72 ordu Shanghain
2013-02-28 14:55 BidaideTurismoa suspertu guran, Pekinek eta Shanghaik bisa-salbuespena onartu dabe aurten 45 herrialdetako lagunek, baita Espainiakoek be, 72 ordura arteko bisita edo egonaldiak egin deiezan, hori bai, aitatu urietatik urtetea galarazota dago. Beste uri edota herrialde batzuetarako bidean dagozanentzako baimena da.
Shanghái modako uria da egun baina bertan lurreratzea buruhauste handia izan daiteke. Lehenago Txinak errazago emoten zituan herrialdean sartzeko bisak baina gaur egun asko dira mendebaldeko herrialdetako krisi bolada gogorretik igesi Maoren herrialde erakargarrian sartzeko ahalegina egiten dabenak. Txinako Herri Errepublikearen lurraldean sartzeko baldintza eta betekizunak gero eta gehiago eta gogorragoak dira eta sarritan Txinara bisitan, turismo arrazoiakatik hurreratzeko asmoagaz dabilzanak be atzera egiten dabe burukominik ez izateko.
Dana dala, turismoa suspertu guran, Pekinek eta Shanghaik bisa-salbuespena onartu dabe aurten 45 herrialdetako lagunek, baita Espainiakoek be, 72 ordura arteko bisita edo egonaldiak egin deiezan, hori bai, aitatu urietatik urtetea galarazota dago. Beste uri edota herrialde batzuetarako bidean dagozanentzako baimena da eta nahikoa izango da beste herrialde batera eroango zaituan baieztatutako txartelaren jaube izatea (jarlekuaren zenbaki eta guzti). Jakina, aireportuan zehatz egiaztatuko dabe bidaiariak bisarik daukan ala ez edota bisa beharrizanik daukan ala ez jomugako herrialdean sartzeko.
Era berean, baimen berezi horregaz aitatu uriak Asia-Pazifikoko beste jomuga batzuekaz lotzen dituen hegazkin konpainiak bultzatu edo sustatu gura ditu Txinak; berbarako, Europatik Australiarako bidaia egin gura dauenak Air China edota China Eastern konpainiak aukeratuz, hiru egunera arteko egonaldia egin leike Pekinen edo Shanghain. Ganera, hegazkin konpainiek eurek bisita gidatuak eskainiko ditue txinako egonaldiari ahalik eta etekinik handiena atarateko.
Baina ba al dago 24 miloe biztanleko asfaltozko oihana 72 ordutan ikusterik? Erantzuna argia da: ez. Goitik behera ikusteko ez baina uriaren indarra eta neurria sentiduteko nahikoa izan daitekez ordu horreek. Pekin uriburu politikoan monumentu eta leku historiko ugari topauko badogu be, herrialdearen motor ekonomikotzat hartzen dan Shanghai uria sano erakargarria da mobimentu handikoa dalako eta bertako gizartea, herritarrak munduaren buruzagitzea hartzeko herrialdearen ikur diralako. Izan be, 2017. urterako Nazinoarteko Moneta-Fondoaren aurreikuspenak beteten badira Shanghai munduko finantza zentro nagusia izango da eta Txina planetako lehenengo indar ekonomikoa. Esanguratsua da, hiru hamarkadatan igitai eta mailupean gosea pasau dauen herrialdea kapitalismo basatienaren gidari bihurtu izana eta goitik beherako aldaketa hori beste inork baino hobeto transmitiduten dauen uria Shanghai da. Bertan shikumenaren esentzia daben aspaldiko eraikin tradizionalak ikus daitekez kale estuetan zehar paseoan goazela; oso ikusgarriak dira, izan be, Txinako arkitekturearen ezaugarri dan auzo-etxe-arteagaz batera, mendebaldeko osogaiak be agiri dira. Gitxi dagoz honezkero baina old Shanghai auzoan bor-bor dago kaleko giroa, zoritxarrez galtzeko arriskuan dagozan giroa eta ingurua ze gaur egun gorantz eregiten da, dana da etxe orratza eta holako auzoetan argi-indarraren kableetan erropak eskegita ikustea ohikoa bada be, laster ez da holakorik ikusiko; kontraste erakargarria baina nahasgarria be bada eta oraingoz Lujiazuiko irudia da hori, James Bond edota Ethan Hunten filmetan agiri dana.
Kontuak kontu, lehenaldiaren eta etorkizunaren arteko anakronismo hori hurretik ezagutzeko merezidu dau hara osteratxua egitea. Gorabeherak edonon agiri dira: lujo handiko jatetxeen parean kalean tofu errea eskaintzen dauen txiringitoa topau geinke; erropa faltsuak saltzen dituen denda txikiak, marka guztietako erropak saltzeko saltoki-gune erraldoien ondoan; edota legez kanpoko motordun trizikloa Audi markako kotxe erraldoi eta karuen artean.
Azken buruan, hiru egunetan zur eta lur itxiko gaitu Shanghai uriak. Zoritxarrez ez jako publizidade lar egin testu honetan jorratu dogun gaiari eta aitatu urietako aireportuetan lurreratzen diran gehienek ez dakie stopover bikaina egiteko aukerea dagoala. Horren erakusgarri, neurria indarrean egon zan lehenengo egunetan 40 atzerritarrek baino ez eben 72 orduko baimen hori erabili. Zeri begira zagoze?
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!