Bernat Vidal: 'Artisautzea gaztetzen doa'

Koldo Isusi Zuazo 2012-11-27 11:45   Barriketan
Arbasoko presidentea

17. Euskal Denda abenduaren 5etik 9ra bitartean izango da Durangon Arbaso, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ehun bat artisau-tailer batzen dituan Euskal Herriko artisautzea sustatzeko alkarteak antolatuta. Gure herriko artisautza tradizionala laguntzeko eta sustatzeko sortu zan eta gaur egun be horretan dabiz. Arbaso, artisautzea eta urtero 20.000 lagun inguru erakarten dituan Euskal Denda izan doguz berbagai Bernat Vidal aitatu alkartearen sortzaile eta egungo presidentea danagaz.


1.- 17. Euskal Denda abenduaren 5etik 9ra izango da Durangoko merkatu plazan. Aurtengo edizinorako egun batzuen faltan zelako sentsazinoak dozuz? Zeintzuk dira helburuak?

Gizartean, gure hurreko ingurunean bizi dogun egoereak sano eragiten deust eta, esangura horretan, tensino puntu bategaz nago ze ez dago jakiterik jenteak zelan erantzungo dauen, zorioneko krisiak eragingo dauen ala ez. Azken bi edizinoetan ez dogu krisiaren eraginik igarri baina, ikusitakoak ikusita, aurten gorabeherak izan daitekezala pentsau daiteke.

Helburuei jagokenez, artisautza sektorearen eta publikoaren zerbitzura gagoz kalidade handiko feria eskaintzeko. Helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da. Profesional horreek biziraungo badabe, behar-beharrezkoa da, krisi garaian, artisauen lana bertatik bertara ikusarazotea, horixe baita Euskal Dendaren zuztarra, hain zuzen be. Izan be, artisautzea bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazoteko modu bat be.


2.- Aurtengo lema Artisautza eskura da. Ze mezu zabaldu gura dozue?

Lemeak argi adierazoten dauen lez, jenteari esan gura deutsagu artisautzea hur, eskura dagoala, Euskal Dendara doanak artisautza sektorearen eskaintza zabala jasoko dauela. Artisautzearen atzean zer dagoan ezagutarazotea da gure asmoa aspalditik; igaz, berbarako, artisauen arpegiak zabaldu genduzan eta aurten, barriz, eskuak dira protagonista kartelean, artisauek eskuak erabilten dituelako euren obrak egiteko eta eskuak eskura jokoa eginez, polito geratu jakula uste dot. Horregaz lotuta, artisauen lanak karuak dirala dinoenei be esango neuskie artisauen lanen prezioak bidezkoak dirala eta benetan balio dabena baino merkeagoak izaten dirala.

Era berean, artisauek neurrira, bezeroen eskaerak kontuan hartuta egiten dituela lanak azpimarratu behar dot eta hori be balio erantsia da.

Beste alde batetik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokeak eta Euskal Dendak be bezero fidelak daukaguz eta jentea aurten be hurreratuko dala espero dot.


3.- Euskal Dendan publikoak zuzen-zuzenean ikusten ditu artisauak beharrean, 'Artisautzaren Eginkizuna' erakusketea be egongo da eta makinatxu bat tailer, joku eta lehiaketa...

Bai. Publikoarentzat ahalik eta eskaintza erakargarriena atondu dogu. Ohikoa izaten da artisauak beharrean ikustea eta publikoarentzat sano erakargarria da hori, antxinako lanbideak oraindino bizirik dagozala ikusten dabe bisitariek eta, era berean, artisau produktuak onak dirala.

Artisauaren eta bisitarien arteko interakzinoa da Euskal Dendaren aurtengo edizino honen zutabeetako bat eta horren erakusgarri Artisautzaren Eginkizuna izeneko erakusketa bat egongo da; papelez egindako objektuei balorea emongo jake, zenbait tailer antolatuz, elaborazino prozesuan sakontzeko aukerea izateko. Erakusketea merkatu plazearen atarian jarriko da, eta han topauko dozuez, besteak beste, Montse Busó i Marsà artisau kataluniarra, nazinoartean entzute handikoa marmol-itxurako papelaren arloan. Erakusketearen testuinguruan, papel birziklatua zelan egiten dan ikusi ahal izango da, baita tindatua eta marmol-itxurea emoteko zen teknika erabilten dan be.

Tailerrakaz jarraituz, koadernaketari buruzkoa be izango da helduei bideratuta eta umeentzat be badagoz ekintzak, izan be, aukerea izango dabe artilebarria, karameluen eta zapi margotuen tailerretan parte hartzeko. Karameluen tailer horregaz oso pozik gagoz txikienak hezten gabizelako, ze txikitatik konturatzen dira kalidadea inportantea dala, urtero ikusten doguz umeak beren-beregi sartzen dirala azokan karemelu horreek erostera.

Artisauen eta bisitarien arteko komunikazinoa oinarrizkoa da Arbasoren eretxiz eta, beraz bisitariek erabagi ahal izango dabe, botoa emonez, zein dan ondoen apainduta dagoan erakusketaria. Era berean, artisau despistatua lehiaketan parte hartu ahal izango dabe eta sarrereagaz honako zozketan sartuko dira: asteburu pasa Durangaldeko ostatu batean.


4.- Ijitoen herriak protagonismo nabarmena izango dau aurtengo Euskal Dendan. Kale Dor Kayiko-ko emakumeen zein José Berrioren artisau lanak be ikusgai egongo dira...

Orain pare bat urte erabagi genduan Gerediaga alkarteagaz gure ekimenak koordinetea eta, esangura horretan, igaz be kultura galiziarragaz bat egin genduan eta gure azokan sei artisau galiziar izan ziran. Esperientzia aberasgarria izan zan danontzako eta aurten be ijitoen kulturea presente egongo da Euskal Dendan. Berbarako, merkatu plazako atarian Euskal Dendan lehenengoz izango dan Jose Berriori romanierazko Mistho avile, ondo etorri agurragaz egingo jako harrerea. Jatorri ijitoa dauen arabar hau Arbasoko bazkidea da eta mihimen-saskigintzan jarten dau bere indar guztia. Euskal Dendan, haren azken sortze-lanak aurkezteaz gan, bertatik bertara ikusiko dogu lanean.

Era berean, Kale Dor Kayiko kolektiboko emakumeek eskuz egindako hainbat lan izango dira erakusgarri: amantalak, zapiak, makilak eta bestelakoak.

Ijitoen beste erakusgai bat kafe tailer bat izango da; harria erabilitako teknika erakutsiko da eta, ondoren, dastatzeko aukerea be bai. Kafea, antxinako erara ehotzen eta preparetan adituak diran emakumeek egingo dabe.

Musikearen artisauek be bere lekua eta egitekoa izango dabe Artetsu Sariak galan.


5.- Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Danetara 56 artisau batuko ditu, gehienak bizkaitarrak eta Durangaldekoak 8, igaz baino bau gehiago...

Artisautzeari buruzko Diru-laguntzinoen Dekretuaren aginduz, bizkaitar artisauak gehiengoa izan behar dira. Edozelan be, gure alkartearen izaera nazionala kontuan hartuta, lurralde guztietako ordezkariak izango dira aurten be, urtero legez. Bizkaiko ordezkariak, hogeita bost dira; Gipuzkoatik hamalauk hartuko dabe parte; Nafarroatik seik; Arabatik hiru etorriko jakuz; Nafarroa Beheretik bi eta Lapurditik bat. Bartzelonatik be etorriko da artisau bat. Durangaldetik zortzi artisau etorriko jakuz, igaz baino bat gehiago.

Sektoreka sei artisau nekazaritzako elikagaien arlokoak izango dira, sei beirakoak, zortzi metalekoak eta seina zeramikakoak eta egurra lantzen dabenak. Ehungintza arloak ordezkari dezente gehiago izango ditu, hamar; larrugintzakoak launa izango dira. Horreez gan, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetikea lantzen dabenak be izango dira.


6.- 17. Euskal Dendara etorriko diranen artean hogei artisau barri izango dira, besteak beste Gabrek bermeotarra eta Jose Berrio arabarra. Besterik nabarmenduko zeunke?

Bai. Edadeari jagokonez, artisautzea gaztetzen doala esango neuke, gaztetzen eta modernizetan. Gure sasoian artisauak ezerezetik sortzen ginan... ogibide zaharren batek erakarrita edo eta gaur egun, barriz, enpresa-trebakuntza handiagaz datoz. Gaztetasun horren erakusgarri: gure artean izango da Jose Berrio, jatorri ijitoa dauen arabarra mihimen-saskigintzea lantzen dauena. Bermeotik Gabrek etorriko jaku; aditua da osogarriak egiten material birziklatuak erabiliz eta, oraintsu, Lur Barriak saria irabazi dau. Gorka Garrote bilbotarra be aitatuko deutsut, Lan Ekintza enpresa-mintegiari esker beharrean dabilena. Nafarroa Behereko Agerria, ahate produktuetako espezialistea eta Zur eta Lur zizelkari bilbotarrak be lehen aldiz izango dira Durangon.

Gipuzkoatik Durangoko Euskal Dendara lehenengo aldiz etorriko jakuzanak ondokoak dira: Aitor Bastarrika, tindu naturaletan aditua; jantziak eskuz margotzen dituan Maduixa; jantzi osogarriak egiten dituan Lorena Ibeas eta, azkena, egurrezko jostailuak egiten aditua dan Lanbera.

Nafarroako artisau barriak honakoak dira: euskal jantzi tradizionalak egiten dituan Texartu; Sergio Gomara eta Trok, larruaren artisauak; Matilde Rada zorrogilea eta, azkena, El Txoko, harri-kartoia erabilita, kilikiak egiten aditua.


7.- Zu zeu Arbasoko buru izateaz gan, hargina be bazara. Kontaiguzu zure esperientzia, zelan hasi zinan hargin?

80. hamarkadan, buztingintza tradizionalean eta Jose Maria Arriagagaz batera zurezko eskulturan be banenbilen eta hor parean subertau jatan INEMeko ikastaro bat hargin ogibidea ikasteko. Harri bat lantzeko espezialidadeak eta gaitasunak sano erakarri ninduan eta orduan konturatu nintzan horixe zala bila nenbilena. Hortik aurrera, bete-betean sartu nintzan lanean, ikertzen, eskolak emoten eta Bilboko Museo Etnografikoan beharrean be ibili nintzan... Halako batean Arbaso sortzea pentsau neban artisautzearen munduko lagunak batzeko asmoagaz eta gaur egun Arbasoko presidente zereginak jaten deust ia denpora guztia.


8.- Gure herriaren balio kulturak bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modua be bada artisautzea. Zeozer gehiago erantsiko zeunke?

Bai, esandako horregaz bat nator eta jakina gauza asko esan daitekez artisautzaz. Artisautzea bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazoteko modu bat be. Baina pentsetn dot artisautzeak definizino zehatza beharko leukela ze orain arte ez da inor ausartu artisautzea zer dan zehaztasun handiz definiduten. Hori beharrezkoa da artisautzea oro har eta erregistroetan dagozan ogibideen organigramak arautuz zeozelako batasuna ezartzeko. Onerako edo txarrerako artisautzea Lurralde Historikoen Legearen pentzutan dago, kasuan kasuko Aldundiaren menpean dago. Eusko Jaurlaritzeak erispide batzuk bateratzeko ahalegina be egon zan baina ez zan adostasunik izan. Giro horretan, desoreka handiak dagoz lurralde batetik bestera, Bizkaian ondo gagoz, Gipuzkoan be bai, Araban, barriz, gauzak okerrago dagoz eta Nafarroan be nahiko ondo dabiz.


9.- 2005ean, Arbasoren 10. urteurrenagaz bat eginik, Artetsu Sariak banatzen hasi zinien. Nortzuk dira aurtengo saridunak?

Sarion bitartez, banakakoen edota entidadeen lana aintzat hartu nahi dogu eta konplizidaderako bidea eta loturak sortu nahi doguz aitaturiko lan hori apurka-apurka hazten joan daiten. Esangira horretan, orain arte lau kategoria izan dira eta aurten bosgarren bat gehitu dogu, euskerazko lanen ganekoa, hain zuzen; esangura horretan, Arbasoren jardueran euskera maila onargarria lortzeko bidean, itzulpen lanetan eta lan handia egiten dauen Fernando Ruiz sarituko dogu aurten, Berbaroren bitartez, Durangoko Udaleko euskera sailerako beharrean dabilena.

Ganerakoan, Bizitza Osoa kategorian, Iñaki Alberdi da saritua, euskal makilak egiten dituan irundarra; Hedabideak kategorian, El Correo Durangori emongo deutsagu saria Euskal Dendaren barri zabaltzen egindako lanagaitik; Erakundeak Lagun atalean, barriz, geugaz bat eginik 10 urte daroezan erakundeak saritzen doguz eta, aurten, Urduñako Udala eta Urduñako Olaran Alkartea nabarmenduko doguz; azken buruan, Gure Tradizinoak Hedatzea kategorian, BBKri emongo deutsagu Artetsu Saria, besteak beste, eurek barik ezinezkoak izango litzatekezalako herri honetan nekazaritzako zein artisautza azokak.

Sariak emoteko galea abenduaren 5an egingo da San Agustín kultur gunean, 19:30ean. Sariaren ikurra beirazko esku bat da, Bilboko Iger by Aker artisau-tailerreko Iker Sanzek egindakoa.


10.- Aurten de sarrerea kobrauko dozue, 1,30 euro, hain zuzen be...

Bai. Urtero kobretan dogu sarrerea eta jenteak ulertzen eta onartzen dauela uste dot. Hamasei urtera artekoek, barriz, ez dabe sarrerarik pagetan. Sinbolikoa baino ez bada be, Euskal Dendaren biziraupenarko beharrezkoa sa sarrerea kobretea. Feriak hiru diru-sarrera daukaz, batetik, BFAren diru-laguntzinoak, bestetik, artisauek eurek ipinten dabena; eta, azkenik, sarrerakaz ataraten doguna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu