'Palosanto' Ion Macareno eta Fernando Mestreren erakusketea, Bilboko Batzar Nagusietan

Bizkaie! 2012-11-07 12:45   Kulturea

Ion Macareno eta Fernando Mestre EHUko Arte Eder Fakultadeko artistek Palosanto erakusketea edegiko dabe iluntzean Bilboko Batzar Nagusietako egoitzan. Zemendiaren 30era arte egongo da zabalik.

Ion Macareno eta Fernando Mestre EHUko Arte Eder Fakultadeko artistek Palosanto erakusketea edegiko dabe iluntzean Bilboko Batzar Nagusietako egoitzan. Bizkaiko legebatzarrak eta EHUk artista gazteak bultzatzeko lankidetza-proiektuaren emoitzea da ekimena. Usoa Fullaondo izan da erakusketearen koordinatzailea.

Macareno eta Mestre lagunak dira, biek ikasi dabe EHUn. Baina, bata besteren kritikoak be badira ikerlari honeek. Euron lanotan agiriko gairik bako bidaia proposatzen deuskue. Ion Macarenok bere burua eklektikoa dala dino, euskarri eta gaietan ugaritasuna darabilelako. Erakusketa honetan artearen mugak aztertu ditu, estilo zehatz barik. Sormen-lanak informazinoa ganezka dagoan sasoiotako isla dira. Egiten dituan akuarela eta eskulturen inspirazino iturria Internet da, tartean, Youtube, Goggleko irudiak eta blogak.

Fernando Mestrek, barriz, forma eta koloreak gurago ditu, narratibea bera baino. Grabaduaren teknikea erabili eta testuinguruz hornitzen dau, lan teorikoa abstrakzinoan eta ikus-anabasan sartzeko asmoz.

Ion Macareno (Bilbo, 1980) EHUko Arte Eder Fakultadeko lizentziaduna da, eta bertan egin Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra. Ordurako Psikologia ikasketak amaituta zituan, arlo horrek asko tiratzen deutso, eta bere lana ulertzeko ereaz oso loturik ikusten dau. Hainbat erakusketatan parte hartu dau, bakarka zein taldean. Fundación Bilbao Arte Fundazinoaren bekea izan eban 2011. urtean, artista egoiliar moduan; Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastikoei emoten deutsen laguntza be izan dau. Urte horretan bertan hasita, hartu-emon estua dauka Santanderreko Nuble Galeriagaz. Gaur egun bateratu egiten ditu bere artista lana eta EHUko Eskultura Saileko ikerlari lana. 2013. urtean lehengoz izango dau lana ikusgai Madrileko ARCO azokan.

Fernando Mestre be EHUko Arte Eder Fakultadeko lizentziaduna da. Grabatzaile prestakuntzea jaso eban Bahiako Unibersidadean eta Bahiako Arte Museoan. Daborduko hainbat erakusketa euki ditu, bakarka eta taldean, esaterako Bilbon, Gasteizen, Alacanten, Salvador de Bahian eta Rio de Janeiron. Gaur egun EHuko Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra egiten dabil.

Erakusketearen katalogoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu