Hesian taldeak bere lehenengo zuzeneko diskoa aurkeztu dau, 'Hemen eta orain'
2013-02-22 13:56 MusikeaLau disko eukazan orain arte Nafarroako Sakana eskualdeko taldeak, danak estudiokoak eta, azkenaldion, Hesianen oihartzuna asko zabaldu dan ezkero, zuzeneko bat plazaratzeko erabagia hartu dabe. Holan, abuztuaren 14an Gernikan eskaini eben kontzertu jentetsua grabau eta CD eta DVDa egin ditue.
Lau disko eukazan orain arte Nafarroako Sakana eskualdeko taldeak, danak estudiokoak eta, azkenaldion, Hesianen oihartzuna asko zabaldu dan ezkero, zuzeneko bat plazaratzeko erabagia hartu dabe. Holan, abuztuaren 14an Gernikan eskaini eben kontzertu jentetsua grabau eta CD eta DVDa egin ditue. Hesian taldearen doinuak zuzeneko eszenatoki baten zelakoak diran ezagutzeko erea emoten dau lan barriak eta, ganera, DVDaren barruan dokumentala be sartu dabe, taldekideei buruzkoa.
Hesianek bere ibilbidean izan dauen jarrerea batu dabe zuzeneko diskoan, sensibilidade ugari transmitiduten ditu taldeak kanta batetik bestera: Zuriñe abeslariak badaki momentu goxoak eta indartsuak tartekatzen, adierazo dabe taldekideek, Bilbon egindako aurkezpenean. Hesian taldeko kide Franek, zuzeneko bat egiteko arrazoi gehiago be aitatu ditu, geure ibilbidean hiru abeslari euki doguz alkarren atzetik eta, zuzenekoa grabauta, abesti zaharrak gaur eguneko kantariagaz, Zuriñegaz, zelakoak diran erakusteko modua emoten dau, hori pizgarria izan da guretzat. Hemen eta orain, horixe diskoaren izenburua, momentu jakin bateko lekukotza emon nahi izan dogu, kontzertu hunkigarri eta jentetsu batekoa, energia handiko lana da.
Fran taldekideak zehaztu dauenez, CDa eta DVDa ez dira alkarren kopiak, eduki desbardinak sartu ditue: DVDan, Gernikako kontzertua oso-osorik ikusten da, estrak eta dokumental bat be sartu doguz. Hesian biluzten izenburuko dokumental horretan, taldekideak eurak dira protagonista, gu geu gara, talde barruan zein kanpoan zelakoak garen ikusten da, geure burua biluztu egiten dogu, gizarteaz, musikaz, politikaz eta abar jarduten gara. CDan, bestalde, Gernikako kontzertuko kanta gehienak sartu ditue, danak ez, eta Barakaldon emondako beste kontzertu bateko lau kanta be gehitu ditue.
Hesian talde nafarra izanda, Sakanakoa, deigarria da aukeratutako kontzertuak Bizkaikoak izatea. Franek azaldu dauenez, zale gehienak Bizkaian daukaguz eta emonaldi jentetsuenak be han eukiten doguz. Gernikako kontzertua aukeratu eben, leku zabala zalako, jente asko itxaroten zalako eta baliabide tekniko onak eskaini euskuezalako. Abuztuaren 14an, Gernikako jaietan jo eben eta milaka lagun batu ziran Hesian ikusteko, kontzertu itzela izan zan. Franen esanetan, zuzeneko disko bateko kantak ez dira estudiokoak besteko perfektuak, baina enkantu berezia daukie; gure publikoari gustauko jako. Azken finean, Hesianen ohiko pop-rock eta punk-rock doinuak, zuzenekoaren indarragaz nahastauta topauko doguz.
Hesianen ohiko filosofiari eutsita, autogestinoak zeresan handia izan dau lan honetan be, baina Oihuka diskoetxeagaz batera banatuko dabe. Hesian entzuteko hurrengo aukerea, bihar bertan, zapatua, izango da, Durangon, KaleraRock jaialdiaren barruan. Martiaren 2an, barriz, Donostiako Kursaal jauregiko Ganbera aretoan joko dabe nafarrek, hori aldaketa handia da, duda barik. Izan be, ohiko eszenatoki zabalak itxi eta antzokietara salto egingo dabe. Kursaalean ikusleek sarrerea ordainduko dabe (ez da garestia izango, iragarri dabenez), jentea jesarrita egongo da eta aire zabalean ez dagozan baldintzetan joko dabe musikariek. Erronka barri horretarako, errepertorioa moldatu dogu eta abesti batzuk aldatu, baina geure esentzia gordeten ahalegindu gara, dino Franek. Hori bai, aire zabaletako kontzertuakaz jarraitzeko asmoa be badaukie, antzokietako zirkuituan sartzen hasi diran arren.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!