Josetxu Obregonek Arriagaren interpretazino historizisteari buruzko berbaldia emongo dau Bilbon

Bizkaie! 2026-06-05 10:07   Musikea

Bilboko musikagilearen heriotzearen bigarren mendeurrenean.

La Ritirata taldeko biolontxelista eta zuzendari artistiko Josetxu Obregonek Arriaga interpretatzea: gaurko begirada ikuspegi historizistatik bilbotar musikagilearen heriotzaren bigarren mendeurrenean izenburuko berbaldia eskainiko dau bagilaren 11n, arratsaldeko 19:00retan, Sabino Arana Fundazinoan.

Mozart bilbotarra izenez ezaguna izan zan euskal musikagilearen heriotzearen bigarren mendeurrenean, Arriagaren musikea gaur egun zelan interpretau behar dan jorratuko da hitzaldian, eta hizlariak erakutsiko deusku Arriagaren sasoiko moldeak, teknikak eta instrumentuak ezagututa, bilbotarraren musikea sakonago ulertzeko modua izango dogula.

Obregonek Arriagaren soka-laukoteei buruz egindako ikerketea eta grabazino lanean oinarrituta eta, jakina danez, Arriagaren ganbera eta orkestra-errepertorioaren interpretazinoan izandako zuzeneko esperientziatik abiatuta, euskal erromantizismoko aurrendari handienetako bati aplikautako ikuspegi historizisteak dakarzan erronkak eta aukerak aztertuko dira saioan.

Berbaldiaren helburua ez da Arriagaren ohiko ibilbide biografikoa erakustea, ezpada, ikus-entzuleak Arriagaren musikearen interpretazino-gakoetara hurbiltzea eta, hil zanetik mende bi igaro diran arren, Arriagaren lanak nazinoartean interesa biztuten jarraitzen dauela berrestea eta konpositore bilbotarraren indarraldi artistikoari buruz hausnartzea.

Josetxu Obregon

Bilbon jaiotako zuzendari eta biolontxelistea da eta La Ritirata taldearen sortzailea. Musika-talde hori barrokoaren, klasizismoaren eta lehen erromantizismoaren errepertorioa berreskuratzen eta lanon interpretazino historikoan espezializauta dago.

Espainian eta Herbehereetan ikasi dau Obregonek eta nazinoarteko agertoki esanguratsuetan jo dau, besteak beste, New Yorkeko Carnegie Hall, Amsterdamgo Concertgebouw edo Londresko Wigmore Hall aretoetan. Era berean, sona handiko artistakaz batera jo dau, berbarako, Jordi Savall eta Christina Pluharregaz.

Obregónen lan diskografikoen artean, Arriagako soka-laukoteen grabazino osoa nabarmendu behar dogu, garaiko instrumentuz egina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu