Igaztik hona artea zenbat hazi dan neurtuko dabe San Balendinetan Eleizondon

Jon Urutxurtu 2013-02-13 13:19

San Balendin jaiak ospatuko dira domekan, hilak 17, Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizearen inguruan. Aurten, Piedadeko artearen neurketearen 54. urteurrena beteko da.

San Balendin jaiak ospatuko dira domekan, hilak 17, Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizearen inguruan. Piedadeko artearen neurketearen 54. urteurrena beteten da aurten.

Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan baseleizara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian eleizearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie.

Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Sebastian Gortazarrek, datorren urtekoari, Maria Luisa Emaldiri, agiri-liburua eta baselizearen giltza pasatuko deutsoz. Ondoren, barauskarria –urdaia, pamitxea eta ardaoa– banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala 54 urte eleizondotarrek hasi eben ekintzea: Piedadeko artearen neurketea. Sebastian Gortazar, aurtengo maiordomoaren –baselizea eta jaiaren gorabeherak antolatzeaz arduratzen dana– arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan –gonbit egunean– batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan.

Eta segiduten dau, Zeferinoren koadernuetan lehen urteetako neurketen zehetasunak aurkitu doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: 'La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18'. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxu batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta maiordomoak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz.

Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 180 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango da aurtengoa?


Piedadea baselizea

Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea —'ermita humilladero' gazteleraz— izenaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baselizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan lez, bere eleizpetik galtzadea igarotzen zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.

Antza danez, antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia (humillazinoa) egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fededunizaerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala maurua edo musulmana ezta judua be; horrez ganera, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.

Eleizondoko Piedadea baselizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena — 7,20 m X 5,30 m— dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau uretako teilatua dauka, eta ez dauka kanpatorrerik. Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.

Baselizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz itxia, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.
Baselizan hiru irudi gordeten dira: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.

Lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten zan prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, bere jatorrizko lekuan ixten zan. Azken urteotan ohitura hau berreskuratu egin da.


San Balendinen biografia

Erromatar Martirologioak Balendin izenagaz bi santu aitatzen dauz: bata, abadea da eta bestea, gotzaina. Beharbada, nahasketa bat egon daiteke, eta persona berberari buruzko bi historia izan daitekez. Bata, Terni-ko San Balendin da; Interamnako (gaur egungo Terni) gotzaina izan zan. Ospetsua izan zan ebanjelizatze lanagaitik, sendatzeengaitik eta mirariengaitik. Aureliano enperadorearen jazarpenetan gartzelaratu eta burua ebakita hil egin eben K. o. 273an. Bere gorpua Terniko katedralean dago.

Bestea, Erromako San Balendin da. Klaudio Godoa enperadoreren jazarpenak jasaten ebezanei laguntzen eutsen. Baina bera be gartzelaratua eta torturatua izan zan, eta burua ebakita hil eben, 268ko zezeilaren 14an. Bere erlikia gehienak Santa Praxades eleizan dagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu