Ijitoen kulturea ezagutzeko makina bat aukera, ume zein helduentzat
2012-12-07 13:41 KultureaIjitoen kulturea ezagutzeko aukera parebakoa daukagu egunotan Durangoko Azokan, izan be aurten eurok dira kultura konbidadua. Berbaldiak, liburu-aurkezpenak eta umeentzako jarduerak prestau ditue. Jennifer Perex Saguganbarako tailerren arduradun eta Kale Dor Kayiko alkarteko kideak jardueren barri emon deusku.
Ijitoen kulturea ezagutzeko aukera parebakoa daukagu egunotan Durangoko Azokan, izan be aurten eurok dira kultura konbidadua. Berbaldiak, liburu-aurkezpenak eta umeentzako jarduerak prestau ditue. Jennifer Perex Saguganbarako tailerren arduradun eta Kale Dor Kayiko alkarteko kideak jardueren barri emon deusku.
Adin guztietako umeentzako lantegiak eskaintzen ditue Kale Dor Kayikoko kideek egunero, 15:30etik aurrera, Saguganbara umeentzako gune berezian. Hara eta hona, lanpetuta dabil Jennifer Perex, alkarrizketa piloa egin dodaz daborduko, autortu deusku irripartsu. Txapak egiteko tailerra, margozteko eta arpegia pintetako txokoak antolatu ditue. Edozein adinetako umeentzako dira, nahi daben guztiak etorri daitekez, dino.
Eguenean, lehenengoa egunean, topera ibili ziran ijitoen tailerretan. Ume asko-asko egon zan, eta ordutegitik kanpo be arpegiak margozten ibili ei ziran. Tailerrak 19:30ean amaitzen dira, baina 20:00ak arte lanean ibili ginan. Oso ondo, oso pozik gagoz, azaltzen dau.
Erakusmahaia be badauka Kale Dor Kayiko ijitoen alkarteak. Ijito herriari buruzko gura beste informazino topau daiteke bertan, eta zalantzak argitzeko be leku aproposa da. Askok gure bandereari buruz itauntzen deuskue -dino Perexek- gehienek ez dakie daukagunik be.
Liburu interesgarri bi ekarri ditu Kale Dor Kayikok Durangora, Soraya Motos emakume ijitoaren Jani eta Ilargia eta beste ipuin batzuk eta Juan Gainzarainen Kutsidazu historioa, Romi komikia. Motosen liburuaren jatorrizko bersinoa, gaztelaniaz, eta euskeraz zein romanizko itzulpenak topauko doguz mahaian. Gainzarainen liburua euskeraz eta gaztelaniz dago. Ijitoen kultura, historia eta hizkuntzara hurretazeko aukera polita dira biak be.
Saguganbarako tailerrak antolatzeaz gan, Jennifer Perexek urte osoko lana dauka KDK Gazteak taldeagaz, hau da kale Dor Kayikoko gazteakaz. 14-26 urte bitarteko neska-mutilek osotzen dabe taldea. Normalean ijitoek aisialdi gitxi daukie. Eurentzako normalak ez diran lekuetara joaten gara, museoatara, berbarako. Beste gazte batzuekaz erlazinatzea da gure helburua, ijitoak izan edo ez, argitu deusku Perexek.
Ijitoak aspaldi ailegau ziran Euskal Herrira, orain 600 urte, halanda be oraindino aurreretxi ugari dagoala uste dau Perexek. Nik pentsaten dot ezagutzen ez gaituelako dala. Ez badozu ezagutzen telebistan esaten dana eta entzuten dozunari egiten deutsazu kasu. Alkartearen lana ijitoen kulturea eta historia ezagutarazotea da, holan, akaso, ijitoei buruzko eretxia aldatuko da. Integrazinoa berbea ez jako bape gustetan Perexi, orain sei mende heldu ginan, Euskal Herria gurea be bada, euskaldunak gara, dino. Baina, alkar ezagutzea falta jakula onartzen dau. Hau guztiau euskeraz kontau deusku, ganera.
Kale Dor Kayikoren erakusmahaia edo Saguganbarako tailerrez gan, ijitoen kultureak aparteko egitaraua dauka Durangoko Azokan. Hemen hitzorduak, labur-labur:
Abenduak 7
- 15:30 Areto Nagusia
Berbaldia: Emakume ijitoaren aldarria". Emakume ijitoaren gaur egungo egoerea eta aldarrikapenak, Sim Romi emakume ijitoen alkarteko presidente Rosa Jimenezen eskutik. Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasunerako zuzendari Xabier Legarretak be parte hartuko dau.
- 15:30 Saguganbara
Ijitoen tailerrak: txapak, margoak... Kale Dor Kayiko alkarteko gazteen eskutik.
- 16:00 Irudienea
Film emenaldia: Latcho Drom (Tony Gatlif).
- 16:30 Saguganbara
Emakume ijitoen ipuin kontaketea: Soraya Motosen Jani eta Ilargia eta beste ipuin batzuk.
- 22:30 Plateruena
Gau ijitoa: FlamenKo 3.0. Fllamenko estilo desbardinak euskal kulturearen elementu esanguratsuekaz buztartuko ditue, bertsolaritzea, txalapartea eta bertako beste hainbat musika instrumentu. Las Fanys + Vembrulek + Bienmesabe + Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballez bertsolariak + Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartariak
Abenduak 8
- 15:30 Saguganbara
Ijitoen tailerrak: txapak, margoak... Kale Dor Kayiko alkarteko gazteen eskutik.
Abenduak 9
- 16:30 Areto Nagusia
Material didaktikoaren aurkezpena: Miguel y Nekane komikia (AGIFUGI –Gipuzkoaren etorkizunerako ijito alkartea–). Ijito herriaren historiari buruzko lana; Caló hiztegia (Israel Gabarri); KDKolorea liburua, umeentzako denbora-pasak, kultura ijitoa modu arin eta dibertigarrian transmitiduteko helburua dauen liburu didaktiko eta pedagogikoa; Sabor Gitano, Romi Bidean alkarteak egindako liburu gastronomikoa; Bohemiens, Nicole Lougaroten liburua, ijitoen herri-ohiturek hemen eta beste leku batzuetan izandako eraginaz; Soraya Motosen Jani eta Ilargia eta beste ipuin batzuk.
- 17:15 Areto Nagusia
Flamenkoari buruzko berbaldia. Isaac Motosek eskainiko dau (Filosofian Doktorea, ijitoa eta flamenkoan aditua), Luis Cortes gitarra-jotzaileak lagunduta.
- 18:00 Areto Nagusia
Erromintxelearen ganeko mahai-ingurua. Kale Dor Kayiko alkarteko presidenteorde Oscar Vizarragaren gizaritzapean hartuko dabe parte: Nicolas Jimenez (soziologoa), Josune Muñoz (euskal filologoa eta erromintxelaren fenomeno sozio-linguistikoaren ikertzailea) eta Jose Luis Lizundia (Euskaltzaindia)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!