Txinako sekreturik ezezagunena
2012-12-28 14:52 BidaideNekazari batek topau eban lehenengo aztarnategia 1974an eta ordutik arkeologoek 6.000 eskultura baino gehiago topau ditue, danak desbardinak; adituek dinoenez, beste bi mila inguru egon daitekez oraindino lur azpian. Terrakotako ejerzitoa iceberg-aren muturtxua baino ez ei da, gaur aroaren aurkikuntza handienetakoa.
Xi’an-en Indiana Jones esploratzailearen bila dabilz. Inork ez dau lehenengoa izan gura Qin Shihuang (259 - 210 K.a.) enperadorearen hilobiaren gordeleku dan lur azpiko jauregian sartzen. Eta ulertzekoa da. Txina batu eban gizonaren gorpua da han gordeta dagoana baina besterik zer dagoan inork ez daki. Legendaren arabera, makinatxu bat altxor dagoz eta horreek eta aitatu gorpua babesteko hainbat tranpa be bai.
Arkeologo eta aditu talde batek 690 metro luze eta 250 metro zabal hartzen dauen ingurunean, 10 eraikinen arrastoak topau ditu eta adierazpen ofizialik egin ez daben arren, badirudi aurreikuspenak bete egin dirala. Lapurren kontrako pozoin moduan erabilteko merkurio edo urrebizi asko topau ei dabe eta lurrazpiko bolumetria teknika aurreratuak erabiliz txinatar arkeologoek marraztu dituen planoetan zehaztu bako hilobi-gela edo areto banaketea agiri da; horrezaz gan, leku jakinetan zapalduta ustezko lapurren kontra joango litzatekezan geziak be agertu ei dira.
Adituen eretxiz, orain arte topautako giza eskulturek aldean daukiezan armetan atzemondako kromo estalkiak argi erakusten dau armok erabilteko moduan dagozala gaur egun be.
Beste alde batetik, sarkofagoa babesteko 76 metroko altuerako piramide bat dago lurrez estaldua eta drainatze-sistema korapilatsuagaz. Sarkofagoa dagoan lekura heltzea ez da erraza izango eta Gobernuak ez dau ahalegin horretarako baimenik emon, oraingoz ez baitago teknologia edo tresneriarik, ezta gitxieneko seguridaderik be barrualde osoa birrintzea ebitetako.
Hilobiaren gordelekuan ez baina antxinako milaka figura dagozan lau nabe erraldoietan indusketa lanak egiten jarraitzen dabe. Bata bestearen atzean, tarte laburragaz, arkeologoek kontu handiz eskultura gehiago ataraten ditue lur azpitik. Joandako bagilean, amaiera jakinik bako mausoleoan, Qin Shihuangen soldadu, akrobata eta trobadoreen 120 eskultura atara zituen lurpetik.
Nekazari batek topau eban lehenengo aztarnategia 1974. urtean eta ordutik arkeologoek 6.000 eskultura baino gehiago topau ditue, danak desbardinak; adituek dinoenez, beste bi mila inguru egon daitekez oraindino lur azpian. Terrakotako ejerzitoa iceberg-aren muturtxua baino ez ei da, gaur aroaren aurkikuntza handienetakoa eta lur azpian oraindino zer agertu daitekeen inork be ez daki, etan bakoak dira adituen arteko eztabaida saioak. Batzuen eretxiz, topautako figurak ez dira soldaduak edo gerra-gizonak; Jiu Jiusheng, historialari eta ikertzaileak oraintsu adierazo dau zerbitzariak, lepozainak eta enperadore basatiaren gorteko laguntzaileak dirala. Teoria gehiago be badagoz baina, oraingoz, adituen esanetan, segurutzat jo daitekeen gauza bakarra da Qin Shihuang-ek herrialdearen buruzagitza hartu ostean agindu ebala hilobia eregitea.
Arrasto arkeologikoen arerio nagusienetakoa denporea izaten da eta mimo handiz egindakoak izan arren, bururik edo besorik barik agiri diran figura batzuk kenduta, gehienak bikain konserbau dira. Lur azpitik ataratako azken figuretan jatorrizko kolorea gorde da eta horrek upealako errealismoa emoten deutso orain 2.200 bat urte Txinako aitaren gorpuzkinak babesteko agindua jaso eban ejerzitoari. Era berean, azken aldion turismoak inguruetan ixten dauen dirua be ez da bromea.
Izna be, argazkietan mila bider ikusi arren, aurrez aurre Xi’an-eko terrakotako eskulturak ikustea lakorik ez dago, oilo-narrua jarten jatzu eta sarrerako 20 euroak di-da ahaztuten dira. Arkeologia multzo osoak ez eze, figuren zehaztasunak zur eta lur ixten zaitu. Horreetako batzuk arkulari eta baleztariak dira, gudarosteko kideak, sarritan animalia eta guzti agertu diranak eta 35 zaldi-gurdi be bai. Edozelan be, harridura gehien eragiten dauena da bizirik dagoan aztarnategi arkeologiko baten barruan zagozalako eta segurutik sekula deskubriduko ez diran misterioen aurrean zagozalako sentsazinoa. Harrison Ford-ek bazterrak harrotuko leukez inguru horretan...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!