'L´Art en guerre' erakusketea, Picassotik Dubuffetera, 500 lanen bitartez

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-03-15 14:02   Kulturea

Artistek gerreari gerrea zelan egin eutsien jasoten dau Bilboko Guggenheim museoan edegi barri daben L´Art en guerre. Frantzia 1938-1947: Picassotik Dubuffetera. Ehun bat artistaren 500 lanetik gora batu ditue, margoak, eskulturak, argazkiak, dokumentalak eta abar.

Artistek gerreari gerrea zelan egin eutsien jasoten dau Bilboko Guggenheim museoan edegi barri daben L´Art en guerre. Frantzia 1938-1947: Picassotik Dubuffetera. Ehun bat artistaren 500 lanetik gora batu ditue, margoak, eskulturak, argazkiak, dokumentalak eta abar. Bigarren Mundu Gerrako historia ezagutzeko aukera eskaintzen dau.

Jacqueline Munck eta Laurence Bertrand Dorleac komisarioak, Rafael Pardo BBVA Fundazinoko burua eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria izan dira prentsaurrekoan.

Musée d´Art moderne de la Ville de Paris-ek, Paris-Musées editoreak eta Bilboko Guggenheimek antolatu dabe erakusketea. Bigarren Mundu Gerran eta nazien okupazinoaren sasoian orduko artistek emondako erantzun estetiko barritzaileak ditu ardatz. Erakusketa historikoa dala esan dau Vidartek, garaiko Europako historiara hurreratzeko aproposa.

Orain urte bi hasi ziran Musée d´Art moderne de la Ville de Paris-en erakusketea prestatzen, Jacqueline Munck museoko Arte arduradun nagusiak adierazo dauenez. Artea eta historiaren gaiak lantzeaz gan, honetan gizatasunari garrantzia emon deutsie. Oztopoak oztopo, artistak kapaz izan ziran ez beste barik bizirauteko, gauza barriak, material eta bide barriak, sortzeko bere. Gerreak eskasia ekarri eban, agirian dago egileek erabilitako materialetan, baina ezin izan eban sormena menperatu, ganeratu dau.

Erakusketea Parisetik dator, baina ez da han ikusgai izandakoaren bardina. Guggenheimeko espazioetara egokitu behar izan dira komisario biak, eta ganera hileotan material barria eskuratzeko aukerea euki dabe, berbarako, Kandinsky eta Giacomettiren lanak. Pozarren dagoz erakusketeran begirada barriztua aurkeztu dabelako.

Artista ezagun-ezagunen beharrek osotzen dabe erakusketea, badira, dana dala, ez hain ezagunak bere: Pierre Bonnard, Alexander Calder, Salvador Dalí, Jean Dubuffet, Marcel Duchamp, Max Ernst, Alberto Giacometti, Vasily Kandisnky, René Magritte, Henri Matisse, Joan Miró, Pablo Picasso, Joseph Steib eta abar. Danetara, ehun artistaren lanak jaso ditue. Hamaika ataletan atondu dabe erakusketea, holan, besteak beste, surrealistek egindako lanak, atxilotze-esparruetan sortutako obrak, erbesteko bizimodua, Picasso bere estudioan eta Jeane Bucher arte-galeriaren garrantziaren barri eskaintzen da.

Laurence Bertrand Dorleac arte-historialari eta irakasleak 80ko hamarkadan egin eban gerrako arteari buruzko tesia. Erakusketea orduan egin ezkero, bestelakoa izango zala eretxi deutso, izozmendiaren goiko alde, uretatik kanpo dagoena, besterik ez geunke erakutsiko, eta benetan be erakusketa etsigarria izango zan. 30 urteren ostean, ikuspegia aldatu da, eta izozmendiak azpian daukana agirian geratu da. Gerran arteak daukan egitekoari buruzko gogoetea egin dabe, baikorra da, gizatasuna bera be zalantzan ipini zan garaian.

Erakusketea irailaren 8ra arte egongo da zabalik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu