'LOMCEri ez, geure hezkuntzeari bai'
2013-02-19 17:44Gure helburua ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da. Ondorioz, euskerea ardatz dauen eredu bakarra behar dogu, eta ikaslearen ingurune soziolinguistikoa eta gaitasun psikologikoak kontuan hartuko dituan ikaskuntza metodologia ezarri. LOMCEk zalantzan jarten dau planteamendu hau, ez baita bermatzen eta indartzen hizkuntza koofizialen esparruetan hizkuntzarik ahulena.

Adierazpen honen sinatariok ezaugarri nagusi batek batzen gaitu: gure aniztasunak. Anitzak gara eta, gure hezkuntza sistemea eregiteari jagokonez, ikuspegi anitzak doguz gure barruan. Halan da be, bat gatoz LOMCE legearen edukia aztertzerakoan, bere ezarpenak gure ikasleriaren heziketarako eta gure hezkuntza sistema propioa eregiteko bidean ekarriko leukezan ondorioetan. Honek agerraldi honetara ekarri gaitu, eta honegaz batera antolatuko doguzan ekintzetan parte hartzeko deia alkarregaz egiten dogu.
Nazinoarteko azken ebaluaketek eta ebaluazino diagnostikoek adierazo daben legez, gure ikastetxeen egoera eta errealidadea desbardinak dira Estaduko beste sistemakaz konparauta. Izan be, gure adierazleak nabarmen hobeak dira arlo honeetann: eskola-baztertze goiztiarraren tasa, DBHko tituludunen portzentajea, goi-mailako ikasketen titulazino-tasa, eta abar. Era berean, badakigu zertan hobetu behar dogun eta ikasleen konpetentzia guztiak garatzea dala aurrerantzean gure erronka nagusia. Testuinguru honetan LOMCEren helburuak euskal eskola komunidadeentzat ez dira esanguratsuak, ez dira egokitzen gure errealidadera.
Gure helburua ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da. Ondorioz, euskerea ardatz dauen eredu bakarra behar dogu, eta ikaslearen ingurune soziolinguistikoa eta gaitasun psikologikoak kontuan hartuko dituan ikaskuntza metodologia ezarri. LOMCEk zalantzan jarten dau planteamendu hau, ez baita bermatzen eta indartzen hizkuntza koofizialen esparruetan hizkuntzarik ahulena (planteamendu honek euskerearen akontra joten dau). Era berean, enborreko jakintzagaia ez izanik, bigarren mailako hizkuntza bihurtzen dau.
Bestalde, eskolan euskeraz ikasteak bakarrik ez dau ekarriko euskerearen normalizazinoa, eta hizkuntzearen rola testuinguru bakotxean zein dan argitu behar da. Hori da, hain zuzen, lege honek baimentzen ez dauena.
Aldi berean, adierazo nahi dogu gure desadostasuna Legeak sustatzen dauen hezkuntza eredu eta erispide baztertzaileagaz. Aitzitik, eskola inklusiboa, konpentsatzailea eta integratzailea bultzatzen dogu, hau da, ikasle guztientzako aukera bardintasunean, ekitatean eta kalidadean oinarritzen dan hezkuntzea. Hori dala eta, ezin gara bat etorri 14 urtetik aurrera ikasleak sailkatu eta bereizi egiten dituan lege bategaz: DBH amaitzean bi graduatu-titulu mueta, lehen eta bigarren mailako arloak eskaini, prestakuntza-ibilbide zurrunak, pasabiderik bako eskaintza... Ikasleen bazterkeria eta bereizkeria dira nagusi. LOMCEk ez dau ikasle guztien eskola emoitzen aurrerapena bultzatzeko hobekuntza proposamenik eta planik ahalbideratzen. Holan XXI mendeko konpetentziak (autonomia, inguru nahasietan moldatzea, egoerei aurrea hartzen jakitea, etab ) nekez eskuratuko dira.
Kontuak kontu, curriculumaren antolaketeak hezkuntza sistemearen uniformetasuna eta kontrola bultzatzen ditu, hezkuntza eta ikasle eredu bat sustatuz: curriculum-ataleko helburu zurrunak ezartzea, Gobernuak erabagitako erispideen bidez ebaluau eta neurtzea, DBH eta Batxilergoa amaitzean errebalidak eta bitarteko mugarriak LHn tartekatzea, eskuraturiko datuakaz eskolen sailkapena egin eta horreek publiko bihurtzea, sektoreko profesionalak eta eskolak ahalegin horretan jarduten ipintea eta estandar jakin batzuetara heltzen ez diran eskolen gaineko zehaztu bako neurriak hartzea dira proposatzen diran bideak. Non kokatzen da eskolen eginkizuna? Bide honetan ikastetxeak ez dira zeozelako akademia bilakatzen?
Aurreko aukeretatik abiatuta, Legeak ikastetxeen autonomia murrizten dau, gehiena kanpotik erabagiz. Hezkuntza-esperientzia aurreratuenek ondokoa adierazoten deuskue: ikastetxeon autonomian sakontzea, eskola komunidadearen partaidetza eta erabagimena antolatzea, curriculuma eta hizkuntza planteamenduak ikasleen beharretara egokitzea eta konpetentzia guztien ebaluaketa eredu malguak ezartzea, ezinbestekoak dirala hobekuntzea sustatzeko. Legeak, konpartiduten ez dogun kalidadearen kontzeptua planteetan dau, guretzako kalidadea ikasle guztien arrakastea bermatzea dalako, aukera bardintasuna erispide izanik, horretarako behar diran prozesuak, antolaketa, baliabideak eta esperientziak eskainiz eta trukatuz, bikaintasuna eta ekitatean oinarrituriko guztiontzako hezkuntza sistema bat eregi ahal izateko.
Gure eretxiz, hezkuntza sistemea iraunkortasunez hobetu nahi bada, ezinbestekoa da alderdi politikoen eta eragileen parte-hartzea eta adostasuna. Gure Hezkuntzearen gaurko errealidadea eta gure ikastetxeetan urteetan egindako ahalegina ahaztu egin dau Wert Ministroak. Gure aldetik, bestelako bidea proposatzen dogu: praktikearen gaineko hausnarketea eta gogoetea eginez, hezkuntza sistema aurreratuenen esperientzia kontuan hartuz eta Euskal Herriaren testuinguruan aplikatuz, gure Hezkuntza Sistema eta Curriculum Propioa apurka-apurka eregiten joatea. Horregatik guztiagaitik ozen aldarrikatu nahi dogu: LOMCEri EZ, Gure Hezkuntzari BAI.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!