Antartikako helmugara heldu da Pakea Bizkaia
2013-01-25 14:55Unai Basurkok gidatzen dauen belaontzia hegoaldeko 65 graduko latitudera heldu da. Hiru hilebetez 7.000 itsas-milia nabigau ditu, joan dan urriaren 7an Bilbotik abiatu zanetik.
Unai Basurkok gidatzen dauen belaontzia hegoaldeko 65 graduko latitudera heldu da. Hiru hilebetez 7.000 itsas-milia nabigau ditu, joan dan urriaren 7an Bilbotik abiatu zanetik.
Tripulazinoa Pakea Bizkaiak ingurumenaren alde lantzen dauen hezkuntza-proiektua elikatzeko materiala batzen ibili da eta jasangarritasunaren aldeko mezua zabaldu dau ibilbide osoan.
65 graduko latitudera heldu gara ia-ia. Bihar, zapatuan, etxerako bideari ekingo deutsagu, jakinarazo dau Pakea Bizkaiatik Unai Basurko kapitainak. Antartikako Penintsulea gure espedizinoaren helburuetako bat zan. Oso pozik gagoz baina espedizino baten alderik onena helburuen artean sortzen diran bizipenak dira. Laster etxera bidean izango gara. 7.000 itsas-milia daukaguz aurretik, erantsi dau. Pakea Bizkaiako tripulazinoa hirugarren espedizinoaren helmugara heldu da: Antarktiar Penintsulara. Joan dan urriaren 7an abiatu zan Bilbotik belaontzia. Hiru hilebete eta erdiotan, 7.000 itsas-milia nabigau ditue. Denpora tarte horretan, lehorreratu diran leku guztietan zabaldu dabe Pakea Bizkaiaren hezkuntza-proiektuak bultzatzen dauen ingurumenaren aldeko mezua. Era berean, Atlantikoaren zeharkaldian, bero sargoriari aurre egin deutsie, eta, Argentinan, bertako euskal diasporeagaz hartu-emonak sendotu ditue. Tenperatura beroak atzean itxi eta Antartikako latitudeetako hotz bildurgarrian murgildu ziran. Hotzaren eskutik, gainera, nabigazinoaren baldintzak be okertu ziran: Pakea Bizkaiak hegoaldeko itsasoetan ohikoak diran icebergak ebitau, eta euri eta haize denporaleei aurre egin deutsee.
Era berean, alkartasuna adierazoteko aukerea be izan dabe. Hornos lurmuturrean, Bernard Stamm nagigatzaile suitzarra, Vendée Globe lehiaketa gogorrean parte hartzen ebilela, egoera larrian egoan eta laguntza eskatu eutson Unai Basurko lagun eta lehiakide ohiari. Pakea Bizkaiak laguntza emon eutson. Horregaz batera, tripulazinoa ibilbide osoan buru-belarri ibili da animaliak behatzen eta biodibersidadeari buruzko materiala batzen. Grabazino horreekaz dokumentala eta material didaktikoa osotuko dabe eta Pakea Bizkaiako Hezkuntza arduradunek jasangarritasunaren eta naturaren zaintzaren aldeko mezua zabalduko dabe gazteen artean.
Kontuak kontu, bihar, zapatua, hilak 26, itzulerako bidea hasiko dabe. Hiru eguneko nabegazinoa dogu aurretik; Drake pasabidea eta Hornos lurmuturra barriro be igaro beharko doguz. Ushuaiara hilaren 31n edo zezeilaren 1ean heltzea espero dogu, esan dau Pakea Bizkaiako kapitainak. Uri horretan bigarren eta azken tripulazino aldaketea izango da. Sei tripulatzaile barriek, Unai Basurko eta Gonzalo Terceñogaz batera -patroia eta ordezkoa, hurranez hurran-, etxerako itsasaldia egingo dabe. Nabegazino horretan, zezeilaren erdialdean, Uruguaiko uriburu Montevideon geldituko dira.
Abenturea ederra izan da. Hilaren 18an, Deception ugartea atzean itxi ebenetik, Trinitate ugartea eta Gerlache eta Herrera kanalak zeharkatu ditue Brown Argentinako basean, Antarktiar Penintsulan, aingurea bota eben arte. Deception irla atzean iotxi genduan eguna oso hunkigarria izan zan, tripulazinoak urteerako labar estuaren igarotzea ospatu ebalako. Neptunoren Hauspoak izena emoten jake bertan sortzen diran haize bolada indartsuakaitik, azaldu dau Basurkok. Atzean itxi dabe planetako ekosistemarik berezienetako bat, badia eta itsasoaren artean glaziarrak eta sumendiak alkartzen dituana. Handik Trinitate irlara eta, hortik igaro ostean, Gerlache kanalera heldu ziran. Ur gaineko izotz blokez beteta dago, kolore eta forma guztietakoak. Nabegazinoa 3 itsas-korapilora bajatutea gomendatzen da, blokeak ebitau ahal izateko, jakinarazo dau belaontziko patroiak. Herrera kanalean, izotz artean bota eban aingurea Pakea Bizkaiak. Bertan, 64 gradu eta 30 minutuko latitudean, tripulazinoak Antartikara heldu zirala ospatu eban. Pakea Bizkaia ia 65 gradura heldu arte nabegau eban.
Kepa Acero: Ez dut olaturik hartu baina bainu hau ez dut inoiz ahaztuko
Kepa Acerok, 2012. Urteko Abenturazalea saria jaso barri dauenak -Epic TV Europako kanalak emoten dau-, tripulazinoko beste kideek lagunduta, antarktiar ozeanoan olatu bat hartzeko ahaleginean jarraitu dau. Itsasoak, ostera, ez deutso orain arte lagundu olatu nahiko altuak ez egozalako. Halan da be, Acero uretan egon zan pinguinoez inguratuta glaziarrera igoten zan bitartean. Ez dut olaturik hartu, baina bainu hau ez dot sekula ahaztuko. Olatuagaz harremon intimoa izatearen parekoa da, esan dau Kepa Acerok. Pinguinoakaz batera egotea… Hasieran ez ziran fidatzen baina gerturatzen joan ziran eta, azkenean, nire inguruan bueltaka hasi ziran, eurekaz batera saltoka hastea nahiko balebe lez. Jente zintzoa da. Arrantzan egiten dabe, icebergaren muturrean jesarri eta beste ezerk ez deutse ardura, dino Acerok. Abenturea, baina, aurrera doa. Kepa Acerok eta Pakea Bizkaiak olatuaren bila jarraituko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!