Rober Garay artisteak Arte Bruttoko arte-lan bat sortu dau, Basajaun izaki mitologian oinarritua

Bizkaie! 2013-03-22 11:54

Basajaunaren Ibilbidea naturgune pribatua da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen ikuspegi zoragarriak ditu. Sano berezia dan gune horretan Rober Garayk Basajauna (Bx4) arte-instalazinoa sortu dau, inguruan berak batu dituan askotariko landareak erabiliz. ArteBrutto Naturalis Begeto Mitikoak izeneko seriearen lehenengo piezea da.

Arte-lana Busturian dagoan Basajaunaren Ibilbidea izeneko egitasmo kultural eta turistiko barriaren ardatza da. Diziplizina anitzetako artistea dan Rober Garayk eta Urdaibai Onek, Kultura eta Aisialdirako Zerbitzuak Kooperatiba Alkarte Txikiak, ekimen barria abiatu dabe Urdaibain, kultura-turismoaren arloetan kokatua. Basajaunaren Ibilbidea (BI) dauka izena, Busturia udalerrian kokatua dago eta askoz arnasa luzeagoko proiektua dan Euskal Mitologiaren Ibibildea Busturialdean izeneko egitasmoaren barruan dago.

Izatez, Basajaunaren Ibilbidea naturgune pribatua da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen ikuspegi zoragarriak ditu, Izarotik Oizera. Berezietan berezia dan gune horretan Rober Garayk Basajauna (Bx4) sortu dau, inguruan berak batu dituan askotariko landareak erabiliz. ArteBrutto Naturalis Begeto Mitikoak izeneko seriearen lehenengo piezea da eta inguruetan badira beste hainbat irudi, txikitxuagoak, besteak beste, Numen harrapatua, Bihotzaren Kaiola eta Eukaliptus SkechBooks; horreez gan, hortxe dabilz jantzan Ireltxo batzuk be, hagin-sustraiez sortuak. Horreek guztiek talde berezia eratu dabe, Urdaibain hain presente dagoan euskal mitologiaren zeozelako interpretazino lekua izan nahi dauena.

Basajauna (Bx4) ez dator edonondik. Lianak, taketak, egurrak, enborrak, adaraxkak eta holako osogaietan gorpuztuz etorri da, sortzaileak osogaiok eukaliptu, sagarrondo, gurbitz, arte, pinu, urrets eta inguruko beste hainbat zuhaitz eta arbolatatik hartuta. Izan be, egitura osoaren euskarri sendoena mertxikondo bizi baten enborra da. Zinez esan leiteke gunearen eta irudien sorrera lekuan bertan lehendik be izan diran gaien berrantolaketa hutsa izan dala, hau da, betidanik hortxe egon dan izaki mitologiko hori agirira ekarri dauela artisteak.

Basajauna (Bx4) 4,30 metro luze, 2,80 handi eta, ukalondoen artean, 3.50 metro zabal da. Pisua 1.500 bat kilokoa da. Basajaunak zangoakaz huts-hutsik eusten deutso eta, horreetako bat mertxikondo bizia da. Bestela gorpuzkeraz dinamikoa da, sorburuan dituan zuhaitzen antzera; malgua, badaki eguraldi aldeketei eta urtaroen segidearen gorabeherei erantzuten. Basajaunaren patua deseginez joatea da, era organikoan deseginez hain zuzen, prozesu horren buruan ama izan dauen basora itzultzeko.

Irudia iparraldetik dator, mazelan gora, han atzean itsasoa eta Izaro ditualarik. Nork daki ez ete datorren Sugaar hari iges eginez; begien aurrean han urrunean Oiz eta Anboto ditu, hau da, Mariren ohiko egoitzak. Sugaar horrezaz landa, Urdaibaiko inguruotako leize, zulo, koba, erreka, osin eta holakoetan badira beste izaki batzuk, gure mundukoak erabat ez diranak.


Basajaunaren Ibilbidea

Basajaunaren Ibilbidea funtzino aniztun gune legez asmau eta taiututakoa da. Beraz, askotariko jardueren lekutzat hartzen dabe haren sortzaileek. Oraingoz hiru jarduera eskainiko dira, hirurak bisitaldi gidatuen erakoak:

- Rober Garayk berak gidaturiko bisitaldiak, lanaren nondik norakoak azaltzeko. Bisiten egutegia: Martian: 24an (18:00etan), 26an (12:00etan); 28an (12:00etan), 30an, (18:00etan) 31n (12:00etan). Prezioa: 10 euro. Taldeko gitxienezkoa: 10 lagun.

- Bisitaldi gidatuak Urdaibai On Kooperabitako kidea dan Edorta Jimenez idazlearen eskutik: Euskal Mitologiaren sustraiak Urdaibai / Busturialdearen ingurumarian. Egutegia:
Egunero, eguerdiko 12:00etan. Prezioa: 8 euro. Taldeko gitxienezkoa: 10.

- Ipuinkontalaritza eta perfomanceak BI gunearen inguruetan, Doroteo Zobaranen ahotik. Egunero, 19:30ean. Buruko 5 euro. Taldeko gitxienezkoa, 15.


Sortzaileak

Rober Garay sortzailearen adierazpide ezagunenak komikigintza eta ilustrazinoa badira be, izatez artista multimedia da. Azken urteotan uniberso barriak ikertzen dabil, besteak beste, landarezko eskulturea, petrohukismoa, LandArtea, arte basatia eta kriptozientzia.

Doroteo Zobaran antzezlea eta tresna aniztuneko musikaria da. Ipuin kontalari dihardu Sukarrietan (Bizkaia), BBKren Haur-Egoitzan, Arte Drama Euskal Laborategiko (ADEL) kidea da eta hamarkada bi ditu eginak Euskal Herrian barrena bere ikuskizunak eta perfomanceak plazarik plaza erakusten. Busturian bizi da eta bera da BI gunearen jaubea.

Edorta Jiménez euskal idazlea da eta 24 liburu ditu argitaraturik. Ia genero guztiak landu baditu be, akaso itsasoko gaien inguruko eleberriak dira gailenenak, horreek guztiak bertoko itsasoetan bizi izan diran jazoera historikoetan oinarrituak izanik. Hiru dira Rober Garayren marrazkiak dituen Edorta Jimenezen argitalpenak: Urdaibaiko Ipuin eta Kondairak (Alfaguara / Zubia), Arrano Zauritua eta Canterburyko Paperen Misterioa (Euskeraz Berbetan Taldea / Bermeoko Udala).


Inaugurazinoa

Basajaunaren Ibilbidearen inaugurazino-ekitaldia bihar, zapatua, martiak 23, izango da, 18:30ean. Domekan bertan jarriko da martxan bisita gidatuen zerbitzua. Erreserbak aurretiaz egitea gomendatzen da. Beste egun eta orduren batean egiteko aukerea badago, aurretiaz adostu ezkero.

Bisitaldiak adosteko : Iñaki Markuerkiaga: Tf : 626 859 477 urdaibaion@urdaibaion.com

www.urdaibaion.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu