'Basarri' bertsolariaren omenezko egitarau zabala antolatu dabe Zarautzen
2013-03-18 11:44 BertsolaritzeaIñaki Eizmendi Manterola Basarri-ren jaiotzearen mendeurrenean, kazetari eta ohorezko euskaltzaina izan zanaren omenezko egitarau zabala atondu dabe Zarautzen apiriletik zemendira bitartean. Zemendian egingo dabe ekitaldirik handiena, Basarriri buruzko erakusketea eta Basarritik Azken Portura jaialdia, hain zuzen be.
Iñaki Eizmendi Manterola Basarri-ren jaiotzearen mendeurrenean, kazetari eta ohorezko euskaltzaina izan zanaren omenezko egitarau zabala atondu dabe Zarautzen apiriletik zemendira bitartean. Zemendian egingo dabe ekitaldirik handiena, Basarriri buruzko erakusketea eta Basarritik Azken Portura jaialdia, hain zuzen be.
Zarautzen bertan egin eben ekimenaren aurkezpena parte hartuko daben erakunde guztietako ordezkariek, han izan ziran Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale alkarteko presidentea, Jose Maria Arrazola Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidentea, Iñigo Manzisidor Motxian bertso-eskolako zuzendaria, Zarautz Abesbatzaren ordezkariak, Andoni Sagarna Euskaltzaindiko Gipuzkoako ordezkaria eta Basarri-ren senitartekoak.
Apiriletik zemendira bitartean egitarau oparia izango da aukeran Zarautzen: Nikolas Zendoiak eta Pello Esnalek Basarriren kontalaritza lana, Joxe Mari Iriondok Basarriren kazetaritza lana eta Andoni Egañak Basarri eta bertsogintza berbaldiak eskainiko ditue; Zarautz Abesbatzako umeen eta nagusien kontzertuak; bertso jaialdiak, eta abar. Abuztuan, plaka oroigarria ipiniko dabe Basarri bizi izan zan Azken Portu etxean. Zemendiaren 29an, Basarritik Azken Portura ekitaldi nagusia egingo da, Aritzbatalde kiroldegian. Bertsoa, irudia, musikea eta antzerkia buztartzen dituan ikuskizuna izango da, Motxian bertso-eskolearen eskutik.
Iñaki Eizmendi Manterola Basarri 1913an jaio zan, Errezilgo Granada baserrian, baina zazpi urte zituela joan zan Zarautzera bizitera, eta han hil zan, 1999an, 86 urte betetear zituala. Bertsolaria eta kazetaria ofizioz, berba egiteko eta idazteko trebezia handia eukan. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak esan eban lez, 'Basarri' bertsolariak iraultza handia ekarri eban bertsolari-mundura. Erakusle eta maisu izan handi zan ha orduko bertsolaritzan. Eta uskerazko irratigintzan, edo eguneroko euskal kazetaritzan bere bai, ondo dakigunez. Hemezortzi urte zituala hasi zan idazten. Bere lehenengo kronikea, Kuku ta kuku izenekoa, 1930ekoa da eta Euzkadi egunkarian plazaratu eban.
Zarauzko Azken Portu tabernan hasi zan bertsotan, eta17 urte zituela, Zestoako plazan debutatu zuen. Euskal Herriko Txapelketa Nagusia birritan irabazi eban, 1935ean eta 1960an. Gerra sasoian, bertsoak kantetan zituan Bilboko irratian. Horreetako batzuk Antonio Zavala zanak argitaratu zituan, Auspoan. 1937ko bagilean, Bilbo jausi zanean, Santander aldera iges egin behar izan eban, eta handik Frantzia aldera. Gerra amaitu ostean preso hartu eben. 1943an bueltau zan Euskal Herrira, eta bertsolaritzari ekin eutson atzera be.
Orduko izen handiko bertsolari danakaz ibili zan. 1945etik aurrera, sarritan ibili zan Manuel Olaizola Uztapide"zanaren ondoan. Bertsoak kanteteaz gan, asko eta asko idatzi eban. Bertsolaritzako lehen teorikoa izan dala esan izan da, bertsolaritzea antzokietara sartu eban, eta bertsolaritza duintzearen alde lan handia egin ebala. 1984ko zemendiaren 30ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izentau eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!