Bueltan
2012-12-07 15:36 BidaideBeti da arriskutsua asko gozau dogun leku batera bueltetea. Gizakiok momentu onak idealizetako joerea daukagu. Bueltetea nekagarria da. Kanbodiara egin dodan azkenengo bidaian berretsi egin dot nire eretxia. Orain hamaika urte izan nintzan bertan lehenengoz. Egoan lez itxi beharreko guztia aldatu dabela begitandu jat.
Beti da arriskutsua asko gozau dogun leku batera bueltetea. Gizakiok momentu onak idealizetako joerea daukagu, gogoratzen doguzan bakotxean aurrekoan baino gustu gozoagoa daukiela begitantzen jaku. Errealidadea kondaira bihurtzen da, momentu txarrak leundu egiten dira, eta alperrik galdurako orduak ahaztu egiten dira: imitxaz betetako logelea inoiz ezagututako ostaturik exotikoena dala uste dogu; lepoa eta kokota txiki-txiki egin genduazan kamioi ha garraiobide kuttuna da; eta, harek arroz platerak, autoko origoz egindakoak, hiru Michelin izar emoteko modukoak dirala esango geunke.
Horregaitik, buelteteta gitxitan da atsegina. Batez be Asian. Itxaropentsu zoaz, asmautako istorio horren neurrira. Baina, ezerk ez dauka lehengo saborerik. Garapenak eragindako aldaketak beti dira etsigarriak, nahiz eta agirikoa dan bertoko herritarrek bizitza mailea hobetu dabela. Edozelan be, herriak bere izaerea galtzen dau, mobidutea askoz errazagoa da eta. Turistak ernegagarriak dira: lehen inor ez egoan lekuan orain txino talde gogaikarriak dagoz, bata besteari bultza egiten, euren Iphonegaz nork erretratu ederragoa egingo.
Benetan, bueltetea nekagarria da. Kanbodiara egin dodan azkenengo bidaian berretsi egin dot nire eretxia. Orain hamaika urte izan nintzan bertan lehenengoz. Egoan lez itxi beharreko guztia aldatu dabela begitandu jat. Angkorreko etorbideak, lehen lasai-lasaiak, orain turista talde antolatuz ganezka dagoz. Eraikinak babesteko hesiak ipini behar izan ditue. Siem Reap moduko urietako kale nasaietan, gaur egun, Lady Gaga arrantzaka dagoan bozgorailuz beteta dagoz.
Bitxia bada be, lehengo lez dagoana da aldatu behar izango litzatekena. Egon nintzan aurreko aldian, Nazio Batuek bake misino polemikoa amaitutzat emon barri zan. Berrogeita hamar urteko gerren emoitzea zan personen kontrako minak kentzea egoan eztabaidagaia orduan, eta kanpotik etozan
pedarastak bere bai. Hamarkada bat baino gehiago joan da ordutik. Minek urtero 200 bat lagu hilten ditue, eta biktimak gora egin dabe ganera, eta umeak bortxatzen dituen kanpotarren kopurua ez da gitxitu, GKEen lana eta legeak aldatu arrren. Eta Hun Sen, munduko lehen ministro ustelenetakoak, poderean segiduten da.
Egoerea okerragoa da orain. Pobrezia hazi eginda. Behintza, aberats eta ponbreen arteko aldea nabarmen handitu da. 2001n ez zan ezelan be Porsche autorik ikusten uriburuan, Phnom Penhen; gaur egun, barriz, saltokia eta guzti dauka. Batzuk asko aberastu dira, betiko lez, bizitza kalidadea apurtxu bat besterik hobetu ez daben makina bat personaren behar gogorraren kontu. Hau guztiau ikusteko buelteteak izorratu egiten nau.
Jakina, gure komunikabideetako albisteak irakurrita, badakigu holangoak Kanbodian eta beste leku askotan jazoten dirala. Gure herrian pasetan dana ikusiz, argi dago joerea globala dala. Baina bada alderik: Kanbodian ia herritar guztiek jasoten dabe hazkunde ekonomikoaren etekinen bat; Euskadin, eta Espainian, barriz, gitxi batzuk ia pornografiaraino aberasten dira, eskubide barik (laster kanbodiarren pare) geratzen dabilzan herritarren gehiengoaren sufrimenduaren kontu. Ez da harritzekoa kanbodiarrak eurek gure egoeregaitik tristezia adierazotea. Hori ez, hori ez zan orain hamaika urte pasetan. Bueltetako bape gogorik ez dau emoten horrek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!