Bilboko Liburutegi Digitalak 60.000 irudi jasoko ditu urtea amaitu orduko

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-02-19 14:14

Bilboko Liburutegi Digitala abian da, dagoeneko 18.000 irudi ditu, eta urtea amaitu orduko 60.000 gehituko dituela aurreratu dabe Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Maria Felisa Sanz uriko Liburutegien Zuzendariak. 2005ean hasi ziran ondare bibliografikoa digitalizetan.

Bilboko Liburutegi Digitala abian da, dagoeneko 18.000 irudi ditu, eta urtea amaitu orduko 60.000 gehituko dituela aurreratu dabe Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Maria Felisa Sanz uriko Liburutegien Zuzendariak. 2005ean hasi ziran ondare bibliografikoa digitalizetan.

BLDren abiapuntua Bidebarrietako Liburutegiko ondare bibliografikoko funtsek osotu dabe, hau da XVI. eta XIX. mendeen arteko liburu eta liburuxkak, gehienak uriagaz zerikusia daben gaien ganekoak, eta Juan Crisostomo Arriaga konposatzailearen eskuz idatzitako partiturak. Papelean egozan funtsak apurka-apurka digitalizau ditue. Agiri gehienak ez egozan egoera lar onean, horregaitik erabilera mugatua euken, orain, barriz, euskarri digitalean edonoren esku dagoz.

Bilboko liburutegietako materiala zabaldu eta ezagutzera emotea da BLD ekimenaren helburu nagusia, Ibone Bengoetxearen esanetan. Gordailu instituzional baten abiapuntua dala nabarmendu dau, eta Bilbo uria izango da loturea.

Proiektu edegia da BLD, aurrerantzean material gehiago sartuko da eta. Urtea amaierarako 60.000 objektu digital gehituko dira, Espainiako Kultura Ministerioarek emondako diru-laguntzinoari esker.

Liburutegien ondarea zabaldu eta hedatzeaz aparte, euron ikusgarritasuna nabarmen handituko dala erexten deutso Maria Felisa Sanzek. Tresna benetan eraginkorra izango da, ganeratu dau. BLDen topau geinkezan material batzuk Interneten dagoz, baina ha eta hemen sakabanatuta, sarritan bilatzaileetatik ostenduta, eta gehienetan bizi laburra dabe.

Orain arte osotutako bildumea, ganera, historikoa danez, egile eskubide bakoak dira, eta muga barik erabili daitekez. Edozelan be, material barriagoa sartzen danean hori be aldatuko da, objektu asko egileak ezarritako baldintzen arabera erabili beharko dira eta. Agiririk zaharrena 1548. urtekoa da.

DSpace softwarea erabili dabe gordailua eratzeko, mundu osoko erakundeen 800 gordailu baino gehiagotan erabiltzen den kode edegiko softwarea. Hainbat erakundek darabile sistema bera, esaterako, Eusko Jaurlaritzeak Liburuklik gordailuan, Gipuzkoako Foru Diputazioak Metan eta Antso Jakituna Fundazinoak Euskal Memoria Digitalean.

Sortutako azpiegiturea mueta guztietako objektu digitalak jasoteko gai da, testuaz aparte, ikus-entzunezko edo soinuzko materiala bere bai; mapak, planoak, kartelak, argazkiak, bideoak edo audioak jaso ahal izango ditu. Bilaketak gordailu osoan egin daitekez, edo bilduma zehatz batean.

Sisteman izena emoteko aukerea dago, holan liburutegi digitalean barrikuntzaren bat izan ezkero, mezua jasoko dogu gure posta elektronikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu