Burrukalari antifaxisten omenezko 'Agurrik gabeak' ekitaldia Durangon

Bizkaie! 2012-10-26 10:45

Aurten, urriaren 26an, arratsaldeko 20:15ean, Durangoko San Agustin Kultur Gunean, izango da hitzordua. Egitarauan hiru atal nabarmentzen dira: batetik, agurra: aurreskua eta lore-eskaintzea; bestetik, Durangoko emakumeen kontrako errepresinoa berbaldia, Maria González Gorosarriren eskutik; azken buruan, Benita Uribarrena Bollain-en ekarpena askatasunari.

Durango 1936 Kultur Alkartea 2007an sortu zan Durangon eta Durangaldean gertatu zana ikertzeko, garai haretako agiriak topetako eta batzeko, eta orduan faxismoaren biktimak izan ziranak ezagutzeko, omentzeko eta aldarrikatzeko lanean dabil alkartea. Errepublikeagaz eta Euskadiko Gobernuagaz batera askatasuna, justizia eta Euskal Herriaren nazino-eskubideak defendidutearren euren bizia eskaini ebenen inguruko datu-basea osotzen dabil (hildako, desagertu eta ganerako errepresaliatuen inguruko datuak).

Aurten Agurrik gabeak ekitaldiaren 5. edizinoa ospatuko da. Faxismoaren kontra burrukan ibili ziranen inguruko datuak ezagutzen hasi garenean eta oroimena zaindu ebenen ekarpena baloretan hasi danean, emakumeen ekarpena aztertuko da. Aurreko edizinoetan errepresino faxistearen bestelako aldeei be erreparau jake: desagertuak, urteetan isilpean oroimena gorde dabenak, hobi komunak eta gazteek hartutako lekukoa.

Aurten, urriaren 26an, arratsaldeko 20:15ean, Durangoko San Agustin Kultur Gunean, izango da hitzordua. Egitarauan hiru atal nabarmentzen dira: batetik, agurra: aurreskua eta lore-eskaintzea; bestetik, Durangoko emakumeen kontrako errepresinoa berbaldia, Maria González Gorosarriren eskutik; azken buruan, Benita Uribarrena Bollain-en ekarpena askatasunari.

Omenaldian bertan, Benita Uribarrena Bollain durangarraren alabeak be parte hartuko dau. Durango 1936 Kultur Alkarteak orain urte bi topau eban Benita Uribarrena Bollain. Uribarrena ume moduan Frantziara eroan eben, faxistek Durango bonbardeau eta gero. Handik hiru urtera, ama eta ahiztakaz alkartzean, adin-nagusitasunagaz batera, Frantziako erresistentzia antifaxistan parte hartu eban. Uribarrenaren amak, Benita Bollainek, egunkarien kioskoa eukan Ezkurdin, Errepublika garaian. Halan da be, Durango 1936 Kultur Alkarteak Benita Uribarrena Bollain 2010ean Frantzian topau orduko, gaixorik egoan. Igaz hil zan eta aurten haren alabea Durangon izango da.

1936ko gerrearen barri emotean, emakumeak subjektu pasibotzat hartzen dira. Are gehiago, senar, aita edo seme gorririk zituelako emakumeak atxilotu eta fusilau egiten zituela esaten da. Halan da be, historiaren bersino horrek emakume horreen berezko konpromiso politikoa estaltzen dau. Izan be, 1936ko Estadu-kolpe faxistearen kontra mobilizautako emakumeek bi helburu politiko zituen: herriaren askatasuna eta emakumeen bardintasuna. Bigarren burruka horretan ez eben gizonezkoen alkartasunik izan. Era berean, gerrearen ondorioak emakumeentzat gizonezkoentzat baino larriagoak izan zirala esaten da, soldadu karlistek eta faxistek emakumeak bortxatu zituelako. Beraz, emakumeen biktima irudia finkatu da, baina soldadu horreek gizonak eta umeak be bortxatzen zituela ezkutatu da.

Maria González Gorosarri (Durango, 1978) kazetaria eta ikertzailea da. Zuzenbidean zein Kazetaritzan lizentziaduna, eta Komunikazinoan Doktore Europarra. No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburuan, emakumeen kontrako errepresino faxistea dokumentau eban. Bertan, Benita Uribarrena Bollain-en burrukea azaldu eban. González Gorosarri Durango 1936 Kultur Alkarteko kidea be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu