Bilboko Maistren Goi Eskolearen mendeurrena ospatzen hasi da Irakasleen Eskolea

Bizkaie! 2013-03-12 12:55

Bilboko Maistren Goi Eskolearen mendeurrenaren harian, apirilera arte Emakumeak, hitza eta bizitza erakusketea zentroko hall nagusian zabalik egongo da Leioan.

Bilboko Maistren Goi Eskolearen mendeurrenaren harian, apirilera arte Emakumeak, hitza eta bizitza erakusketea zentroko hall nagusian zabalik egongo da Leioan. Gaur, hilak 12, eguerdiko 12:30ean, UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Eskolako hall nagusian (Sarriena z/g, Leioan) Carmelo Garitonandia Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Amaia Maseda Hedakuntzako eta Transferentziaren arloko errektoreak eta Josune Aristondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak bisitauko dabe Emakumeak, hitza eta bizitza erakusketea, Gurutze Ezkurdia Eskolako zuzendariagaz batera. Erakusketea apirilaren 2ra arte zabalik egongo da zentroan.

Historian atzera eginez, 1912/13 ikasturtean Solokoetxe eskolea martxan jarri zan, nahiz eta ikasketak 1902an abiatu eta 10 urteetan behin-behineko egoitzatan egon. Han izan zan, Indautxuko Jesuitetan gerra sasoian eta Cervantes eskoletan gero, harik eta 1962an Deustura joan arte.

Juliana de Arrizabalaga zuzendaria zanaren ahalegin eta lanari esker ikastetxe barria sortu zan. Solokoetxe ikastetxe duina eta maistren prestakuntzarako egokia zan.

2012-13 ikasturtearen azken hilebeteak 100 urteak gogoratu eta ospatzeko erabiliz ganera, gaur eguneko maisu-maistren eta hezitzaile sozialen formazinoak beste gailur bat be lortu dau, gradu mailakoa izatea, hain zuzen be. Gaur egun ikastetxe barria dago, urtebete baita Leioako Campusean ezarri eta martxan jarri zanetik.

Mendeurreneko ekitaldien artean, datozen hileotan bestelako ekitaldiak izango dira, besteak beste, martiren 22an, oraingo ikastetxeko hall nagusian maisu-maistren omenez Jose Javier Cruz irakasleak sortu eta ikastetxeari oparitu deutson Harribil eskulturea ipiniko da. Horrezaz gan, Gurutze Ezkurdia zuzendariak 1992/13-2012/13 100 urteko ibilbidea maisu-maistren eta hezitzaileen formazinoan izenburuko berbaldia emongo dau. Eta apirilaren 23an eta 24an, lan tailerra egingo dabe: Hizkuntzak maisu-maistren eta hezitzaileen prestakuntzan, lelopean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu