Euskal preso eta igeslarien lanak batu ditu aurten be Ataramiñe argitaletxeak

Dabi Piedra 2012-11-27 14:14   Kulturea

Durangoko Liburu eta Disko Azokeari begira, 2012ko uzta oparoa aurkeztu dau Bilbon Ataramiñek. Ohiko bilduma-liburuaz ganera, Xabier Makazaga, Oier Goitia eta Mikel Antzaren lan bana argitaratu ditue, lau liburu guztira.

Durangoko Liburu eta Disko Azokeari begira, 2012ko uzta oparoa aurkeztu dau Bilbon Ataramiñek. Ohiko bilduma-liburuaz ganera, Xabier Makazaga, Oier Goitia eta Mikel Antzaren lan bana argitaratu ditue, lau liburu guztira. Gai eta genero ugari landu ditue idazleek oraingoan eta ilustrazinoak be pisu handia hartu dau. Lan guztiak, espetxeak edo erbesteak emoten dauen ikuspegi bereziak lotzen ditu.

Esaten da euskal presoek asko idazten dabela, adierazo dau Oier Gonzalez Ataramiñeko kide eta preso ohiak, baina ez da erraza izaten presoen lanak argitaratzeko moduan batzea, adibidez batzuetan gutun-bildumetatik atara behar izaten dira. Gaur aurkeztutakoa Ataramiñeren 12. bildumea da, baina Mitxel Sarasketak zehaztu dauenez, ez da 12. argitalpena, 11.a baino, baina Ataramiñeren 12. urteari jagokona da. 21 euskal preso eta igeslariren lanak batu ditue bertan, tartean ipuinak, antzezlanak, saiakerea eta abar dagoz, oso bilduma eklektikoa da aurtengoa, azaldu dau Gonzalezek, genero aldetik ez eze, gai aldetik be anitza. Idatzi dabenen artean, izen ezagunak dagoz, tartean Joseba Sarrionandia. Irudi asko be sartu ditue.

Autoreen arteko bat, Aitor Llorente, Bilbon izan da gaur, udan atara eben kartzelatik. Fleuryko kartzelan egoala, nazismoaren kalteei buruzko lehiaketa baten parte hartu eban eta baita saria irabazi be. Ataramiñek euskeraz argitaratu dau nire istorioa, baina frantsesez aurkeztu behar izan neban, azaldu dau Llorentek, saria hartzeko ezin izan neban espetxetik urten eta antolatzaileak etorri ziran Fleuryra, sari banaketea han egin zan. Bildumako pasarte batzuk idatzi dituen Oier Gonzalez eta Maku Basabe preso ohiak be aurkezpenean izan dira.

Ohiko bildumeagaz batera, beste hiru liburu be aurkeztu ditu Ataramiñek. Fakin Xokona izenburuduna, Oier Goitia preso gernikarrak idatzi dau eta, argitaratu arteko bide gorabeheratsua euki dauala azaldu dau Oier Gonzalezek, Fresneseko kartzelatik beste baterako trasladoan, ordenagailua ezin izan eban eroan, baina Frantziako espetxe haretan dagoan Mikel Antzak berreskuratu eta bertan, idazlan batzuk egoazala konturatu zan; holan heldu zan Oier Goitiaren lana gure eskuetara. Mikel Antzak egin dau editore lana.

Mikel Antzak berak be, liburu bat plazaratu dau Ataramiñegaz, Kandela bat pizteko behar dena. Istorio laburra da eta irudiek indar handia hartzen dabe. Iker Moreno arduratu da ilustrazinoez, irudiari garrantzia handia emon deutsagu, Iker Morenok gure liburu bi ilustrau ditu eta Itziar Plazak postal berezia diseinau dau bildumea aurkezteko, Picassoren Gernika koadroan oinarrituta, esan dau Oier Gonzalezek. Iker Morenok ilustrau dauen beste liburua, hain zuzen, Oier Goitiaren Fakin Xokona da, marrazkilari bera da liburu bietan, baina estilo erabat desbardinak erabilten ditu, azpimarratu dau Gonzalezek.

Xabier Makazagaren Sasian barna be aurkeztu dabe gaur. Makazaga Bruselan bizi da erbesteratuta, baina interneti esker parte hartu dau Bilbon egindako ekitaldian. Orain dala 16 urte hasi nintzan liburua idazten, baina gero, baztertu egin neban proiektua, adierazo dau Makazagak, orain, sasoiak be aldatu diran honetan, orduan idatzitakoa berreskuratu dot. ETAko kideen bizipenak eta eguneroko bizimodua modu erreal baten erakustea da Makazagaren asmoa, baina onartzen dau, 1995ean idatzitako bizipenak agian zaharkituta geratu dira. Dana dala, oraintsu idatzitako epilogoa gehitu deutso. Fikzinozko eleberria da Sasian barna, baina errealidadean oinarritua, benetako jazoerak erakutsi nahi ditu.

Ataramiñeren bildumak eta beste hiru liburuak Durangoko Liburu eta Disko Azokan egongo dira salgai. Era berean, abenduaren 7an, Ahotsenean egingo dabe ekitaldia. Ataramiñeko kide Mitxel Sarasketak azpimarratu dauenez, presoen egoerak eta izaerak ezagutu gura dituenentzat ezinbesteko lana da. Oier Gonzalezek ganeratu dauenez, presoak dagozan bitartean, espetxeko literaturak jarraitu egingo dau, guk hau guztia amaitzea nahi geunke, baina presoak dagozan artean, lanean ibiliko gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu