Bueltan-bueltan… banator!

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-10-29 10:44   Bertsolaritzea

1991ko Urruzuno literatur lehiaketan itzelezko bertsoak topau dodaz poesiaren arloan. Nork eta Aitor Sarriegik 14 urtegaz egindakoak. Sei pospolinen espazioko abenturea kontetan deusku Aitorrek. Felix Baumgartner adoretsua bada, Aitorren pospolinak gitxiago ez dira, gero!

Bagilaren akaburantza eskribidu neban azkenengo artikulua. Honezkero hiru hilebete be pasau dira eta ez da patxadea, ze, azken baten, zuokaz alkartuteak mesede baino ez deust egiten. Itxaroten dot danok osasuntsu egon, krisiak bizimodua lar maluskau ez eta, zelan ez, bertsoetarako gogotsu egon zaitezela. Gaurtik atxina, nire artikuluak sarriagotan leidu ahal izango dozuez.

Astegoien honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saio bi euki dozuez: bata, zapatuan eta bestea, domekan. Lehenengoan, Mungiako Olalde Aretoan Fredi Paia izan zan lehenengoa. Bigarrenean, barriz, Sopelako frontoian puntu gehien Igor Elorzak pilatu zituan. Biak be hurrengo fasean kantauko dabe, eta datorren asteko Zornotzako saioaren ostean osotuko da finalerdietako behin betiko zerrendea. Badaezpadan eta enteretako tertzioa bada be, Bizkaie!-n daukazue astelehenero Bizkaiko nahiz Iparraldeko Bertsolari Txapelketetan zer pasau dan jakiteko oportunidadea.

Berbea bete ez egitea ez jatanez gustetan traustik be, beti-beti be bete ez arren, hementxe daukazue lekutan parau zan Hamarreko bertsoak (I)-aren bigarren partea. Bada, lekutan itxikotik, 2012ko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketatik hatan be, lekutara joango gara: 1991ko Urruzuno literatur lehiaketara. Bertan itzelezko bertsoak topau dodaz poesiaren arloan. Nork eta Aitor Sarriegik (Beasain, 1976) 14 urtegaz egindakoak. Sei pospolinen espazioko abenturea kontetan deusku Aitorrek. Felix Baumgartner adoretsua bada, Aitorren pospolinak gitxiago ez dira, gero! Hamarreko bertsoak:


Galeperrak espazioan

Espaziotik heldu zaizkigu
albiste erruz bitxiak,
'Mir¡' satelite espazialetik
martxo hontan iritsiak:
galeperkume-arraultze batzuk
zientzilariek utziak,
zortzitatik sei jaioak dira
bi soilik daude itxiak.

Inkubator IM aparailua
jarri zuten lehendabizi,
bere alboan arraultzeentzat
oilategi eta guzi.
Ikustekorik handitsuenak
guk ez ditugu ikusi:
galeperkume jaioberriak
espazioan ihesi!

Hamazazpi bat egun arraultze
barruan zituzten egin,
beraien gorputz guztia ongi
eta sendo osa zedin.
Pauso bat eman nahian sabaia
jotzean hartzen zuten min,
ez baitzieten esan pisua
ez dela sentitzen berdin.

Sobietarren espaziuntzia
ondo prestaturik dago,
galeperrentzat egina baita
goitik beheraino zeharo.
Gauza bat ziur esango dute
orain eta geroago:
'oilategian gara Estatu
Batuak baino gehiago'.

Baina halere aurkikuntzak du
berarekin desgrazia:
handik gutxira galdu baitzuten
haietatik lauk bizia.
Unibertsoa lutoz jantzi zen,
baita ere Errusia,
aurkikuntza bat hala galtzea
ez baitzuten merezia.

Geratutako bi galeperrek,
a zer momentu ilunak!
Espazioan galdu zituzten
lehendik zeuzkaten lagunak.
Etsipenetan pasa ondoren
hurrengo zazpi egunak,
Plutondik ere aditu omen
zituzten haien aiumak.

Aipatutako galeper haiek
ez zeuden bere senean,
handik gutxira hil ziren biak
airea falta zenean.
Epaimahai honi gauza bat esan
nahi nioke zuzenean:
egon minutu bat isilik han
hildakoen izenean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

bazkayE! 2012-10-30 00:50 Erantzuna | #1

EsnebitZZZZZZZ!!! aspaldiko partez!! jode hi, heure fan-klubean honezkero txaro pastean ibili gozak, tipo monazo-me-pika-la-vena, Bizkaien idazten segitako katxe lar guatu ez etoken pentsetan!!! (toma ongietorrrri!! KAR!KAR!KAR!! ezai pikau tio...hartik piroto moduen!! kR!KAR!KAR!!)
bo, lehenangoko beharra: konfesau in beha nok; egie esan, beti lez, nagikeri apur bet bai artikuloa leiduteko inbitaziño(TXAPAS!!)an aurrean... baie hi, \"...maluskau...\", \"...gaurtik atxina...\", \"...astegoien...\",\"...tertzioa...\" ta \"...traustik bez...\"-lango esakune ta berbakaz, atoan pasau jatak nagikeri hori! sano idazkera dotorea, hi!! benetan be!!
ta, aprte:Sarriegi hau zenango artistea! 14 urtegaz honango etorrie eukiteko, hau ixin behazoan/behok pertsonajea!!!

Gorka 2012-10-30 16:23 Erantzuna | #2

Aspaldiko harpa-jole (ez)ezaguna... mila esker!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu