe Durangon hainbat ekitaldigaz, domekan hasi eta apirilaren 12ra arte.
Franco eta Mola Jeneralek eta Errepublikearen kontra altxautako indarrek, Alemaniatik etorritako militarrekaz batera planifikau ostean, ailegau ziran Aviazione Legionariako hegazkinak. Erasoaren ondorioz 336 biztanletik gora hil ziran. Herriko eraikuntzetako kalteak konpontzeko hamarkadak behar izan zituen. Barruko zauri asko osatu barik segiduten dabe.
Lekukoen azken belaunaldiak desagertzen dabilz, eta oraindino sarraskia agindu eta burutu ebenek hitzik be ez dabe esan, gogoratu dau Gerediaga alkarteak. Guzur asko zabaldu zan munduan bonbardaketen egiletzeari buruz. Ordutik urte asko pasau arren, gauzak ez dira lar aldatu. Nahi dauenak egia eskura dauja gaur egun, baina isiltasuna dabe erantzun nagusi Madril, Berlin, Erroma eta Vatikanoko nagusiek.
Hareen isiltasunak beldurra emoten deuskunez, Kriskitin jantza taldeak eta Gerediaga alkarteak, Durangoko udalaren laguntzinoagaz, azken urteetako ohiturea jarraituz, Durangoko martiaren 31 gogoratuko dabe, barri pasau ez daiten.
Martiaren 31an, 12:30etan, oroimen ekitaldia egingo dabe Andra Mariko plazan. Bertan Durangoko bonbardaketan hildakoen oroimenezko plakan lora-txortea ipiniko jako. Ostean, Kriskitin taldeak aurresku bat eskainiko dau, oroimen idatzi bat irakurriko da. Xabier Amurizak eta Ander Ertzillak orain urte batzuk bonbardaketea dala-eta prestautako kantea abestuz amaituko da ekitaldia.
Domekatik aurrera, Durangoko Arte eta Historia Museoan Durango i Gernika Carmelo Ortiz de Elgearen margo bildumea izango da ikusgai. Aurtengo egitaraua apirilaren 12an amaituko da. Arrastiko zazpiretan, San Agustin kulturgunean Angel Viñas historiagileak Alemania e Italia y la Guerra Civil Española izenburuko berbaldia emongo dau.
Angel Viñas (Madril, 1941) Ekonomian doktorea da. Nazio Batuetan eta Europako Batasuneko diplomatiko ohia da, eta 36ko gerrea eta frankismo sasoiko historiagile ezaguna. Lan barrian Gernikako bonbardaketei buruz Herbert Southworth estatubatuarrak egindako ikerketak aztertu ditu. Alemanian oraintsu Durangoko bonbardaketeari buruz topetako dokumentu eta datu barriak ezagutzera emongo ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!