Finalisten jasa (eta II)

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-01-22 11:15   Bertsolaritzea

Irakurle jaun edo andrea, aiko hemezan aitatzeko geratzen jatazan txibizkeriak, finalisten jasa daukien bertsoak, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Oihana Bartra, Ibon Ajuria eta Gorka Lazkanorenak.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea akabau eta talde-antolatzaileak ia gehiena prest-prest dauka Euskal Herrikorako. Urrietan bueltauko dira txapelketea, buruko min, tensino eta aparajuak. Antolaketan laguntzen dabenek be mobimentu gitxi ez dabe erabiliko... Ordura arte hobeto holango ardurak ahaztu. Musika aproposkoa be ekarri deutsuet horretarako eta, bide batez, oraintsuengo txapelketearen ganeko azken artikulua gusturago leidu dagizuen.

Beste kontu bat, eta hau be ahaztu orduko: honezkero badakit datorren hilean Barriketan atalerako nor alkarrizketatu behar dodan, berak oraindino ez, baina nik bai. Bertsoa eta beste arlo batzuk be jorratuko doguz beragaz. Ea berbok leiduten dozuezanerako baietza emoten deustan. Nik pentsau baietz. Zezeilean, ahaztu ez egin, gero…

Irakurle jaun edo andrea, aiko hemezan aitatzeko geratzen jatazan txibizkeriak, finalisten jasa daukien bertsoak, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Oihana Bartra, Ibon Ajuria eta Gorka Lazkanorenak:


Oihana Bartra

Gaia: Astebete daroazu sofan lo egiten. Mutil-laguna beste neska bategaz bien ohean egon zala da Oihanak lehenengo bertsoan hartutako bidea.

Ta gai honegaz azken gauetan
ibili naz sentibera,
erabaki bat edo bestea
ez baita gauza berbera.
Baina edozein hartuta ez da
trankil geratzen norbera:
emon bigarren aukera
edo potatik hartzera...
Hamaika aldiz etorri jata
parkamena eskatzera,
baina, ez dakit ja zer aldatu:
izarak edota bera?


Iñaki Iturriotz

Gaia: Iñaki, Lehendakari izentauko zaitue laster. Poz-pozik dabilz danak inguruan. Onintza, zure alabea, ostera, ez dozu horren pozik ikusten. Iñakiren bigarren bertsoa.

Ohe ertzera joan
ninteke kantari;
eukiko doguz biok
kontuak ugari.
Ajuriaenea da
biontzako kabi.
Biak izan ninteke
ni, entzu’izu adi:
gauetan aita eta
goizez Lehendakari.


Eneko Abasolo

Gaia: Astebete daroazu sofan lo egiten.

Orain bost urte guk alkarreri
lotuta etorkizuna,
boda batean atzaparretan
jarri gendun eraztuna.
Baina azkeneko sei hileetan
dena egin da iluna:
batek galdera bota ezkero,
besteak orru erantzuna.
Gure ohean lo lasai dago
orain arteko laguna,
eta nik sofa honetan jada,
gaur, zazpigarren eguna…
antza amaitu egin delako
bion arteko maitasuna.


Ibon Ajuria

Gaia: Iratxe eta Ibon, bikotea zarie. Dirua behar dozuela eta, zuen hainbat gauza Internet bidez saltzea erabagi dozue. Iratxe, Ibon saltzekoen zerrendea egiten hasi da eta zeureak dira saldu gura dituan gauza gehienak. Etxeko katua saldu edo ez saldu dabilz.

Baina katutxo hori
sartuz berehala…
zeozer kendu behar zan
nola edo hala.
Gure etxea ez da
gaur horren zabala;
jakinda gurea be
ondo ez doala…
suertea dozu zu
saldu ez zaitudala.


Gorka Lazkano

Puntu-erantzunak

Gatazkak eta gerrak nazio artean

Afganistan zein Gaza
bat eta bestean.
Eta mundu osoa
bakean eskean…
danok pozik gengokez
hori iristean.

Munduko herri guztiak askeak balira

Geu be egongo gintekez
nahi gendun neurrira.
Hasita nagoenez
etxera begira:
lehenengo geu askatu
gaitezen sikira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu