Manex Agirrek irabazi dau 2. finalerdia

Bizkaie! 2013-02-25 09:57   Bertsolaritzea

Manex Agirre izan da jaun da jaube 354 puntugaz, jarraian baina tarteko alde handiagaz Ander Solozabal 291,5 puntugaz, Andere Arriolabengoa 289 puntugaz, Paula Amilburu 286,5egaz, Unai Mendibil 281,5egaz eta Zigor Enbeita 280,5 puntugaz.

Aramaioko Kultur etxeak Arabako Bertsolari Txapelketako 2. finalerdia jaso dau astegoienean. Sekula ez da horrenbeste aramaioar batera kantuan eta lehian ibili Arabako Txapelketako finalerdietan. Beraz, egunotako eguraldi hotza epeltzeko aramaioarrek, etxean bertan, saioa berotzera etortea baino ez dabe izan. Edurrak ez ditu bertsozaleak kikildu eta Kultur Etxeko gradak lepo bete dira.

Olatz Saltocildesen gidaritzapean kantau dabe Manex Agirre, Paula Amilburu, Andere Arriolabengoa, Ander Solozabal, Zigor Enbeita eta Unai Mendibil bertsolariek. Lehen fasean ofiziotan ibili dira neurri eta doinu desbardinetan.

Agurrakaz hasi dira publikoa bereganatzen bertsolariak, Ander Solozabalek esan dauen lez: Egun hotz eta triste honeri/Irribarre bat jarrita edota Manexek Gure sutondo partikularra /jartzen saiatuko gara.

Agurren ondoren 8ko handiagaz ekin deutsie protagonistek. Aitatzekoa Unaik eta Zigorrek egin daben lana. Jubilauta dagozan baserritar biren papelean sartu dira eta gazteek ez dabela nekazaritzan jarraitu nahi eta horren deman ibili dira. Unaik Zigorri esan deutso: Nire ustetean gaztetxo hauek/ alperontzi batzuk dira eta honek erantzun: Lana sobera daukagu hemen/ baina ez dute egin nahi.

Zortziko txikietan, barriz, aitatzekoak dira Manex oilategiko oilar barriaren eta Andere orain artean oilategia kontrolpean izan dauen oilarraren artekoak. Ale politak bota ditue, ondo jarraitu dau Manexek Andereren haria. Anderek holan esan deutso dardarti oliar barriari: Hemen nik agintzen dut/ beharko da izan eta Manexek erantzun: Nerbioso jarri da/ ze nolako pena/…/Ratzingerrek jarri du /bide nabarmena/igual dimititzea /daukazu onena. Anderek ostera gandorra igoz: Kukurruku egiten /ere ez dakizu.

Binaka kantetako azken lana hamarreko txikia izan da. Azpimarratzeko lana egin dabe Ander Solozabalek eta Manex Agirrek, saioaren maileari eusten jakin izan dabe biek. Ander komentuan lanean dabilen ortuzaina izan da eta Manex, bera laguntzen dauen mojea. Bien artean gero eta filin gehiago ei dago. Anderrek hauxe bota deutso mojeari: Ortura ekartzen zaitut erraz/ beste esanhai bat dauka honek erderaz eta Manex mojeak erantzun: Jaun goiko astuta/ bero bero nago/Ta erderaz entzunda/ oraindik gehiago; Anderrek Kariberako bidaia eskaini deutso ta mojeak: Karibera joaterik nik/ ez daukat aizu/Ni bi gizonetako/ andrea bainauzu/ … /bero bero banaukazu/madre superiora/ imagina zazu.

Behin ofizioak amaituta bertsolariek banakako lana egiteari ekin deutsie. Oholtza gainean Ander bakarrik itxi dabe eta beste danak kartzelara bialdu ditue.

Puntu erantzunetan Anderek holan erantzun deutso Euskara oztopoek/Ez dute gelditzen puntuari: Baina gaur guk ez dugu /larregi aditzen/euskaraz egin daigun /argi eta ozen/naiz sarritan ez egin /uste bezain zuzen eta 2. puntuari be erantzuten ederto jakin dau Aramaiko gazteak: Egunkaria itxi/Ta berris sortu danon laguntzarekin/ gendun hori lortu/ez baitzen gure herrian/ guztia agortu/lemak dioen legez /euskerari lotu.

Bakarkako bigarren lanean gai honi erantzun behar izan deutsie bertsolariek: Goitik behera, eta behetik gora irakurri dozu zerrendea, baina ez zara bertan agertzen. Bertsolariek gai desbardinetatik ekin deutsie, batez be lanaren ikuspuntutik jo badabe be. Bertso bikainak entzun dira aretoan eta ederto txalotuak izan dira euretako asko.

Nabarmentzekorik izan bada, Ander Solozabalek eta Manex Agirrek egin daben lana izan da. Biek be seiko handian doinu barriak ekarri ditue oholtzara.

Hona hemen Anderren bakarkako lana, babes ofizialeko etxebizitzetako zerrendea izan dau bertsogai. 'Etxetik irten ta abiatu dut /pausoa hain astuna/atzamarretan daukat aspaldi /jantzitako eraztuna/pozik bizi naiz ez daukat faltan/ maitearen maitasuna/baina ezin du sabaitxo batek lotu/gure goxotasuna/etxe bila hor pasatu ditut /hile aste eta eguna/Zenbaki batek erabakitzen du /bion etorkizuna.

Manexek, barriz, EREan eta langileak kaleratzen dagozan lantegiko langilearen papela hartu dau. Hauxe izan da bere bigarren bertsoa: Baina ondoan neukan Iñaki/ lankidea gizajoa/bere izena zerrendan zegon/ isuri malko mordía/ta dakidanez neroni izan /naitekeela hurrengoa/lasaitasuna dut orain /baina urduria da geroa/nola eskertu egingo duten /maitasuna ta beroa/botatzear dauden lankideekin /kontzentraziora noa.

Kontuak kontu, Manex Agirre izan da jaun da jaube 354 puntugaz, jarraian baina tarteko alde handiagaz Ander Solozabal 291,5 puntugaz, Andere Arriolabengoa 289 puntugaz, Paula Amilburu 286,5egaz, Unai Mendibil 281,5egaz eta Zigor Enbeita 280,5 puntugaz.

Finalerdietako galbaea badoa estutzen eta datorren astegoienean, martiaren 2an, Dulantziko Kultur Etxean izango da hirugarrena. Arratsaldeko 18:0etan, Kultur Etxean izango da hitzordua. Bertsolariak: Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Irati Anda, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza. Gai-jartzailea: Marta Ugarte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu