Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe protagonista Zurgai aldizkariaren zenbaki barriaren aurkezpenean
2013-02-13 10:52 KultureaBilboko Bidebarrieta Kulturguneak euskal poesiari buruzko Zurgai aldizkariaren zenbaki barriaren aurkezpena jasoko dau gaur, eguaztena, hilak 13, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Ekitaldian Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe poetak izango dira protagonista.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak euskal poesiari buruzko Zurgai aldizkariaren zenbaki barriaren aurkezpena jasoko dau gaur, eguaztena, hilak 13, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren babesa dauen jarduera horren aurkezpena Pablo González Langarikak, aldizkariaren zuzendariak, egingo dau. Partaideak Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe poetak eta José Ramón Zabala literatur kritikaria izango dira.
70eko hamarkadan sortutako aldizkariak etapa barriari ekin eutson 1989an, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Orain arte 25 zenbaki argitaratu dira, gehienetan, poesiaren edo literaturearen alorrean ekarpen bikainak egin dituen monografikoak. Euren alorretan ezinbesteko erreferente diran Blas de Oterori, José A. Goytisolori, José Ángel Valenteri edo Postismori eskainitako zenbakiak azpimarratu behar dira.
Joan dan abenduan argitaratutako azken zenbakia Euskal poetei eskainita dago beren beregi, eta beste batzuen artean, Jorge González Aranguren, Karmelo Iribarre, María Feli Maizcurrena, Harkaitz Cano, Ángel Erro, Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe poeten olerkiak jasoten ditu. Azken bi horreek aurkezpenean egongo dira, José Ramón Zabala literatur kritikariagaz eta Pablo González de Langarika aldizkariaren zuzendariagaz batera.
Momentu honetan, Zurgai aldizkariaren Erredakzino Kontseilua Rafael Martínezek, José Fernández de la Sotak, Seve Callejak, Mikel Estankonkak eta Eduardo Rodrigálvarezek osotzen dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!