Bilbok bat egingo dau Antzerkiaren Mundu Egunagaz

Bizkaie! 2013-03-26 14:47   Kulturea

Bilbok Antzerkiaren Mundu Egunagaz bat egingo dau martiaren 27an eta 28an, Vamos a contar mentiras toda la vida komediaren estreinaldiagaz eta Pabilioi 6 aretoko eszenatokian (Erribera Kalea, 47) egingo dan antzezpen inprobisazino match berezi bategaz, guztia be, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoagaz.

Bilbok Antzerkiaren Mundu Egunagaz bat egingo dau martiaren 27an eta 28an, Vamos a contar mentiras toda la vida komediaren estreinaldiagaz eta Pabilioi 6 aretoko eszenatokian (Erribera Kalea, 47) egingo dan antzezpen inprobisazino match berezi bategaz, guztia be, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoagaz.

Martiaren 27ko jardunaldia, Antzerkiaren Mundu Eguneko Adierazpenaren Irakurketeagaz hasiko da eguerdian. Bilbon, The Funes Troup konpainiak irakurriko dau, Artekalek, Euskal Herriko kaleko arteen alkarteak, antolatutako ekitaldian. Adierazpena irakurri aurretik, konpainia horrek zirkuko bi ikuskizun ikusgarri eskainiko ditu, musikearen koreografiak eta umore ukituek lagunduta, bertaratutako ikus-entzule guztiek gozau deien.

Der Productionsek produzidutako Vamos a contar mentiras toda la vida lanaren protagonistak Galder Pérez eta Lander Otaola dira. Lehenengoak antzerki antzezle baten papela egiten dau, eta bigarrena, barriz, eszenatoki batera inoiz igon ez dan telebistako antzezlea izango da. Biak antzoki batean alkartzen dira, alkarren artean zer daben jakiten ahalegintzeko. Laster ikusiko dabe oinarrizko bi ezaugarrik alkartzen dituela: biek daben ego handia eta goi mailako ergelkeria. Antzezle bat eszenatoki batean… aurreikusi ezina da. Bi antzezle… are gehiago.

Lander Otaolak zineman eta telebistan egin dau lan batez be. Gernika bajo las bombas, El extraño anfitrión, La máquina de pintar nubes edo El precio de la libertad filmetan eta Vaya semanita telesailean egin dauen lana azpimarratu behar da. Antzerkian be ibili da, Reptiles sonrientes antzezlanean, besteak beste.

Galder Perezi jagokonez, antzerkian egiten dau lan batez be, antzezle, egile eta zuzendari moduan. Bere lanen artean, 8 begi, Mirande Kabareta edo Cocidito madrileño lako lanak dagoz eta, baita bere azken lana, Su Txikian antzerki dokumental politikoaren gidoia eta zuzendaritzea.

Kontuak kontu, Vamos a contar mentiras toda la vida Pabilioi 6 aretoan ikusi ahal izango da, eguaztenean, martiaren 27an (20:00etan). Sarrerearen prezioa 13 eurokoa da.


Inprobisazino match-a 2013

Antzerkiaren Mundu Egunaren barruan, Eguzki Zubiak lan egingo dau, Jamming konpainiako Paula Galimbertik zuzenduko dauen antzezpen inprobisazinoko match bitxian. Eszenatoki gaineko norgehiagoka horretan, bi antzezle talde lehiatuko dira, zenbait antzezpen probatan zein dan onena erakusteko. Ikus-entzuleek erabagiko dabe zein dan irabazlea.

Match-eko partaideak, 6 jokalariz osotutako 2 talde izango dira (gorriak eta berdeak). Partaideak, Paula Galimbertik, Cecilia Solagurenek lagunduta, eskainiko dauen tailerrean aukeratuko dira.

Sarrereagaz batera, ikus-entzule bakotxak bi zapi handi jasoko ditu, bakotxa talde baten kolorekoa. Botoa emoteko, inprobisazino bakotxean onena iruditu jakun taldearen kolorea dauen zapia jaso beharko da.

Eguzki Zubiaren eta Paula Galimbertiren proposamena inprobisazinoaren jaia da, eta antzezleei/jokalariei, ezusteari buruzko gatazkak sortzeko, inprobisazinoak funtziona daian lehiatzeko, konbidapena egiten jake, espontaneotasuna eta alkarren arteko konplizidadea bultzatuz.

Antzezpen match-aren aurretik, Bilboko antzezleentzat zabalik egongo dan prestakuntza tailerra egongo da. Ikastaro hori dobakoa da, eta Pabilioi 6ko instalazinoetan bertan egingo da, domekatik, martiaren 24tik, eguaztenera, hilaren 27ra bitartean, goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Ikuskizuna Pabilioi 6 aretoan izango da, eguenean, martiaren 28an (20:00etan). Sarrerearen prezioa 13 eurokoa da.


Antzerkiaren Mundu Eguneko egitaraua

- Martiak 27, 12:00etan, Antzerkiaren Mundu Eguneko Adierazpenaren Irakurketea, eta The Funes Groupek ikuskizuna Arriagako antzokiaren plazan.

Arratsaldeko 20:00retan, Pabilioi 6 aretoan, Vamos a contar mentiras toda la vida, Galder Pérez eta Lander Otaola protagonista dituan komedia. Prezioa: 13 euro.

- Martiak 28, 20:00retan, Inprobisazio Match-a 2013, antzezpen inprobisazino lehiaketea, Eguzki Zubiak gidatua eta Paula Galimbertik zuzendua. Hitzordua: Pabilioi 6 aretoan (Erribera Kalea, 47). Prezioa: 13 euro

Informazino gehiago: www.bad-bilbao.com

Sarrerak erosteko: http://pabellon6.org/reservas/

Inprobisazino match-ean parte hartzeko ondoko helbidera idatzi: info@pabellon6.org

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu