Euskadiko Orkestra Sinfonikoak beste arteei eskeiniko deutse aste honetako egitaraua

Dabi Piedra 2012-10-15 15:04   Musikea

Abonu denporaldiko bigarren kontzertuaren egitarauan, musikea ez eze, pintureari be lekua egingo deutsie. Esate baterako, eguaztenean Bilboko Euskalduna Jauregian izango dan emonaldian, Ignacio Diaz Olano margolari arabarraren Sonata koadroa ikusi ahal izango da, Bilboko Arte Eder Museoagaz egin daben akordioari esker.

Abonu denporaldiko bigarren kontzertuaren egitarauan, musikea ez eze, pintureari be lekua egingo deutsie. Esate baterako, eguaztenean Bilboko Euskalduna Jauregian izango dan emonaldian, Ignacio Diaz Olano margolari arabarraren Sonata koadroa ikusi ahal izango da, Bilboko Arte Eder Museoagaz egin daben akordioari esker. Joko dituen pieza musikaletako batek, Erakusketako koadroak izenburua dauka. Bestetik, Orkestra Sinfonikoaren 30. urteurrena ospatzeko, Peter Eotvos konpositoreak egitarau honetarako beren beregi egindako piezea be entzun ahal izango da.

Urriaren 15etik 19ra izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonuko bigarren emonaldia. Gaur bertan, Iruñeko Baluarte aretoan, bihar Gasteizko Principal Antzokian, eguaztenean Bilboko Euskaldunan eta eguenean eta barikuan Donostiako Kursaalean izango dira kontzertuak. Lehenik eta behin, Peter Eotvos konpositorearen The Glinding of the Eagle in the Skies konposizinoa joko dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Tesela proiektuaren barruan, aurten, abonuko emonaldi bakotxerako pieza barri bat sortzeko agintzen dau Orkestreak, 30. urteurrena ospatzeko. Oraingoan, Peter Eotvosek bete dau enkargua eta Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak azpimarratu dauenez, pieza barri hau Zuberoako kanta tradizional baten oinarrituta dago.

George Gershwin-en piano eta orkestrarako konposizinoa joko dabe Eotvos-en piezearen ostean eta, egitaraua zarratzeko, Modest Mussorgsky eta Maurice Ravelek egindako Erakusketa bateko koadroak entzun ahal izango da. Beste arteakaz, pintureagaz batez be, loturea daukan konposizinoa da eta, beraz, aproposa da emonaldi honetarako, nabarmendu dau Alberdik. Izan be, musikeagaz batera, arte erakusketa txikiak ipiniko ditue antzokietan, kontzertura doazen entzuleek bestelako arte adierazpideakaz be disfrutau deien. Uri bakotxean artelan bat ipiniko dabe, Nafarroako Oteiza museoagaz, Gasteizko Artiumegaz, Bilboko Arte Eder Museoagaz eta Donostiako San Telmo museoagaz egindako hitzarmenari esker. Andres Orozco-Estrada zuzendari titularrak gidatuko dau orkestrea oraingoan be.

Bilbon, Euskalduna Jauregian, eguaztenean, urriak 17, izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren saioa. Egun horretan, Arte Eder Museoak itxitako Sonata koadroa ikusi ahal izango da. Ignacio Diaz Olanoren margolana da, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran garrantzia handiko artistea izan zan, azaldu dau Javier Viar museoko zuzendariak, Gasteizen jaiotako pintoreari buruz. Iñigo Alberdik ganeratu dauenez, Maurice Ravelen eta Mussorgskyren pieza musikalagaz lotura estua dauka 'Sonata' koadroak, sasoi beretsukoak diralako eta, ganera, Ravel eta Diaz Olano urte berean hil ziran, 1937an. Orkestrearen entzuleek koadroak ikusi ahal izatea barritasuna da, duda barik. Halandabe, Alberdik ondokoa adierazo dau, musikea eta beste arteak betidanik egon dira lotuta, Arte Eder Museoari esker, arteen artean ez da mugarik egongo eta hori eskertzekoa da. Aste honetakoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bigarren emonaldia da, aurtengo abonu denporaldikoa. Danetara, hamaika emonaldi izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu