Anna Ferrer: 'Vicente sekula ez neban jainkotzat hartu'
2013-02-01 14:53 BidaideVicente Ferrerrek (Bartzelona, Katalunia 1920ko apirilaren 9a - Anantapur, Andhra Pradesh, India, 2009ko bagilaren 19a) 1944an, Zuzenbide ikasketak baztertu eta Jesusen Lagundian sartzea erabagi eban. 1952an Indiara joan zan misiolari, baina herrialdetik bota egin eben. 1969an, Indira Gandhik Indiara itzultzeko eskatu eutsonean Anantapurrera joan zan eta bertan geratu zan hil arte.
1996an, Vicente Ferrer Fundazinoa abian jarri eban Anantapurreko behartsuei laguntzeko. Fundazinoaren lanari esker, besteak beste, lau ospitale, jaiotze-kontrol zentro bat, 14 landa-klinika, 1.696 eskola, 30.000 etxebizitza inguru eregi eta 2,7 miloe arbola landatu zituen, pertsona askori laguntza garrantzitsua eskainiz.
2009ko martiaren 20an ospitaleratu eben Anantapurreko ospitalean (Andhra Pradesh estaduan) garun-isuri baten ondorioz. Hiru hilebete geroago hil zan arnas arazoen ondorioz.
Anna Ferrer, egun Vicente Ferrer Fundazinoko presidente dan Vicente Ferreren alargunak eutsi egiten deutse Indiaren garapenerako ezinbestekoak eta eredu bihurtu diran proiektuei. Horrezaz gan, Indiako emakume ikutuezinen eskubideen alde gogaitubakoa da.
Anna Ferrerrek (Essex, 1947) sekula ez dau Anantapurreko jatetxeetan jaten. Jainko baten alarguna izateak holako gauzak dakarz. Guzurra ez baina egia osoa be ez da hori autortu dau. Herritarrek ez dabe espero gu urian bazkaltzen ikustea eta, beraz, Vicentek eta biok ez geunkan jatetxeetara joateko ohiturarik azaldu dau bere etxeko jantokiko mahaiburuan jesarrita. Annaren etxea antxina osasun zentro izandako eraikina da, Vicente Ferrer Fundazinoak Indiako Andhra Pradesh estaduko Anantapur urian dauen esparru erraldoiaren erdigunean.
Ia berrogeita hamar urte daroez inguru haretan beharrean eta, oro har, gizarte bidezkoagoa sortu dabe. Hasieran dalit, ikutuezinen kastakoak txabolatan bizi ziran, analfabetoak ziran, egunean otordu bakarra egiten eben eta lur-jaubeen pentzuan edo hareen menpean egoten ziran. Berba egiterakoan begietara begiratzea be galarazota izaten eben. Gaur egun, barriz, politikariek eurek be dalit kastakoen ahotsa entzun eta gogoan hartzen dabe, euren osasuna nabarmen hobetu da eta ume guztiak eskolatuta dagoz adierazo dau.
Orain urte batzuetatik hona egoerea goitik behera aldatu da eta Annak gidatzen dauen erakundeak ospitaleak, ikastetxeak eta elbarrientzako egoitzak eregi eta kudeatzen ditu; makinatxu bat urtegi eta putzu be eregi ditu eta ureztapen sistemak be abiarazo ditu; horri esker lehen basamortu ziran 200.000 akre inguru lur emonkor bihurtu dira. 3.110 herritan 2,6 miloe lagun ingururentzako onuragarriak dira aitatu lan guztiak eta Indiaren garapenerako ezinbestekoak eta eredu bihurtu dira proiektu eta lan horreek guztiak.
Gauzak holan dirala, ez dira harritzekoak landaguneetako edozein bilkuratan Vicente Ferrerren argazkiaren aurreko mirespena eta eskaintza erlijiosoa. Nik sekula ez neban jainkotzat hartu, baina ulertzen dot eta errespetetan dot indiarrek gurtzen dituen jainkoen artean, Vicente be jainkotzat hartzea, dalit kastakoen babesletzat. Niri ez deust ardura baina Espainian txarto ulertu daitekela pentsetan dot, izan be, guk ez dogu holako gurtzarik sustatzen. Edozelan be, indiarrak ez dira Vicente gurtzen eta goresten daben bakarrak. Espainian santutzat hartzen dabe askok. Nik neuk ez neban holakotzat hartzen baina esan behar dot kristinautasunaren eredu hobea zala Eleizea bera baino.
Kontuak kontu, erlijinoaren arrastorik ez da agiri Fundazinoaren programa eta jardueretan. Helburu nagusia da indiarrak euren buruaren jaube izatea, hau da, esku-hartu deiela euren garapenean; esangura horretan, Vicente Ferrerren urtebetetzeagaz bat etorriz, urtean behin zabalduko diran 30.000 itsulapiko jarri ditu Fundazinoak proiektu desbardinak eta egoerea nazinoarteko bihurtzeko prozesua finantzatzeko. Beste herrialde batzuetan bulegoak edo ordezkaritzak zabaltzea orain dala denpora asko pentsau genduan baina krisiak geuri be eragin deusku. Krisi boladea hasi zanetik 7.000 bazkide galdu ditu Fundazinoak Espainian eta zabalkunde prozesuan atzera ez egiteko Miamin laster zabalduko dabe bulego bat. Gobernu erakundeetako aurrekontuak be nabarmen murriztu dira eta gero eta gatxagoa da gure proiektuak babestuko dituen enpresa babesleak lortzea.
Halan da be, beharrean jarraitzeko eta atzera ez egiteko asmo sendoari eusten deutsie. Anna Ferrerren oraingo buruko mina mundutik aparte bizi izan dan tribu bat ez desgertzea da. Vicentek gauza asko egin gura izan ditu beti, haren filosofiak gidatzen gaitu eta oraindino gauza asko dagoz egiteko. Orain arte dalit kastakoak eta tribuak laguntzen lan handia egin dogu baina guztizkoaren % 20 baino ez dira. Herrialdearen garapena amaiera jakinik bako prozesua da eta momentu gogorretan be eusten jakin dogulako Indiako gobernuaren oneretxia daukagu. Konpromiso sendoa eta eten bako lana nahitaezkoak dira emoitza positiboak lortzeko baina aldaketak epe luzera ikusten dira. Horren erakusgarri estatistikak aztertzea baino ez dago, izan be, Ferrertarrak Anantapurrera heldu ziranean, emakumeek 10 haurdunaldi baino gehiago izaten zituen bizitzan zehar eta erdiak hil egiten ziran. Gaur egun, barriz, emakumeek, batez beste, 2,5 seme-alaba izaten ditue.
Anna Ferrerrek eskuakaz jaten dau, saria darabil eta telugu hizkuntzan berba egiten dau eta Erresuma batuan jaioa izan arren, galdetzen deutsienean, Indian jaioa dala erantzuten dau. Horregaitik, Annaren ardura nagusienetakoa emakumearen egoerea da, gero eta herrialde indartsuagoa izan arren, emakumearen susperraldia eta garapen ekonomikoa uri nagusietan baino ez diralako igarten.
Egunerokotasunari erreparauta, Delhin bortxatu eta hildako neska gaztearen kasuak upealako iraultzea eragin dau. Amanat ez da alperrik hil, herritarrek presino handia egin dabe eta gobernuak esku hartu behar izan dau. Honezkero, holako kasuetan legeria aldatu eta zigorrak gogortzeko proposamena dago; bortxaketearen definizinoa edo zehaztapena zabaltzeko asmoa erakutsi dabe eta hori pausu garrantzitsua da gizartea sentiberatzeko. Aldaketak ez dira berehala etorriko, akaso, 50 urte beharko dira.... Baina ordurako mundua bera be ez da gaur egungoa izango. Vicentek beti esaten eban 100 urte barru indiarrak eurak izango dirala gu laguntzen etorriko diranak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!