Tom Cruise guzurretan ibili zan Shanghain
2012-11-09 15:15 BidaideEthan Huntek ezinezko lanak besterik ez ditu onartzen, eta argi dago danei aurre egiteko kapaza dala. Baina Shanghain lartxu izan zan: 80 kilometro segundu gitxian egin zituan. Tom Cruiseren personaiak ez dauka naturaz gaindiko gaitasunik Mission: Impossible 3 pelikulan, behintzat ez jaku holakorik esaten. Orduan, zelan izan daiteke Pudong-eko etxe-orratz ikaragarrietatik Xitang-eko kale estu-estuetara arineketaldi berean pasetea?
Ethan Huntek ezinezko lanak besterik ez ditu onartzen, eta argi dago danei aurre egiteko kapaza dala. Baina Shanghain lartxu izan zan: 80 kilometro segundu gitxian egin zituan. Tom Cruiseren personaiak ez dauka naturaz gaindiko gaitasunik Mission: Impossible 3 pelikulan, behintzat ez jaku holakorik esaten. Orduan, zelan izan daiteke Pudong-eko etxe-orratz ikaragarrietatik Xitang-eko kale estu-estuetara arineketaldi berean pasetea? Eta larritu barik, ganera. Ez da harritzekoa, beraz, uriko makina bat publizidade karteletan Cruise izatea protagonista.
Edozein persona normalek Tom Cruisek baino denpora gehiatxuago behar dau herri batetik bestera joateko, izan be autobusean ordu eta erdiko biajea da. Halanda be, merezidu dau ezinezko ibilbidea egitea: etorkizuneko mundua menperatuko dauen Txinatik gure iruditerian dagoen antxinako lurraldera, neoizko argi distiratsuetatik desagertzen doan argitasun epelera, Mendebaldeko bizitza estilo bertikaletik bizimodu tradizional horizontalera.
Xitang ugarte baten antzekoa da, horregaitik ikus-entzunezko industriak sano gogoko dau. Tom Cruiseren antzera, beste hainbat izarrek egin dabe salto hango bederatzi erreketatik. Zhouzhuang eta Wuzhen-egaz batera, Xitang be Txinako urezko uri deitzen dabenetako bat da, izan be. Ekialdeko Zhejiang eskualdeko herri txiki honetan pelikula asko egin dira, baina batez be hamaikatxu telenobela historiko, txinatarrei hainbeste gustetan jakiezan horreetakoak. Bidarriak eta ondo jagondako etxeak sano egokiak dira Qing eta Ming dinastietako giroa azaltzeko. Eta bisitariak, bai bertokoak zein kanpokoak, eskertu egiten dau.
Baina, ladrilu grisezko eraikinek eta teilatu okertuek bizitasuna galdu dabe; egunez dendak eta salmentea dira nagusi, eta han herrialdeko beste edozein lekutan saltzen diranak topau daitekez. Eta turista taldeak be antzekoak dira han eta beste edozein tokitan; gidaria arrantzaka, megafono eta banderatxuagaz.
Horregaitik, hoba da iluntzera arte itxarotea, made in China gondola batera igon, eta kanalez kanal herria ezagutu. Orduan bizten da Xitangeko magia. Faroltxu gorriek eta etxeetako leihoetatik datozen argi horizkek emoten deutse magia. Jatetxeak martxan hasten dira, eta errekaraino ailegetan dira jentearen barre-zantzoak, zotzek zeramikan egiten daben zaratatxua eta telenobelen soinua. Errekondoetan bikote gazteak zirriak egiten dabiz, pelikularen bateko protagonista bihurtu guran. Oraindino, han dagoz turistak, baina megafonodun gidari barik daborduko. Bertoko familien ostatu txikietan lo egitea aukera polita da Xitangeko herritarren bizimodura hurreratzeko, baina akaso ez da erosoena.
Goizeko lehenengo orduak be momentu ona dira dira Xitang-eko paisajeaz nasai-nasai gozetako. Tintaz marraztutako koadroen antz handia dauka orduan herriak, XXI. mendeko Txinatik oso urrun gagozala begitantzen jaku. Orduan urteten dira benetako herritarrak kalera. Xitang-eko biztanle gehienek ostalaritza dabe lanbide. Asko uri barrira doaz beharreara; leku benetan motza da, Xitang-egaz zerikusirik ez daukana. Bitartean, langile publikoak lanean hasten dira, turista saldoak heltzen diranerako dana garbi-garbi egon daiten. Kanalak garbitzen ditue, eta indikainaberazko ginarrakaz kaleak distiratsu geratzen dira. Beharginak taldeka batzen dira armozetako, oraindino egunak ez dau argitu, eta tea edanez amaitzen dabe jatekoa. Baina izarrik egoteko ez dabe terik behar, nahikoa da Tom Cruiseren ezinezko lasterketakaz edo megafono zaratatsuekaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!