MUren Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak Aretxabaletako Campusa estreinau dau
2012-10-24 12:58Campus barriak Ikus-entzunezko Komunikazino Graduko 135 ikasle hartuko ditu, lau mailatan banaturik: lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27. Euskal Kulturgintzearen Transmisinoa aditu tituluko 20 ikasle inguru be bertan ikasten dabilz dagoeneko, eta graduondo gehiago be izango dira etorkizunean campus barriko geletan.
Mondragon Unibersidadeak Aretxabaletako Udalaren laguntzinoa izan dau azken bi urteotan landutako proiektua aurtengo ikasturtean gauzatzeko. Proiektu horretarako arrazoiak bi izan dira: alde batetik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak azken urteotan Hezkuntzako titulazinoetan izan dauen ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuna emotea; eta bestetik, Unibersidadearen sustraiak Gipuzkoan sendotuko dituan punta-puntako campus barria eregitea, Ikus-entzunezko Komunikazinoa ata graduondoak hartzeko.
Ikasturte honetatik aurrera, beraz, Mondragon Unibersidadearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak campus bi izango ditu: Aretxabaletako barria eta Eskoriatzakoa. Aretxabaletako Campusak Ikus-entzunezko Komunikazinoaren titulazinoa hartuko dau, espezialidade horretarako berariaz egokitutako instalazinoetan. Horrezaz gan, zenbait graduondo be bertan kokatuko dira –aurtengo ekitaldia abiatu barri dauen Euskal Kulturgintzearen Transmisinoa aditu titulua, Berbarako-. Eskoriatzako Campusak, barriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak emoten jarraituko dau. Orain arte, Ikus-entzunezko Komunikazinoa be Eskoriatzako Campusean emoten zan.
Campus barria egokitzeko lanek bi urte iraun dabe, industria-ondaretzat hartutako eraikin bat goitik behera zaharbarritzeko. Eraikina San Miguel Bedarreta auzoan, Tubos izeneko eremuan kokatuta dago, eta egokitzapen-lanek Aretxabaletako Udalaren laguntzinoa izan dabe. MUk 5 miloe euro inbertidu ditu obra honeetan. Eraikina industria-ondarea izateak guztiz baldintzatu ditu lanak: zurezko egitureari eutsi behar izan jako eta elementu barriakaz integrau da. Horren emoitzea eraikin moderno eta funtzionala da.
Erakina eta instalazioak
Eraikinak hiru pisu eta 2.700 metro koadro erabilgarri ditu. Campus barriak Ikus-entzunezko Komunikazino Graduko 135 ikasle hartuko ditu, lau mailatan banaturik: lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27. Euskal Kulturgintzearen Transmisinoa aditu tituluko 20 ikasle inguru be bertan ikasten dabilz dagoeneko, eta graduondo gehiago be izango dira etorkizunean campus barriko geletan.
Eraikinari jagokonez, beheko pisuan honako atalak dagoz: atondoa eta ikasleentzako zerbitzu orokorrak; areto nagusia, hainbat ekitaldi eta talde-lanetarako erabiliko dana; platoa, oraindino hornidu barik, baina paisaiak irudikatzen dituan croma sistemaz jantziko dana, eta hainbat eginkizunetarako balio izango dauena, besteak beste, Aktore Zuzendaritzarako; eta, azkenik, wifiz hornidutako ikasketa-gela handi bat dago pisu horretan.
Lehen pisuan, 40 ordenagailuz hornidutako infogela bat, ikasgela handi bat, neurri ertaineko beste hiru ikasgela eta hiru ikasgela txiki egokitu dira.
Bigarren eta azken pisuetan, komunikazinoaren teknologia barrien laborategia, irakasle-gela, irrati-estudioa, multimedia-tailerra, animazino-gela eta zortzi edizino-gela dagoz.
Titulazinoa eta lanbide-irteerak
Gradu horren helburu nagusia komunikazinoaren eta informazinoaren arloko balio anitzeko profesionalak trebatzea da, edozein komunikazino-arlotan lan egiteko gai izango diranak, batez be ikus-entzunezko eta multimedia-arloetan, eta inguruko beharrei erantzuteko gauza izango diranak. Profesional kritikoak, konprometituak eta arduratsuak sortzea dau helburu. Gradua honako ardatz honeen inguruan egituratzen da: sormena, ekimena, ekintzailetza, diziplina, gaitasun teknikoak, hainbat hizkuntzatan komuniketako gaitasuna (euskerea ardatz nagusia izanik) eta ikasleak ikuspegi globala izatea. Ikasketak proiektutan dagoz banatuta eta ikasleek, gitxienez, proiektu bat landu behar dabe lauhileko bakotxean.
Holan, lehen ikasturtean, aldizkari bat eta proiektu digital bat jarriko ditue abian; bigarrenean, hainbat plataformatarako informazino-saio bat egin behar dabe, ondoren publizidade kanpaina bat diseinau eta, gero, spota gauzatu; hirugarren ikasturtean, dokumental bat eta irrati-saio bat grabauko ditue ikasle guztien artean; eta azken ikasturtean, film labur film bat errodau eta telebista-programa bat preparauko dabe platoan. Horrezaz gan, ikasle guztiek praktikak egin behar ditue komunikazinoari lotutako enpresa batean, eta azken ikasturtean, Gradu Amaierako Lana landu eta defendidu.
Gradua amaitutakoan, ikasten jarraitu, lan-merkatura urten edo beren enpresa sortzea aukeratu leikie. Ikus-entzunezko Komunikazinoan graduatuaren profilak hainbat diziplina hartzen ditu: ikus-entzunezko produktorea eta kudeatzailea; Interneteko edukien erredaktorea, edukien diseinatzaile grafikoa eta kudeatzailea; ikus-entzunezko zuzendaria, gidoilaria eta errealizadorea; ikus-entzunezko produkzinoa eta postprodukzinoa (irudia, soinua, grafismoa…), eta ikus-entzunezko gaietan ikertzailea, irakaslea eta aditua.
Aliantzak
HUHEZI, era berean, Goiena eskualdeko komunikazino-taldeagaz proiektua lantzen dago Aretxabaletako Campusera begira. Multimedia-enpresa hori aitzindaria da Debagoienean eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskerazko tokiko telebistak bultzatzen eta ikus-entzunezko komunikazinoaren inguruko azken teknologiak erabilten. Taldeak HUHEZIgaz alkarlana jorratzeko arrazoia Mondragon Unibersidadeagaz sinergiak sortzea da. Holan, aukeraz betetako campusa sortuko da unibersidadearen eta enpresaren artean, eta ikasleei ikasketa praktikoagoak eskainiko jakez, kooperatibismoa bultzatzen daben eta euskerea hizkuntza nagusi daben erakunde bi horreen artean. Orain hiru urte hasi ziran alkarren arteko lankidetzea preparetan, eta, gerora begira, proiektu bateratuak jarri ahal izango ditue abian. Biek ala biek alkarguneak konpartiduko ditue, komunikazinoari lotutako jarduerak ipiniko ditue martxan multimedia-kazetariaren ikuspegitik, barrikuntza-proiektuak gauzatuko ditue eta ikasleek Goienako komunikabideetan egin ahal izango ditue praktikak: telebistan, prentsa idatzian eta Interneten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!