Beti Jai Alai jantza talde bilbotarrak bere 45 urteak ospatuko ditu Bilboko Txistularien Bandeagaz

Bizkaie! 2013-01-23 10:16   Kulturea

Beti Jai Alai Taldea 1968an jaio zan Basurtu auzo bilbotarrean, euskal musikea eta jantza tradizionalak babestu eta sustatzeko asmoz, bertako auzokide batzuen eskutik. Gaur egun, 150 jantzarik osotzen dabe taldea: 80 helduk eta 70 umek.

Beti Jai Alai jantza taldeak eta Bilboko Txistularien Udal Bandeak erromeria antolatu dabe Euskalduna Jauregian eguazten honetan, urtarrilaren 23an, jantza talde bilbotarraren 45. urteurrena ospatzeko emonaldi berezian. Hitzordua jauregi bilbotarreko A3 aretoan da, 20:00etan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte, Bilboko Udalak jakinarazo dauenez.

Beti Jai Alai Taldea 1968an jaio zan Basurtu auzo bilbotarrean, euskal musikea eta jantza tradizionalak babestu eta sustatzeko asmoz, bertako auzokide batzuen eskutik. Gaur egun, 150 jantzarik osotzen dabe taldea: 80 helduk eta 70 umek. Taldeak euskal jantzak eroan ditu nazinoarteko hainbat jaialditara, berbarako, Alemaniara, Bulgariara eta Kroaziara.

Begoñako amatxuren ereserkiaren doinua oinarrian harturik sortutako Begoñako ezpata dantza koreografia gorpuztu dau, 1997tik Begoñako Ama Birginaren Egunean Basilikan emoten dan mezan eskaintzen dana.

Hain zuzen, Begoñako ezpata-dantza izango da eguazteneko ikuskizuna hasteko aukeratu dabena. Saioak beste bi atal be izango ditu: jantza gipuzkoar tipikoei jagokena (ezpata jantza tradizionala, Brokel jantzea, Agurra edo Uztai jantzak), eta jantza bizkaitar tipikoei jagokena (jotak, porrusaldak, jantzari jantza, eta andrazkoen soka jantzea). Jantza guztien artean, Bilboko Udal Txistularien Bandeak girotuko dau itxaronaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu