Antzekoak bai; desbardinak be bai

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-11-29 12:03   Bertsolaritzea

Liburu eta bideoen artean induska ibili ostean topau dodazan ejenplu pare bat dakardaz, horreen eta domekako saioko gaien arteko desbardintasunak igarri dagizuezan.

Ezertan hasi baino lehenago, lagun bi aitatu gura dodaz. Datorren hilean ezkonduko jakuz eta gaurko artikuluaren hasiereak Bizkaia Irratiko zorion-agur baten antza hartzen badau be... Zorionak Zeanuriko Mikel eta Otxandioko Idoiari! Elegante pasau dagizuela Asier, Amaia eta etxeko guztion partez.

Mila esker, batez be, bodea Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren egunean ipinteagaitik. Miribillan akordauko naz zuokaz demonientrook. Hagaitik eta arean modernizau guran, bideo polit bat be egin deutsuet, musika eta guztikoa. Ez zaiteze kexau, ze normalean baino majoago eta majago agertzen zarie bertan. Ea holangoakaz Mirenek zuok baino artikulu gehiago leiduten deustazan.

Artikuluari ekin daiogun, orduan. Txapelketako azkenengo saioan, Landakon, egon zinienok laster barruntauko dozue nondik nabilen. Beherantza begiratu ezkero, ikusiko dozue zelan ofizio bi ipini deutsuedazan euren gaiakaz. Bada, astegoieneko saioan gaien kontuari buelta eta buelta ibili nintzan. Izan be, inoz pasau jatan moduan, bat baino gehiago aurretik entzunda edo leiduta eukitearen sensazinoa neukan.

Liburu eta bideoen artean induska ibili ostean topau dodazan ejenplu pare bat dakardaz, horreen eta domekako saioko gaien arteko desbardintasunak igarri dagizuezan. Pentsetan neban gai igual-igualak topauko nituala, baina ez. Ñabarduraren batek goitik behera aldatu leike ofizioa eta horixe da gaur erakutsi gurako neuskizuena. Hori eta gai-jartzaile taldekoek behar fazila ez daukiela eta gehienetan elegante beteten dabela —perfekzinoa baino gauza motzagorik...—.

Aiko hemezan Leire Bilbaok Durangon bertsolariei ipinitako gaiak: Etxahun eta Gorka, medikuak zarie. Larrialdietan gaba guztia behar eta behar pasau dozue. Amaitu da zuon lana, baina ganezka itxi dozue ospitalea eta Gorka, estresak jota zagozala eta, masajea hartzen joatea erabagi dozu Arrate masajistearengana. Kamillan etxun zarenetik, berba eta berba dabil Arrate. Etxahun Lekue eta Gorkaren Ostolazaren zortziko handia entzun gura badozue, hementxe daukazue oportunidadea. Lastimea da, baina bigarren ofizioa inon ez dot topau.

Segiduan leiduko dozuezanetatik, lehenengo gaia antxina bakoa da eta gehienoi ezaguna egingo jatzue: 2011ko Gizpuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietan ipinitakoa da. Bigarrena ez da hain ezaguna: 1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietakoa, hatan be. Beste baten bat be badaukat, baina nigaz aburridu ez zaitezen, nahiko eta lar dala pentsetan dot.

Gaia: Zuek, Alaia eta Felix, larrialdietan lan egin egiten dozue. Zuk, Alaia, ikusten dozuzan egoera gogorrak dirala-eta, lana itxi gura dozu; Felixek, barriz, ez.

Doinua: Aizak hi mutil mainontzi

Alaia Martin

Ave Mariak esanda
hasten dut gaueko txanda,
eta erraza izan liteke
hotz-hotza izanda.
Utzi beharra dut jada,
lotan pasatzeko gaba:
nire bizia galtzen dut eta
beraiei emanda.


Felix Zubia

Gure lanaren morrontza:
bizitzea heriotza.
Itxura batez Alaia dezu
bokazio motza.
Heriok sega zorrotza,
baina irudia osa:
beste balantzan jarri ezazu
salbatuen poza.

Alaia

Min ematen digu guri;
bueno, agian ez zuri.
Jasaten ditut ahaztezinak,
hainbeste irudi.
Ebakuntza ta bisturi,
zenbat gorpu txuri-txuri:
heriotzari begira bizi
naizela dirudi.

Felix

Mila botika, ukendu;
oker dagona zuzendu;
tuboak jarri kateterrekin;
min dunari kendu.
Gaixua nahi nabarmendu,
berarengana zuzendu.
Sendatuaren poza ezin da
dirutan ordaindu.

Alaia

Sarri apendizitisa
edo ahotik bilisa.
Lanbide hontan poza ez al da
izaten murritza?
Hobe uztea langintza,
kontzientzia dut baldintza:
nire eskutan ez dut utzi nahi
besteen bizitza.

Felix

Amets asko zapuztuak,
danak ez dira justuak,
baina pentsatu bizitzan alde
dira apustuak.
Sarritan gaude nahastuak
edo momentu ixtuak,
baina bizitzan bidea dira
Me(d)ikuon eskuak.


Gaia: Zu, Jose Luis, masaje-etxe batera joan zara. Han Peñagarikano neskatoa jatortzu masaje bat emoten, baina oso esku hotzak daukaz.

Doinua: Xarmangarria zara

J.L Gorrotxategi

Hainbeste propaganda,
hainbeste retratu
ikusi eta gero
egin nuan tratu.
Orain neska honekin
nola ez erotu?
Sutan baldin bada re,
eskuak berotu.

A.M Peñagarikano

Masajistetarako
gera aproposak.
Maña puska bat badu
gure neska motzak
ta, nik eduki arren,
oso esku hotzak…
Gaurko masaje hori
hiri gustako zak.

Gorrotxategi

Honek moldatu nahi du
hemen numerua,
gizon aitonduakin
ez da segurua.
Honek zer dakarkien
nekatu burua:
eskuak hotzak eta
bero panderua.

Peñagarikano

Zertarako sinistu
orain esan duna.
Badaukat artimaña;
badet osasuna.
Masajea ematea
det eginkizuna,
nik gogortuko dizut
bigun daukazuna.

Gorrotxategi

Zu zertara zatozen
nago jakinean,
baldin badago hori
gogor ezinean,
sudurrakin zirrika
bizkarran gainean,
bi gusto hartzen ditut
jornal berdinean.

Peñagarikano

Nik sudurra luzea
eta honek fletxa.
Masaje ematen ez naiz
ni horren traketsa.
Ikustekoa degu
gizon horren bretxa:
polbora asko eta
balio ez dun metxa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

jon 2012-11-29 23:41 Erantzuna | #1

nik be zoriondu gura dodaz Mikel eta Idoia... mikel beti izan da bertsozalea, hagaitik egingo dau ospakizun jaie abenduak 15 ean...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu