Claes Oldenburgen 1960ko hamarkadako lanak batu ditu Guggenheim museoak

Bizkaie! 2012-10-29 14:34   Kulturea

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada erakusketea aurkeztu barri dau Bilboko Guggenheim museoak. Claes Oldenburgen 1960ko hamarkadako lan goiztiar, barritzaile eta enblematikoak batu ditue erakusketak. 2013ko zezeilaren 17ra arte egongo da zabalik.

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada erakusketea aurkeztu barri dau Bilboko Guggenheim museoak. Claes Oldenburgen 1960ko hamarkadako lan goiztiar, barritzaile eta enblematikoak batu ditue erakusketak, estadu espainiarrean orain arte egindako handiena. 2013ko zezeilaren 17ra arte egongo da zabalik.

Vienako Museum moderner Kunst Ludwig Wien museoak eta Guggenheim Bilbao Museoak alkarregaz antolatu dabe erakusketea. Prentsaurrekoan, Claes Oldenburg artistea, Achim Hochdörfer komisarioa, Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria eta Rafael Pardo BBVA Fundazinoko burua izan dira.

Claes Oldenburgek (Stockholm, 1929) eguneroko objektuen irudikatze ironiko eta zorrotza eregi eban, AEBetako arte-eszenearen barriztatzea biztuteko beste. Halandaze, performance, instalazino-artearen eta Pop artearen artista nagusienetakoa izentau eben. Lan heterogeneoa dauka egile suediarrak. Coosje van Bruggenegaz eginiko konsumo-objektu itzelen proiektu handiek munduko uri askotan izan dira ikusgai, eta eragin handia euki dabe gune publikotarako sortutako artearen arloan.

Bilboko Guggenheimen Oldenburgeren 300 lan inguru batu ditue. Erakusketearen hasieran The Street (Kalea) dago, uri handi bateko bizimodu modernoaren irudikapenak, graffiti estilokoak, jasoten ditu; gero, The Store (Dendea) lana dator, bertan konsumo-gaiak agiri dira; eta, ostean, etxe moderno bateko ohiko objektuak daukaguz.

Oldenburgek hainbat uritako espazio publikotarako egindako lanen lehenengo diseinuei eskainitako atal bat be badauka erakusketeak, eta beste bat Mouse Museum ezagunari buruzkoa. Amaieran, artisteak egundo erakutsi bako edo gitxi-gitxitan erakutsitako lanak topauko doguz. Marrazkiek, argazkiek, pelikulek eta, batez be, zirriborroen koadernoek osotzen dabe hau atalau.

Erakusketako gune didaktikoek Claes Oldenburgen sorkuntza-prozesua ezagutarazoko dabe, batez be 980ko eta 1990ko hamarkadetan Coosje Van Bruggenekin batera egindako lan handietan. Proiektu horreetako bat Knife Ship (1985) da, laban suitzar erraldoia. Lana 1985eko irailean Venezian egin zan Il Corso del Coltello ikusgarriaren osagai nagusia zan. Ikusgarrian, besteak beste, Germano Celant komisario eta produktoreak, Claes Oldenburgek, Coosje van Bruggenek eta Frank Gehryk parte hartu eben.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu