Etxepare Euskal Institutuak Eider Rodriguezen 'Katu jendea' ipuina bost hizkuntzatan argitaratuko dau
2012-12-21 10:34 KultureaEtxepare Euskal Institutuak Eider Rodriguezen Katu jendea ipuina euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratuko dau Euskal Sortzaileak Saila bildumaren barruan.
Etxepare Euskal Institutuak Eider Rodriguezen Katu jendea ipuina euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratuko dau Euskal Sortzaileak Saila bildumaren barruan. Itzulpenok, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteak (EIZIE) Etxepare Institutuaren babesagaz eta Paueko UPPA unibersidadeagaz lankidetzan urrian antolatutako Idazlea itzultzaileen lantegian ekimenaren emoitzea dira.
Euskeratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintzea sustatzeko ahaleginari jarraituz, Idazlea itzultzaileen lantegian ekimena antolatu eban EIZIEk joan dan urrian, Etxepare Euskal Institutuaren babesagaz eta UPPA unibersidadeagaz lankidetzan. Izan be, gure literaturearen lagin bat mundu zabalean ezagutzera emoteko bidea da lantegia, besteak beste, han itzultzen diran testuen bitartez, Etxepare Euskal Institututik adierazo dabenez.
Eider Rodriguez idazlea eta bost itzultzaile jarri zituen mahai baten bueltan, eta, Katu jendea ipuina ardatz hartuta, ikuspegi barri bati heldu eta hiru itzulbide desbardin aztertu zituen: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.
Etxepare Euskal Institutuak argitaratuko dauena tailerraren emoitzea da, hau da, Eider Rodriguezen ipuina bost hizkuntzatan: Katu jendea euskaraz; Gatos -Eider Rodriguezek berak gaztelaniara itzulia-; Tant de chats -Joana Pocheluk euskeratik zuzenean frantsesera itzulia-; Katzenmenschen -Gabriele Schwabek euskeratik alemanera zuzenean itzulia-; Katmensen -Peter Smaardijk eta Henrike Olasolok euskeratik nederlanderara itzulia-; eta Chats -André Gabastouk gaztelaniatik frantsesera itzulia-.
Katu jendea Euskal Sortzaileak Saila bildumako hirugarren alea izango da, Bernardo Atxagaren Borrokaria eta Anjel Lertxundiren Non omnis moriar lanen ondoren. Bi horreek euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratu ziran. Aurrekoak legez, Katu jendea www.etxepareinstitutua.net webgunean jarriko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!