Folka eta rocka Bizardunak taldearen 'Ur ederra kirats infinituan' disko barrian

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-11-06 14:53   Musikea

Folk akustikoari gitarrea eta rocka gehitu deutso Bizardunak banda nafarrak Ur ederra kirats infinituan (Baga Biga) disko barrian. Hitz zuzenak, mezu zuzenak, ditue hirugarren disko honetako hamabi abestiek, taldeak inguruan ikusten dauanaren lekuko.

Folk akustikoari gitarrea eta rocka gehitu deutso Bizardunak banda nafarrak Ur ederra kirats infinituan (Baga Biga) disko barrian. Hitz zuzenak, mezu zuzenak, ditue hirugarren disko honetako hamabi abestiek, taldeak inguruan ikusten dauanaren lekuko. Leku aproposean egin dabe, ganera, prentsaurrekoan, Bilboko The Dubliner´s pub irlandarrean.

Eszenatokian parrandazale eta desfasau itxurea euki arren, estudioan gogor lan egin dabe Bizardunak taldeko kideek. Asko landu dogu musikea. Musika benetan ona egiteko kapazak garela erakutsi nahi izan dogu. Hori zan helburua, eta oso pozik gagoz, azaldu dabe Jose Mari eta Aitor taldekideek. Etxean ordu asko behar egin ostean joan dira lokalera, autortu dabenez.

Euskal Herrian bizi eta ikusitakoak batu ditu abestietan, ingurukoa islatzen ahalegindu gara, sentsazinoak azaltzen. Ez dabe ezer salatzeko asmorik, ez da disko adarrikatzailea, gauzak zelan ulertzen doguzan, edo ez doguzan ulertzen da azken batean, nabarmendu dau Jose Marik.

Baikortasunasun gitxi topauko dogu Bizardunaken kantetan. Gizartea beti izan da kirats infinitua. Historia liburuetan jentea zelan bizi izan dan ikusten dogu, eta beti txarto. Gaur egun be holan da, ganeratu dabe.

Hamabi abestietatik bi bersinoak dira, Peggy Seeger musikariaren Omega mailua eta zeltiar tradizinotik hartutako Necrobestialismo. Aurreko lanetan lez, euskeraz eta gaztelaniaz kantau dabe.

Lehenengo lan bietan folk akustikoa nagusi izan bada be, oraingoan rockak pisua hartu dau kantetan. Taldea motibetako zeozer desbardina egin gura izan dabe: Erraza izan da, rock´n´rolla hartu eta folkagaz batu dogu. Musikalki diskorik desbardinena da.

Bizardunak taldea Iruñean sortu zan, 2009an. Urte berean eurek produzidutako Euskal Herriko oreoak singlea atara eben, eta handik gitxira Bizardunak (Brian´s Records) lehenengo diskoa. Bigarren lana, En Zugzwang, Gor etxeagaz kaleratu eben, 2010ean.

Abenduaren 1ean egingo dabe lehenengo aurkezpen kontzertua, Atarrabiako Gaztetxean. Ostean, Durangon, Azpeitin eta Bilbon joko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu