Pederastak harrapetea ze gatxa dan
2013-01-15 14:12 BidaideAPLE 2003an martxan hasi zanetik 404 gizon ikertu ditu; horreetatik 243 atxilotu ditue eta 164 (99 atzerritarrak) zigortu bere bai. Bederatzi gizon euren herrialdeetan epaitu zituen, hamar Kanbodiara atzerriratu zituen, eta 25 epaiketea noiz egingo itxaroten dagoz. Baina ez erraza pederastak harapetea
A K. Y.-rentzat ez zan erraza izan jazotakoa onartzea. Izan be, 14 urtegaz gatx egin jakon abusu sexualak jasaten zituala ulertzea. Azken baten, otu be bere familiari hainbeste laguntzen deutson gizonak kalterik egingo eutsanik! Horregaitik, Phnom Penh uriburuko kaleetan saltzaile dabilen kanputxear nerabe honek ez eban txitik be esan. Aitagaz batera doban bizi dan pagodako monje budistetako batek gaztearen jokabide aldaketak ikusita ia zer jasoten jakon galdetu eutsan arte. Orduan kontau eban A K.-k etxeko beharrak egiten joian pisuan bizi izan gizon espainiarrak hartu-emon sexualak izatera behartu ebala.
Monjeak Poliziagana jo eban, eta Personen Trafikoaren Kontrako Taldekoak 2010eko urtarrilaren 10ean etorri ziran hona, kontetan dau Khoem Vandok, kasu honen jarraipenaren arduradun eta Action pour les Enfant (APLE) Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak. APLEk ikerketa bat hasi eban eta gaztea alkarrizketau eban. Hasieran turista espainolak bere aita etxea garbitzeko kontratau ebala azaldu euskun. Ostean, motorra oparitu eutsan, bere saltzaile lanean laguntzeko. K. Y. etxera garbitzera joateagaz nahikoa zala esan eutsen turisteak. Holan, turista espainolak, F.P.C. inizialduna, nerabeagaz bakarrik geratzea lortu eban. Hiru hilean, K.Y. uzki edo aho bidezko sexu hartu-emonak izatera behartu eban. Amaitzean, diru apur bat emoten eutson, dolar bat eta 25 zentimo artean.
Poliziak jasotako adierazpenen arabera, K.Y. ez zan salaketarik ipinten ausartu bildur zalako F.P.C.-k ez ete eban aita soldata barik itxiko. Baina pausua emon ebanean, espainiarra desagertu egin zan. Bat-batean itxi eban etxea, gauza gehienak bertan lagata, azaltzen dau Khoemek.
Horregaitik, F.P.C in absentia epaitu eban Phnom Penheko epaitegi batek. Epaileak ontzat emon eban K.Y.-ren lekukotzea, eta Kanbodiako Zigor Kodeko 34. artikulua (2007an onartutakoa) kontuan hartuta, ezarri eutson zigorra turista espainiarrari: 10 urteko kartzela zigorra eta 8 miloe rieleko kalte-ordaina (1.500 euro inguru).
Ebazpena beteteko, espainiarra topetako agindua emon eutson Interpoli. 57 urteko gizona 2010eko abuztuaren 10ean atxilotu eben Espainian. Valdemoroko kartzelan sartu eben, ustez askatasun sexualaren kontrako delitua eta umeen pornografia sortzearren.
Madrilgo 6. Instrukzinoko Epaitegi Zentralak preminazko nazinoarteko erregu-gutun eskaerea egin eban, Kanbodiako epaitegiak bialdu eiozan epaiketan erabilitako agiriak, aldez aurreko eginbideak burutu ahal izateko. Baina Madrilgo epaitegiak ez eban erantzunik jaso, eta handik hilabete bira, araudia betez, prozesua amaitutzat jo zan.
Kartzelan 74 egun emon ostean, eta Espainiako Poliziak ez ebanez topau umeen pornografiarik F.P.C.-ren ordenagailuan, Madrilgo epaileak artxibau egin eban kasua. Beraz, Kanbodian hamar urteko kartzela zigorra izan arren, turistea libre dago Espainian, eta kargu barik.
Zer jazo da? APLEko kideak seguru dagoz: erruduna da. Ez dabe ulertzen Espainian pornografia delitua besterik ez izatea, jatorrizko karguak sexu-abusuak dira eta. Erregu-gutun eskaerea ez zan egundo Kanbodiara ailegau, euren arabera, eta Phnom Penheko funzionarioek berretsi egin dabe, ez dabe ezer jaso.
Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioko iturriek, Efe agentziako kazetari baten itaunei erantzunez, agiria prestetan dabilzala azaldu eben, baina izapideak sano luzeak dirala. Global Humanitaria Gobernuz Kanpoko Erakunde espainiarrak (Protect proiektuko kidea da eta APLE finanzetan dau) onartzen dau Kanbodiak ez eutsola Madrilgo eskaereari erantzun, eta horregaitik ez zala epaiketarik egin Espainian.
Dana dala, agiriak jaso arren be, justizia espainiarrak ez leuke akusaua egon ez dan epaiketa bateko ebatzia onartuko. Proba garrantzitsu bakarra umearen lekukotasuna da, eta ganera ez eutsen osasun-azterketarik egin, dinoena egia dan jakiteko. Kasu honek agirian itxi dau ze zailtasun dagozan pederasta atzerritarrak harrapetako, moeta honetako delituak estraterritorialidade legeek arautzen dituen arren. Egia da gure burokrazi dala-eta, epeak amaitu egiten diralako, pederasta batzuk aske geratzen dirala, autortzen dau Khoemek.
Erakundeak batutako datuen arabera, APLE 2003an martxan hasi zanetik 404 gizon ikertu ditu; horreetatik 243 atxilotu ditue eta 164 (99 atzerritarrak) zigortu bere bai. Bederatzi gizon euren herrialdeetan epaitu zituen, hamar Kanbodiara atzerriratu zituen, eta 25 epaiketea noiz egingo itxaroten dagoz. Hiru zigorra beteten eben bitartean hil ziran, eta gehienak errubakoak dirala inoen arren, 11 besterik ez ziran libre geratu epaiketearen ostean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!