'My Private Circus' aurkeztu dau Chris Kase tronpeta jotzaleak Donostian

Bizkaie! 2013-02-05 14:38   Musikea

Chris Kase jazz musikari estadubatuarrak konposizinoaz eta bere ohiko musika-tresnea joteaz gan, beste egiteko batzuk be beregain hartu ditu, besteak beste, baxua eta teklatuak jo ditu, soinu teknikariarena egiteaz gan, eta disko batean orain arte saiatu edo erregistrau ez dituan arlo estilistiko guztiz berezietan sartu da.

Chris Kase jazz musikari estadubatuarrak konposizinoaz eta bere ohiko musika-tresnea joteaz gan, beste egiteko batzuk be beregain hartu ditu, besteak beste, baxua eta teklatuak jo ditu, soinu teknikariarena egiteaz gan, eta disko batean orain arte saiatu edo erregistrau ez dituan arlo estilistiko guztiz berezietan sartu da. Case jn.aren bakarkako 7. diskoa da My Private Circus.

Lan egiteko modua eta diskoaren sormen prozesu guztia be sano berezia izan da; Batera egin neban dana, ez neban oharrik hartu, ez dago konposizio honeetarako partiturarik. Gehienez be sekuentzia harmonikoak jasoten zituen post-it batzuk neukazan nire estudioko horman, besterik ez. Amaierarako kaotikoa emoten eban guztiak, zirku baten antza hartzen neutsan, baina ikusle bakarra egoan: ni neu.

Estiloari jagokonez, grabazino harrigarri honetan aukerea dago ohiko jazz akustikoari leku egiten ez deutsien giroak entzuteko. Ideia horreek jazz fusinora eroan dabe Kase. Jazz fusinoaren, elektronikearen eta jazz garaikidearen arteko buztarketa bikaina eskaintzen deusku Kasek 11 pieza honeetan, melodia gogoraerrazak (The Dark Passenger), gogoetarako konbita egiten daben giro sosegatuak (Should’ve), hip-hoperako egokiak diran erritmo oinarrien gainean eregitako konposizinoak (Badness), Europako iparraldetik datozen haize hotz eta ilunak (Radiant happiness) edota jazz fusino peto-petoak (Schizoid). Gaztelupeko Hotsak zigiluko Errabal sailean argitaratu dau lana.

Chris Kase (New Brusnwick, 1964) jazz musikari eta tronpeta jotzailea da, eta Madrilen bizi da 1997tik. Berklee College of Music eskolan ikasi eban, eta ondoren University of Massachussetts unibersidadean. Irakasle lanak egin ditu AEBetako zein Espainiako hainbat musika eskola eta unibersidadetan, eta hainbat mintegitan hartu dau parte. Gaur egun tronpeta eta inprobisazino irakaslea da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegian, eta aldi berean grabazino eta kontzertuez betetako agendea dauka.

1994an konposizinoari ekin eutsonetik, 70etik gora obra grabau eta argitaratu ditu, eta hainbat musika argitalpen eta instituzinoren errekonozimendua jaso dau. Zazpi disko grabau ditu bakarlari moduan, eta horreetako bat, Six (2012), urte horretako bost diskorik onenen artekoa zala eretxi eutson Cuadernos de Jazz aldizkariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu