Iban Zalduak literaturea dau ardatz 'Idazten ari dela idazten duen idazlea' liburu barrian

Bizkaie! 2012-10-18 12:52   Kulturea

Iban Zaldua idazle donostiarrak 21 ipuin batu ditu Idazten ari dela idazten duen idazlea lanean. Literaturearen mundua dabe ardatz narrazinoek, idazleak, itzultzaileak, irakasleak, dendak, irakurleak, irakurle-klubak, sariketak eta kritikariak.

Iban Zaldua idazle donostiarrak 21 ipuin batu ditu Idazten ari dela idazten duen idazlea lanean. Literaturearen mundua dabe ardatz narrazinoek, idazleak, itzultzaileak, irakasleak, dendak, irakurleak, irakurle-klubak, sariketak eta kritikariak. Elkar etxeak argitaratu dau liburua

Egileak literaturearen ganeko gogoetak batu ditu ipuinotan, saiakera moduan barik, fikzinoa erabiliz. Euskal literaturea agiri da Zalduaren testuetan, baina batez be literaturea orokorrean. Literaturearen ikuspegi ugari jaso ditu, idazlearenaz aparte.

Ipuinetako asko labur-laburrak dira, eta beste batzuk luzetxuagoak. Teknika aldetik be anitza da Zalduaren liburua, narrazini batzuk errealistak dira, beste batzuk fantasiazkoak.

Iban Zalduak (Donostia, 1966) hainbat ipuin liburu argitaratu ditu: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Traizioak (Erein, 2001), La isla de los antropólogos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002), Itzalak (Erein, 2004), Etorkizuna (Alberdania, 2005, Euskadi Literatur Saria), Ipuinak -Antologia bat- (Erein, 2010) eta Biodiskografiak (Erein, 2011).

Nobela bi idatzi ditu, bata Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005), eta bestea, Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008). Euskal literaturearen inguruko Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) eta Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012) saioen egilea be bada. Volgako Batelariak web-aldizkariko erredakzino batzordeko kidea da, (http://www.eibar.org/blogak/volga), eta Gasteizko Irakurle Klubeko koordinatzailea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu