Idazle Presoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditue Donostian
2012-11-14 14:23 KultureaNazinoarteko PEN Klubak zemendiaren 15ean ospatuko dau Idazle Espetxeratuaren Nazinoarteko Eguna, hain zuzen be 31. aldiz. Gurean, barriz, Euskal PEN Klubak lehenengoz atondu ditu ekitaldiak, Donostian. Ataramiñe alkarteak eta Donostiako Udalak be parte hartu dabe.
Nazinoarteko PEN Klubak zemendiaren 15ean ospatuko dau Idazle Espetxeratuaren Nazinoarteko Eguna, hain zuzen be 31. aldiz. Gurean, barriz, Euskal PEN Klubak lehenengoz atondu ditu ekitaldiak, Donostian. Ataramiñe alkarteak eta Donostiako Udalak be parte hartu dabe antolaketan.
Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko kideak eta Ataramiñe alkarteko Oier Gonzalezek egueneko egitarauaren zehastasunak azaldu zituen prentsaurrekoan. Donostiako bulebarrean ziega bat ipiniko dabe arrastiko seiretatik aurrera, bertan, hainbat lagunek eurek aukeratutako testuak irakurriko ditue. Letrak Giltzapetik izeneko irakurraldian jardungo dabe, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Gorka Landaburu kazetaria, Eider Rodriguez idazlea eta Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria.
Horrezaz aparte, 19:30ean, Espetxeaz eta sorkuntzaz bi hitz izenburuko mahai-ingurua egingo dabe Udal Liburutegian, San Jeronimo kalean. Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko buru eta politikariak, Mitxel Sarasketa itzultzaile eta preso politiko izandakoak eta Fermin Munarriz kazetariak hartuko dabe parte. Urtzi Urrutikoetxea idazlea eta kazetaria izango dabe gidari.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ekimenaren aurkezpenean esan ebanez, Donostia aukeratua izan izana ohore bat da; Bartzelona, Tallin, Milan, Melbourne, Londres, Dublin, Lurmutur Uria, Oslo, Sydney, Mexiko eta beste hainbat urigaz batera gogoratuko dogu egun hau Donostian. Adierazpen askatasuna aldarrikatzea da Idazle Espetxeratuaren Nazinoarteko Egunaren helburu nagusia, izan be eskubide hori hainbat lekutan urratzen da gaur egun be.
Egin eta Egunkaria egunkarien itxierak gogoratu ditue, eta Euskal PENeko zuzendaritzako kide Teresa Todak bost urte beteko dituela laster kartzelan, Egin egunkariko zuzendaritzan egindako lanagaitik.
Urtero lez, Nazinoarteko PEN Klubeko Londresko bulegoko Idazle Espetxeratuen Batzordeak bost kasu aukeratu ditu, zapalkuntza moeta berezi baten erakusle diralako. Ondoko idazleak nabarmendu ditue aurten: Iraneko Shiva Nazar Ahari kazetari, idazle eta giza eskubideen aldeko ekintzaile espetxeratua; apirilean hil eben Regina Martinez barriemoile mexikarra; preso dagoan Muharrem Erbey giza eskubideen aldeko abogadu kurdua, idazlea eta Giza Eskubideen Alkarteko (IHD) lehendakariordea; Ericson Acosta poeta, kantari eta ekintzailea filipindarra epaiketa barik kartzelan dagoana; eta, Etiopiako Eskinder Nega kazetari eta blogari espetxeratua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!