Durangon makinatxu bat gune, zenbat-gura aukera

Bizkaie! 2012-12-06 14:44   Kulturea

Durangoko Landakogunean eta inguruetan dagozan guneakaz nahastau ez zaitezen, hona hemen gida laburtxu bat.

Makinatxu bat jente agiri da gaur Durangoko Azokearen lehenengo egunean. Aurten egun bat gitxiago, lau baino ez dira izango baina egitarau potoloa antolatu dabe Gerediagakoek, 300 ekitaldi baino gehiago eta inoizko egitaraurik zabalena.

Durangoko Landakogunean eta inguruetan dagozan guneakaz nahastau ez zaitezen, hona hemen gida laburtxu bat:


Areto Nagusia

Azokaren aurkezpenen bihotza da areto nagusia. 46 aurkezpen egingo dira (gehienak liburuak) eta solasaldi eta hitzaldi nagusiak bertan egingo dira. Ordu erdikoak izango dira aurkezpenak.


Saguganbara

Orain arte Haur Literatura Aretoa moduan ezagutu doguna da. Izen barritu eta egokiago bategaz dator aurten ume eta gurasoei eskainitako gunea. Izan be, orain arteko Umeen Literatura Aretoa ez da ez umeentzat bakarrik ezta literaturara mugatzen. Hori baino gehiago da Saguganbara; eta aurtengo Durangoko Azokan hiru espazio bereiztu izango ditu. Egitarauari jagokonez, tailerrak nabarmenduko dira ohiko ipuin kontaketak eta aurkezpenakaz batera. Ahotsenea


Ahotsenea


Sorkuntzea makalduko dauen krisirik ez dagoala erakutsiko dau aurten Ahotseneak. 4 egunetan goizetik gauera, eten barik, aurkezpen eta emonaldiak egongo dira Ahotsenean eta Bernardo Atxaga ala Ramon Saizarbitoriagaz hasi eta debuta aurkeztera datorren talde gazteagaz amaituta, guztiek konpartiduten dabe espazio eta denpora bera Ahotsenearen plazan.


Irudienea

Euskal ikus-entzunezko sorkuntzearen barri izateko dagozan erakustoki bakar horreetako bat da eta batez be film laburrei jagokenean, ohiko zirkuitu murritzetatik kanpo, ia Irudieneak bakarrik emoten dau sorkuntza horren barri izateko aukerea. Irudienean ikusten dira beste inon ikusten ez diran ikus-entzunezko sormen lanak. Babes gitxi daukan alorra da ikus-entzunezkoena eta Irudieneak sostengu-emoile izan nahi dau, plaza eta harremanetarako gunea eskainiz.

Bigarren urtea egingo dau Durangoko Azokak ekimen honegaz eta aurten film laburrak, 3D sorkuntzak (euskerazko lehen lanak aurkeztuko dira, film zein bideo-klipakaz) eta zuzendari eta sortzaileakaz zuzenean egoteko aukerea eskainiko da.


Plateruena

Azokearen bizitza bor-bor dago beti Plateruenan. Bai, kontzertuen gozamenarengaitik, baita, bisitari, sortzaile eta kale giroaren topaleku be badalako. Azokako esperientziaren bizipenen gune nagusietako bat da.

K@bia

Teknologiak, sorkuntzeak, kultureak eta edukien konsumoan joera barriek erakustokia eta hausnar egiteko lekua dabe K@bian, teknologia barriei dedikautako gunean. Euskal gizarteak teknologia barrietan bizitza handia dau eta puntako proiektuak aurkeztuko dira aurten be. Tartean transmedia proiektu baten aurkezpena egingo da eta aurten be euskerazko Wikipedia maratoiak bere lekua izango dau, berbaldi eta solasaldi espezializatuakaz batera. Urteko sareko proiektu interesgarrienek be saria jasoko dabe Durangoko Azokan.


Szenatokia

Arte eszenikoek lekua izango dabe San Agustin aretoan aurten, bestelako erakustazoka eta jaialdietan lekua topetan ez daben euskal sortzaileei eskainita. Kultur Guneagaz alkarlanaren emoitza moduan, antzerki maratoiak, iraupen laburreko obrak etas bestelakoak izango dira egunero, bai goizez zein arratsaldez. Programatzaileei bereziki zuzendutako ekimena da aurten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu