Getxoko XI. Komiki Azokea zemendiaren 23tik 25era izango da aurten

Bizkaie! 2012-11-13 16:48   Kulturea

Oraingo honetan, besteak beste, Eddie Campbell eskoaziarraren mailako egileak izango doguz; nazinoarte mailan ezaguna da Campbell, Alan Moore-egaz From Hell komiki ezagunean egindako lankidetzeagaitik. Bere azken lana aurkeztuko dau Getxon: Mi libro sobre el dinero.

Getxon 60 stand baino gehiago topauko ditue bisitariek; han izango dira komikien establezimenduak, espezializautako liburu-dendak, aldizkariak, fanzinak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteagaz lotutako sektore guztiak. Arlo komertzialagaz batera, Komiki Azokeak jarduera-egitarau zabala izango dau eta, hiru jardunaldietan zehar, bineta munduaren zaleentzako ezinbesteko topagune bihurtuko da Getxo.

Ohikoa dan legez, artista entzutetsuak etorriko dira Getxora; artista horreek berbaldietan, aurkezpenetan eta, zelan ez, jenteak hainbeste itxaroten dituan sinadura-txandetan parte hartuko dabe; holan, zaleek egile gogokoenak aurrez aurre ezagutzeko aukerea izaten dabe. Oraingo honetan, besteak beste, Eddie Campbell eskoaziarraren mailako egileak izango doguz; nazinoarte mailan ezaguna da Campbell, Alan Moore-egaz From Hell komiki ezagunean egindako lankidetzeagaitik. Bere azken lana aurkeztuko dau Getxon: Mi libro sobre el dinero.

Miguelanxo Prado be etorriko da Getxora, Europa mailako autore espainiar ezagunenetako bat; laster aurkeztuko dau Ardalén bere lan berria. Horreekaz batera, Alfonso Zapicok parte hartuko dau, James Joyce idazlearen bizitzan oinarritutako Dublinés lanagaitik Komikiaren Sari Nazionala jaso barri dauen egilea. Aurrez sari hori bera jaso daben beste bi autore be izango dira gure artean: Max eta Santiago Valenzuela.

Konbidatuen zerrendea osotzen dabe, besteak beste, Mauro Entrialgo, Marika, Teresa Valero, Hernán Migoya, Albert Monteys, Manuel Bartual, Javier Pulido, Javier de Isusi eta beste askok.

Azokeak urtero komiki munduko profesionalei egiten deutsen omenaldi tradizionalaren protagonistak Europako komiki etxe garrantzitsuenetakoa dan Norma Editorial eta Ondarroako Komiki Jardunaldiak lako ekimenen bitartez bineta mundua sustatzen urteak daroazan Luterl Taldea izango dira.

Komiki erakusketarik be ez da faltako Getxoko hitzorduan; oraingo honetan, hainbat egileren lanari eskainitako erakusketez gozau ahal izango da. Esangura horretan, azokearen karpan, Ardalén bisitetako aukerea egongo da, Miguelanxo Pradoren eleberri grafiko barriari buruzkoa; baita Hazañas bélicas de ayer y hoy erakusketea be, 40ko eta 50eko hamarkadetan hain arrakastatsua izan zan eta orain gitxi Glénat argitaletxeak proiektu editorial barri bategaz berreskuratu dauen komiki sail mitikoa hurreratuko deuskuna.

TMEO umore grafikoko aldizkari gasteiztar ezagunaren 25 urteko ibilbideari eskainitako erakusketea be ikusi ahal izango da; baita Azokearen aurtengo kartelaren egilea izan dan Santiago Valenzuelaren erakusketea be. Raquel Alzateren La caja negra (Bizkaia Zubian), Iñaket-en Old Dibuix eta nuevos (Jai Alai Tabernan) eta Koldo Azpitarte eta Ángel Unzuetaren Reliquias (Glass kafetegian) erakusketek osotzen dabe zerrendea.

Horri guztiari argitaletxe eta egileen eskutik etorriko jakuzan barritasunen aurkezpenak gehitu behar deutsaguz, izan be, toki nabarmena dabe Azokan. Ekitaldi-aretoan egunero egongo diran berbaldiak eta mahai-inguruak be ezin ahaztu, ezta proiekzinoak be, horreetako asko ziklo interesgarrietan antolatutakoak. Multimedia, animazino, film labur, dokumental edo Anime lanak, publikoak komiki munduagaz lotutako askotariko lan zinematografikoez gozau ahal izango dau.

Azkenik, eta Azokea ospatzen dala eta, Zine-klubean Arrugas filma eskainiko dabe, Paco Roca egilearen izenburu bereko lanaren bersino zinematografikoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu