'De repente… bertsoa!' jardunaldiak Arabako bertso-eskolen 30. urteurrenean
2012-11-19 14:34 BertsolaritzeaBasamortua txikitzen eta hezeguneak ugaritzen doaz gurean. Norbanako eta talde askoren lanari esker, Araba dagoeneko ez da basamortu bat euskerearentzat. Bertsolaritzea ur goxo eta ongarri izan da prozesu horretan eta holan izan beharko dau aurrerantzean be. Egindako bideaz hausnartu eta aurrera begira oinarri sendoak jarteko momentua heldu da eta De repente… bertsoa! jardunaldiak asmo horregaz datoz.
XX. menderako idortua zan noizbait euskerearentzako oihan izandako Araba ia osoa, bazan oasi txiki bat iparraldean, Aramaio eta legutio inguruan, urtegiaren ingurumarian, baina bertsolaritzearen arrasto txikirik be ez. 1982an, Gasteiz eta Aiaraldeko Bertso-eskolak sortu ziran, ikastolak, gaueskolak eta euskerearen aldeko hainbat ekimen legez lurra barriro loratzea amesten eben euskaltzale sutsuen ekimenez. Euskerea eta galdutako nortasuna berreskuratzea ez zan erronka makala. Orain 30 urte pasau diran honetan, basamortua txikitzen eta hezeguneak ugaritzen doaz gurean. Norbanako eta talde askoren lan itzelari esker, Araba dagoeneko ez da basamortu bat euskerearentzat.
Bertsolaritzea ur goxo eta ongarri izan da prozesu horretan eta holan izan beharko dau aurrerantzean be. Egindako bideaz hausnartu eta aurrera begira oinarri sendoak jarteko momentua heldu da eta De repente… bertsoa! jardunaldiak asmo horregaz datoz, hau da, bertsolaritzeak euskerearen normalkuntza prozesuari Araban emon deutsona eta emon leikionaren inguruko hausnarketea egitea, jakinda beste txoko askotan be antzeko prozesua bizi izan dabela, baina geureari beren-beregi begiratu nahirik; era berean, euskereagaz gozarazoteko eta euskal komunidadea trinkotzeko tresna legez bertsoak dauen balioaz hausnartzea; adituen laguntzaz 30 urte honeen balorazinoa egitea eta aurrera begirako ardatzak azpimarratzuz; eta adituen, euskalgintzearen eta alkartearen ikuspegia erkatu eta alkar osotzea, alkar igurtzia bultzatzea, sinergiak erabili eta alkarlanerako konpromiso barriak hartzeko.
De repente… bertsoa! jardunaldiak
- Zemendiaren 21ean, Gasteizen, Montehermoso kulturgunean, Bertso euskerearen normalkuntzan izenburupean.
18:00-18:15 Sarrerea. Manex Agirre.
18:15-19:00 Berbaldia. Bertsoa bide. Andoni Egaña.
19:00-19:45 Berbaldia. Erdalguneetako bertso-eskolak edo euskal dimentsiorako ate interestelarrak. Xabier Paya.
20:00-21:00 Mahai-ingurua: Andoni Egaña, Xabier Paia, Juan Mari Juaristi eta Oihane Perea. Moderatzailea: Manex Agirre.
Bertsolaritzea, bat-batekoa dalako edo adierazpide bizi eta dinamikoa dalako, beti saiatu da, berez edo eragileen bultzadaz, bizi dauen ingurunera egokitzen. Egokitzeko gaitasun hori izan da, hain zuzen be, bertso-mobimentuaren arrakastearen giltzarrietako bat.
Bertsolaritzea zuzenean dago hizkuntzeagaz (euskereagaz) lotuta. Euskereak, ostera, ez dauka osasun bera bizirik dagoan lurralde-eremu guztietan. Erdalgune deitzen dana da horren lekuko. Tartean, jakina, Araba.
Araban, bertsolaritzea eta euskerearen normalizazinoa eta sustapena eskutik helduta joan dirala esan daiteke. Orain 30 urte lehenengo bertso eskolak sortu ziranetik hautu garbia egin dau bertso-mobimentuak (eta Bertsozale Alkarteak): erdalgunera hurreratzeko, euskerearen eremu-zabaltzeagaz batera bertsoaren eremu-zabaltzea gauzatzeko. Horrek ekarri dau, garai batean apur bat lekuz kanpo (hizkuntza-ohituraz kanpo) egoan fenomeno bat gaur egun normaltasunez onartzea. Euskalgintzea eta bertso-eskolak erritmo berean, eskutik helduta joateak lortu dau hori; eta egin dau, era berean, Arabako bertsolaritzea berezi.
Egindakoari begira jarteak, hausnarketea, hainbat galdera sortzen deuskuz: Zer ekarri deutso bertsolaritzeak euskerearen normalizazinoari?; erdalguneko bertsolaritzeak ba al dauka bereizgarri propiorik?; zelan handitu bertsolaritzeak euskerearen normalizazinoari egindako ekarpena?; eta EBPNetan ze leku izan leike bertsolaritzeak?
Erantzunek etorkizunean jarraitu beharreko bidea zehaztu ahal izango dabe, duda barik.
- Zemendiaren 29an, Hizkuntza eta kultura komunidadea egituratzen izenburupean, Gasteizen, Goiuri jauregian
18:00-18:15 Sarrerea. Ruben Sanchez.
18:15-19:00 Berbaldia. Hiztun-hautuaren bideetan. Jon Sarasua.
19:00-19:45 Berbaldia. Lau oinak euskararen lurrean. Jon Maia.
20:00-21:00 Mahai-ingurua: Andoni Egaña, Xabier Paia, Juan Mari Juaristi eta Oihane Perea. Moderatzailea: Ruben Sanchez.
Bertsoa, bertsolaritzea, euskal kulturearen osogaietako bat da, euskal komunidadeak sortzen dauena eta gozetan dauena, alkarbanatzen dauena, transmitiduten dauena. Gizaki batek, kultur komunidade bateko kidea izanik, kultur horrek emoten deutsona jaso eta zabalduko dau, edo berarentzat erabiliko dau. Hau da bertsoa eta euskal kulturearen gainean era neutro batean emon daitekeen definizino aseptiko bat.
Euskal kulturea, barriz, berezia da. Polita dalako? Jakina, baina batez be gitxitua dagoalako. Bertso-eskolara hurreratzen diran gazteek -gazte ez diranek legez- gitxitua dan euskal kulturea ezagutuko dabe. Gazteei euskal kulturearen gainean dagoan hizkuntzeak/kultureak emongo deutse sozializazinoa, aisialdia, kirola, ezagutza... Egoera horren aurrean ikusten dogu bertso-eskolek eskaini deutsela gazte askori euskeraz biziteko aukera eta modu bat; Araba gehienean (eta Euskal Herri gehienean) beren etxean izan ez dabena, eskolan -irakasleagaz ez bada- topau ez dabena, kalean bizi ez dabena -gurasoren bategaz izan ezik-.
Zeozelan esatearren bertsoak emoten deusku euskeraz sortu edota gozetako aukerea eta bertso-eskoleak (eta bere bueltako ekimen horreek) komunidade bat, gustuko perla hori alkarbanatzeko, transmitiduteko, alkarregaz sentiduteko...
Euskereak ez dauka, gainean doguzan hizkuntzen aldean, hainbeste produktu eta bide gazteen atxikimendua lortzeko. Bertsoak erakutsi dau, -ez bakarrik bertsoak, jakina-, hori lortu daitekela: euskeraz bizi nahi dauenarentzat komunidade txiki bat.
Hausnarketarako galderak:
Hizkuntzearen jabekuntza hezkuntza arautuan emoten da Arabako bazter gehienetan, izan euskaltegietan edo ikastetxeetan, Bertso-mundua eta batez be Bertso-eskola izan daiteke gazte askorentzako erabilera sozialerako lehen pausua, sorkuntzeari erabat loturiko lehen euskalkultur komunidade txikia?; momentu honetan bertsolaritzea Arabako eskualde guztietan lantzen da hezkuntza arautuan, euskaldun masarik handiena, euskaldun potentzialak gazteak dira oraindino nagusiki, plazan ze mailatan igarten da hori?; bertsozale euskaldun barri masa handia dago gure herrialdean. Euskalduntze eta alfabetatze prozesuaren azken pausua, bertsoa (eta euskerazko sorkuntzea oro har) ulertzeko gai izan, gozau eta ondoren jarduteko gai izatea izan daiteke?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!