Shanghaik gero eta hurrago dauka zerua

Zigor Aldama 2012-10-31 12:50   Bidaide

Uriko etxe-orratz altuena amaitu barri, hasi dira altuagoa izango dan beste etxetzar baten eregitea. Eta, jakina, eraikin bakotxak ikustoki itzela dauka, bata bestea baino ikusgarriagoa. Txinako uriburu ekonomikoaren, munduko herrialderik populatueneko uririk populatuenaren ankertasuna handik goitik ikusten da argien.

Ez dago bakerik Shanghaiko zeruertza atrapetako. Uriko etxe-orratz altuena –beraz, herrialdeko garaiena bere bai- amaitu barri, hasi dira altuagoa izango dan beste etxetzar baten eregitea. Eta, jakina, eraikin bakotxak ikustoki itzela dauka, bata bestea baino ikusgarriagoa. Negozio polita da, inbersinoaren zati bat sikeran berreskuratzeko. Izan be, turistek maite dabe holango lekuetara igotea. Txinako uriburu ekonomikoaren, munduko herrialderik populatueneko uririk populatuenaren ankertasuna handik goitik ikusten da argien.

Baina, gaur egun etxe-orratz gehien daukan uri hone orain hiru bat hamarkadara arte skyline nahikoa laua eukan. Ekialdeko Perlea Torreak zerua 1994an ikutu eban lehenengoz. 468 metro ditu, antenearen puntaraino. Erabarritze ekonomikoen emoitzea igarten hasi zan sasoi haretan. Ikustokitik Pudong eremu ekonomiko barria zelakaida handi bat zan, oraintsu arte ortuz betetakoa. Zulotzeko makinek finantza gunearen oinarriak ipinten ebilzan. 2020an munduko gune garrantzitsuenetakoa izango da, hain zuzen be.

Bost urte behar izan zituen antzeko altuerako eraikina egiteko. Jin Mao etxe-orratza garaiagoa da, bai, baina ikuslekua 88. pisuan dagoanez, Ekialdeko Perleari metro bat bakarra irabazi eutson. Halanda be, ordurako ikuspegia nabarmen aldatuta egoan. Erraldoi barriaren azpian makina bat etxe-orratz jaio eta hazten egozan. Ikustokia 340 metrora dago, eta bisitariek 45 segundu besterik ez ditue behar ailegetako. Igogailuek 9,1 metro egiten ditue segunduan. Dana dala, Jin Maoren erreinaldia ez zan luzea izan.

Handik bederatzi urtera, Pekingo Olinpiar Jokoen sasoian, Shanghaik SWFC dalakoa amaitu eban. Harek eukan orduan munduko ikustokirik altuena, 100. pisuan. 474 metrora, zeruko pasagunea esaten deutse. Beira eta altzairuzko egiturearen goiko aldetik, megalopolia asfaltozko oihan amaibakoa begitantzen jaku. Han eta hemen, laino ilunak zulotzen dituen eraikin itzelak ikusten dira.

Baina beste urte bi besterik ez jakoz geratzen Txinako uririk aberatsenaren goia izateko. Izan be, handik hur, SWFC torrearen errekorra gaindituko dauan erakina hasi barri dabe. Shanghai Tower dalakoak 632 metro izango ditu amaitzen danean. Jakina, honek be bere begiratoki ikusgarria eukiko dau. Kontua da ordurako, akaso, kutsadurea dala-eta turistek ez dabela gauza handirik ikusiko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu