Martina Ibaibarriaga gerrillari berriztarraren historia berreskuratzeko

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-03-19 14:48   Kulturea

Martina Ibaibarriagak Napoleonen tropen kontra burrukan egin eban, koronel gradua lortu, eta Wellington bera be harrituta itxi eban. Halanda be, personaia historiko guztiz ezezaguna da gerrillari berriztarra. Ascensión Badiolak haren irudia berreskuratu nahian idatzi dau Martina, guerrillera (Txertoa) nobelea.

Martina Ibaibarriagak Napoleonen tropen kontra burrukan egin eban, koronel gradua lortu, eta Wellington bera be harrituta itxi eban. Halanda be, personaia historiko guztiz ezezaguna da gerrillari berriztarra. Ascensión Badiolak haren irudia berreskuratu nahian idatzi dau Martina, guerrillera (Txertoa) nobelea. Abenturak, intrigea, maitasuna eta historia dira nobelearen osogaiak.

Martina Ibaibarriaga Berrizen jaio zan, 1788an. Frantsesak Bilbon sartu ziranean familia osoa urian bertan bizi zan. Aita botikaria eta nebea hil zituen Napoleonen soldaduek. Jazoera horrek bultzatu eban gerrillan sartzera. Hogei urte besterik ez zituan.

Frantsesen kontrako hainbat burrukatan parte hartu eban, Gasteizko bataila erabagigarrian bere bai. Gogor egin eban burrukan, hainbeste ze bere buruzagi zan Francisco de Longak Wellingtoni aurkeztu eutsanean, militar britainarrak ez eban sinistu ha soldadua emakumea zanik, azaldu dau Ascensión Badiola idazleak.

Gasteizko batailea sano garrantzitsua izan zan Napoleonek peninsulatik ospa egiteko. Leipzig eta Waterlooko batailak dira gaur egun ezagunagoak, baina bere sasoian Gasteizko garaipena Europa osora zabaldu zan. Europako ganerako herrialdeek orduan ikusi eben Napoleon ez zala menderaezina, Martin Anso editorearen esanetan. Beethooven musikagileak sinfonia bat eskaini eutson, Gasteizko batailea edo Wellingtonen garaipena. Bagilean beteko da batailearen bigarren mendeurrena.

Ez da bape erraza izan Martina Ibaibarriagaren bizitzearen barri topetea, apenas dago dokumentazinorik, Badiolak berak aurkezpenean autortu dauenez. Informazino gitxi-gitxi dago Martinari buruz. Artxibategi militarretan be ez dago ezer. Juanjo Sánchez Arreseigorren Vascos contra Napoleón eta José Pardo de Santayana y Gómez de Olearen Francisco de Longa. Historia de una guerrilla liburuak izan dira dokumentazino lanaren oinarria. Martinagaz batera burrukan egin ebenen historiak batuz osotu dau berea, puntuak lotuz eregi dot istorioa. Datu historikorik ez dagoan lekuan fikzinora jo dau egileak, tranpa horren guztien barri nobelearen amaieran, eta beren beregi sortutako blogean jaso ditu.

Personaia bitxia izan arren, jakin-mina biztuteko modukoa, inor gitxik ezagutzen dau Martina Ibaibariaga. Gerrea gizonen gauzea dala dino Badiolak, eta gerreari buruz idatzi be, oraintsu arte, gizonezkoek egin dabe. Martina ez zan izan gerra haretako emakumezko gerrillari bakarra, beste batzuk be izan ziran, Angel Telleria, Juan Ruiz eta Juana Ugarte, berbarako. Horreek be agiri dira liburuan. Gerrea behin amaituta, ezkondu eta Burgosko Oña herrira joan zan bizitera. Han hil zan 1849an.

Martitzen arrastian liburuaren jentaurreko aurkezpena egingo dau Ascension Badiolak Elkar aretoan (Poza Lizentziaduna 14), 19:00etan. Txertoako Martin Anso editorea be bertan izango da.

Ascension Badiola Ariztimuñok (Bilbo, 1961), aurkeztu barri dauenaz gan, beste nobela historiko bi ditu argitaratuta: La ría de los afrancesados eta La bala que mató al general. Ganera, Cárceles y campos de concentración en Bizkaia saiakerea kaleratu eban 2011n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu